Iruñeko garabiek ez dute greba egingo sanferminetan

Sindikatuek lan hitzarmena berritzeko akordioa lortu dute zerbitzua ematen duen enpresarekin, eta bertan behera utzi dituzte lanuzteak.

Trafikoa Iruñean, Armada Etorbidean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Trafikoa Iruñean, Armada Etorbidean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko ekainaren 20a
12:30
Entzun

Iruñeko Udaleko garabi gidariek eta ordainpeko aparkamenduko begiraleek —eremu urdina— akordio bat lortu dute zerbitzua ematen duen Dornier enpresarekin, lan hitzarmena berritzeko. Lau sindikatuek (UGT, LAB, ELA eta CCOO) sinatu dute aurreakordioa, eta, horrenbestez, bertan behera utzi dute ekainaren 27tik uztailaren 7ra bitarterako deituta zeukaten greba. Azken bi egunek sanferminen hasierarekin egiten zuten bat.

Negoziazioak urtarrilean hasi ziren, baina baldintzatuta zeuden, udalak aurten berritu behar baitzuen garabi zerbitzuaren eta eremu urdinaren kudeaketaren lehiaketa publikoa. Horretarako, baina, udalaren iritziz, «ezinbestekoa» zen lan hitzarmena berrituta egotea, jakiteko hura aplikatuta zer premia sortuko ziren soldatei dagokienez eta lizitazioaren zenbatekoa egokitzeko. Halaber, zehaztu zuen Dornier ez den enpresa batek lehiaketa irabaziko balu berrehun langileek subrogazio eskubidea bermatuta izango zutela.

Garabi gidariek eta eremu urdineko begiraleek ekainaren 27tik uztailaren 7ra bitarterako deitu zuten grebara. Azken bi egunek sanferminen hasierarekin egiten zuten bat.

Sindikatuek azaldu dutenez, hiru urterako lan hitzarmena sinatu dute, eta hauek dira adosturiko soldata igoerak: %4koa 2024rako (irailaren 1ean sartuko da indarrean); %3koa 2025erako; eta %3koa 2026rako. Hiru urte horietako KPIa %12a baino handiagoa balitz, haren araberako soldata eguneraketak egingo dituzte hurrengo lan hitzarmenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.