IRPH hipotekek «argiak» izan behar dutela ebatzi dute
LUXENBURGO. IRPH indizea duten hipoteken auzian beste epai bat kaleratu du Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak. Aurretik ebatzia du Espainiako Estatuko epaileek kasuan-kasuan aztertu behar dituztela salaketak. Epai horrekin, Luxenburgok atea itxi zion indize hori indargabetzeko asmoari, kontsumitzaileen elkarteek eskatu zuten moduan. Orain, beste ebazpen batean, jarraibide batzuk ematen dizkie epaileei, hipoteka horiek kontratatzean bankuen aldetik abusua egon zen ala ez ebazteko. Luxenburgok gogoratu du Espainiako Bankuak 1994an argitaratu zuen zirkular batek esaten duela IRPH indizeari diferentzial negatibo bat ezarri behar zaiola merkatuko gainerako indizeekin —Euriborrarekin, adibidez— berdindu ahal izateko. Auzitegiak dio bezeroek indize horren kalkuluari buruzko «informazio argia» izan behar dutela abusua egon ez dadin. Kalkulatzen da Hego Euskal Herrian 40.000 kaltetu inguru daudela IRPHarengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu