Sunsundeguiren inbertitzailearen bila «azkenera arte» jarraituko du Irujok

Nafarroako Gobernuko Industria kontseilariak azaldu du enpresak «hamar aukera baino gehiago» aztertu dituela baina bat bera ez dela gauzatu oraingoz.

MIkel Irujo Industria kontseilaria, Iruñean, gaur goizean, beste aurkezpen batean.
MIkel Irujo Industria kontseilaria, Iruñean, gaur goizean, beste aurkezpen batean.
joxerra senar
2024ko azaroaren 6a
16:55
Entzun

«Ez dugu amore emango». Sunsundeguiren egoera zailari buruzko azalpenak eman ditu Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Industria kontseilariak. Irujok azpimarratu du Sodena sozietate publikoak eta enpresako administrazio kontseiluak «ahal duten guztia» egin dutela, eta «azkenera arte» borroka egiten jarraituko duela inbertitzaile baten bila. Azken hilabeteetan «hamar aukera baino gehiago» aztertu dituzte, baina bat bera ere ez da gauzatu oraingoz.

Urriaren hasieran eskatu zuen agerraldia Irujok, «zenbait gauza gertatuko zirelako». Azkenik, Sunsundeguik merkataritza auzitegian hartzekodunen konkurtsoa eskatu duen egunean egokitu zaio hitz egitea. Abenduaren 15ean amaitzen zen konkurtso aurreko egoera amaitzeko epea, baina hilabete pasa lehenago etorri da erabakia. UPNk zergatiaz galdetu dio: «Azalpena erraza da. Ez dago altxortegirik ordainketei aurre egiteko», erantzun du.

Kontseilariak gogora ekarri du azken urteetan Sunsundeguik sektore publikoaren eta pribatuaren babes zabala izan duela, 40 milioi euro jarri baitituzte. «Erakunde guztiok babestu dugu Sunsundegui, etorkizuneko apustua zelako». Iazko urrian Volvo Busekin izenpetutako kontratuak eta multinazional suediarrak gaurdaino 6,9 milioi euro aurreratu izanak erakusten du apustuaren tamaina.

Alta, Irujok onartu du arriskuak «harlauza handia» izan direla. KPMG aholkularitza etxeak proiektuaren bideragarritasunari buruz abuztuan egindako azken txostenaren arabera, uste zuten 2025ean errentagarritasuna lor zezakeela. Horrek eskatzen zuen egunean bi autobus ekoiztea, baina ezin izan du hori lortu. «Produkzioan izandako edozein arazok altxortegiko beharrak eskatzen ditu». Aipatu du ondarea desorekatuta dagoela egun, urte luzez pilatutako galeren ondorioz.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.