Bizkaiko Gizarte Segurantzak Raquel M.E. izeneko 88 urteko emakumeari erabateko ezgaitasuna aitortu dio Barakaldoko enpresa batean amiantoarekin lanean aritzeagatik sortu zaion asbestosi gaitzagatik. Jesus Uzkudunek (Donostia, 1949) lagundu dio emakume horri aitortza eskatzeko prozesuan. Asviamie amiantoaren Euskadiko biktimen elkarteko kidea da, eta asbestosiak kaltetua ere bai, amiantoarekin kontaktuan lan egiteagatik.
Bizkaiko Gizarte Segurantzak zer ondorioztatu du, amiantoarekin harremanetan egoteagatik eta segurtasun neurririk gabe aritzeagatik gaixotu zela Raquel?
Raquelek istripu bat izan zuen kalean; aldaka apurtu zuen, eta, ospitalera joan zenean, ikusi zuten beste arazo bat ere bazuela. Berak ez zekien asbestosia zuenik, eta bertan esan zioten. San Eloy ospitalean [Barakaldo] izan zuten jokabide hori oso baliagarria da, askotan beste aldera begiratzen dute eta. Horren ondoren, neronek lagundu nion Raqueli tramiteak egiten, eta aitortu diote lan gaixotasuna dela.
Zer ondorio izan du aitortzak?
Horri esker, lehen kobratzen zuen 400 euroko pentsioa 1.200 eurokoa bilakatu zaio. Ondorioztatu dute duela 50 urte baino gehiago amiantoarekin jardun zuela eta handik datorkiola gaixotasuna. Viuda de Francisco Montero, Montero eta Fibras y Elastomeros, izen desberdinak izan ditu enpresa honek, Barakaldon. Beti amiantoarekin jardun da, eta azken urteetan, nahiz eta jende asko gaixotu eta hil amiantoak eragindako gaitzarekin, ez da posible izan aurrera egitea inongo epaitegitan kalte ordainak eskatuta.
Zer dela eta?
Ikuskariak esaten zuelako enpresak prebentzio eta segurtasun legeak betetzen zituela. Aurten bi kasu eraman ditut nik. Bata, Kepa Madariagarena. 16 urterekin Montero enpresan bertan jardun zen, bulegoan. Bulegotik tailerrera jaisten zen enkargu batzuk egitera. 2018an sortu zitzaion pleurako minbizia. Esan nionean enpresa hartan amiantoarekin harremanetan egon zela, ezustea izan zuen. Lortu dugu lehen aldiz enpresari segurtasun neurriak ez erabiltzeagatik errekarguzko prestazioa ezartzea. Horri esker, bera bizi den bitarteko pentsioa %30 igo diote. Eta emazteari beste horrenbeste egingo diote alargun geratzen bada; enpresak berak ordaindu behar du. Raquelen auzian, oso proba baliagarria den argazki bat dago. Osalaneko teknikaria eta ikuskaria bera harritu egin ziren argazkia ikusita. Raquel ageri da enpresaren aurrean, inongo babesik gabe, amianto biribilki batzuk buruan dituela.
Beraz, kasu horretan ez da egon zalantzarik.
Ez dago zalantzarik, ez. Apurtu egin dugu enpresa horrekin zegoen hesi bat. Ez zegoen inork kalte ordainik eskatzeko aukerarik. Orain, bai. Eta eskatzera goaz.
Raquelena kasu bakan gisa geratuko da, ala atea zabalduko die enpresa horretan lanean aritu eta gaixotu direnei?
Kasuak azken bost urteetakoak badira edo erresoluzioren bat ez baldin badago, aukera dute, baina hortik atzeragokoek ez, epeak pasatu direlako. Orain sortzen diren gaixotasunen kasuetan bakarrik dute aukera.
Enpresak esaten zuen eurek segurtasun neurriak betetzen zituztela. Raquelek gordea zuen argazkiak hori ezeztatzen al du?
Hala da. 1947an, emakume honek daukan asbestosia aitortuta zegoen. Bestalde, 1957an indarrean sartu zen lege batek esaten zuen 18 urtetik beherako gizonek eta 21 urtetik beherako emakumeek ezin zutela lan egin amiantoarekin. Kepa Madariagaren kasuan debekatuta zegoen 18 urtetik beherako mutil bat amiantoarekin ibiltzea. Eta, Raquelen kasuan, lege hau atera zenean, bazituen 21 urte, baina oraindik oso emakume gazteak zeuden lanean.
Garai hartan enpresek bazekiten amiantoarekin lan egiteak arriskuak ekar zitzakeela?
1947an aitortuta zegoen asbestosia. Ordurako bazekiten. Francok 1940an onartu zuen segurtasun eta higiene araudia. Haren arabera, laneko aireak erabat garbia izan behar zuen, arriskurik gabea. Eta zer neurri hartu behar ziren ezartzen zuen: ezin zen eskuekin lurra garbitu, maskarak erabili behar zituzten… Emakume hau laneko arropekin joaten zen etxera, zapia buruan, bekainak hautsez beteta; etxera eramaten zuen amiantoa. Eta ordurako bazeuden legeok.
Langileei jakinarazten al zieten zer arrisku zuten?
Ezer ez. Raquelek duen argazkiak erakusten du ez zekitela inongo arriskurekin ari zirenik. Zuri esaten badizute produktu arriskutsu batekin ari zarela, ez zara azalduko produktu hori burutik behera jarrita argazki batean, ezta?
Zer baldintza zehatzetan egiten zuen lan Raquelek?
Irule lanetan ari ziren, amianto zuntzekin sokak, mantak, zintak eta antzekoak egiten. Hautsa, kristorena. Inongo informaziorik gabe. Zuri-zuri eginda ateratzen ziren lanetik.
Bada jakiterik Bizkaian zenbat langile dauden gaixorik amiantoaren ondorioz?
Osalanek zerrenda bat darama. Bizkaian 6.110 zeuden joan den urtearen bukaeran.
Amiantoarekin gaixotutakoak dira horiek, ala harekin kontaktuan egondakoak?
Kontaktuan egondakoak. Horietako batzuk, 253, hildakoak. Gaur egun amiantoarekin lanean ari ez direnak 2.876 dira, eta amiantoarekin ari direnak, 1.330.
Egun amiantoarekin kontaktuan lan egiten duenik bada, ala?
Eusko Jaurlaritzak dio amiantoa erretiratu behar dela. Edozein igeltsero enpresa txikik amiantoa topatzen du obretan. Eurek kentzen dute, baina baimena behar da. Hori eskandalu hutsa da. Euskal Herrian 2.000 langiletik gora ari dira amiantoarekin kontaktuan egun. Ez egunero, puntualki ariko dira, baina arriskuan daude.