Irizarreko greba bertan behera utzi dute, ituna adostu ostean

Langile batzordeak egindako bost eskaerak sartuko dituzte hitzarmenean, eta soldata igoera izango dute

2022ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
ADUNA. 22 egunez produkzioa etenda egon ondoren, Irizar E-mobilityko langile batzordeak eta zuzendaritzak enpresako lan itun berria sinatu zuten atzo; ondorioz, langileek greba mugagabea bertan behera utziko dute, eta lanera itzuliko dira gaur.

Batzordeak —zortzi ordezkari ditu LABek, eta bakarra du ELAk— ohar batean azaldu duenez, akordioak «nabarmen hobetzen» ditu lan baldintzak. Langileek bost eskaera egin zituzten, eta ohartarazi zuten denak betetzen ez baziren ez zutela greba amaituko. Eskaera horiekin lotuta honako hau adostu dute, ELAk ohar batean zabaldu duenez: gaueko plusetan hobekuntzak; irteera eta dietetan hobekuntzak; eguneko eta urteko lan orduetan murrizketak; eta kategorietan hobekuntzak. Horrez gain, KPIaz gaindiko soldata igoerak adostu dituzte itunak iraungo duen urteetarako (2022-2023-2024). Duela bost urte sortu zen enpresa, eta hirurehun langile ditu, gehienak soldatapekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.