Irizarrek 580 milioi eurora igo du fakturazioa, Mexiko eta Ormaiztegiri esker

Giltzarria izan da produktu propioa hazteko estrategia sendotu izana. Maiatzean, autobus elektrikoak ekoizteko lantegia irekiko du Adunan

Irizarren i2e autobus elektrikoa, Ormaiztegiko lantegian (Gipuzkoa), 2014an. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Irune Lasa.
2017ko otsailaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hazten jarraitzen du Irizarrek, eta hori erakusten dute taldearen 2016ko emaitzek, iazko urtea 580 milioi euroko fakturazioarekin itxi baitu. Kooperatibaren arabera, hazkunde horren zati handiena, batik bat, Ormaiztegiko eta Mexikoko lantegietatik etorri da. Fakturazio osoaren erdia, hots, 290 milioi euro, Ormaiztegiko Irizarrena izan da, besteak beste, bertan egindako produktuen balio erantsiaren igoerari esker.

Goierriko lantegian, hain zuzen, produktu propioen hazkunderako estrategia sendotu izana giltzarria izan dela dio konpainiak. Ildo horretan, autobus integralek dagoeneko Ormaiztegiko autobus ekoizpenaren laurdena hartzen dute. Horretan lagundu du hiriarteko autobusen Espainiako merkatua berriz ere hazi izanak, oraingoan «kopuru historikoetaraino». Iazkoarekin, jada hiru urtez izan ditu hazkuntzak merkatu horrek, aurreko bost urteetan —krisiaren urte gogorrenetan— izan zituen zenbaki negatiboak atzean utzita.

Mexikon ere lehen autobus integralak entregatzen hasia da Ormaiztegiko kooperatiba. Eta negozio lerro horretarako Mexikon dituen aurreikuspenak «ezin hobeak dira, 2017rako eskaera zorroan oinarrituta».

Ormaiztegiko lantegiak fakturazioaren erdia hartzen badu, beste %30 inguru atzerriko lantegietatik etorri da, eta gainerako %20, taldearen beste enpresetatik. Atzerriko lantegietan, kooperatibak aitortu du Brasilek «krisi sakonean murgilduta» jarraitzen duela, eta hori zuzenean nabaritu dute hango emaitzetan.

1.000 autobus

Mexikon, aldiz, marka historikoarekin itxi dute 2016a, 1.000 autobus ekoitzi baitituzte. «Mexiko, berriz ere, munduko merkaturik handiena da Irizar taldearentzat», azaldu du kooperatibak.

Konpainiaren produktu gaman maila gorena duen Irizar i8 autobusak herrialde horretan onarpen eta eskaera handia izan du, eta, hura fabrikatzen hastearekin, salmenten bolumenak jauzi handia eman du Mexikon.

Marokon ere, ekoizpen marka hautsi dute iaz. Herrialdeko luxuzko autobus merkatuari emandako erantzunak zerikusia izan du horretan, eta, era berean, Afrika iparraldeko lantegia Ormaiztegikoarekin batera lanean aritzeak, Europako merkatuetarako Century modeloa ekoizten.

Produktuen inguruan ere, berritasunik izan du iazko urteak Irizarren. Esaterako, iaz merkaturatu zuen lehen aldiz i6 autobusaren hurrengo belaunaldia, Irizar i6S modeloa. Azken horren teknologia eta itxura estetikoak i8ak zabaldutako bideari jarraitzen dio. Kooperatibaren ustez, i6 autobusa «Espainiako eta Europako merkatuetan erreferentzia izatera deituta dago, merkatu horien beharretara egokitutako berezitasunak dituelako». Bestalde, bigarren klaseko autobus hibridoen sailean, i4 eta i3 autobusak ere merkaturatu ditu Irizarrek.

Adunan Irizar Emobility lantegia sortzea ere ekarri du 2016. urteak. Ekoizpen planta bukatzear dute, eta maiatzean jarriko dute martxan, autobus elektrikoak ekoizteko.

2017ari begira, itxaropentsu daude Irizarren. Autobus integraletan hazkundea aurreikusten du. Ormaiztegiko ekoizpenaren %30 hartuko dute, eta Mexikokoaren %10. Aurten produktu gama garatzen jarraitu nahi du: «Unitate berrien prototipoez gain, dagoeneko fabrikatutakoen aurre serieak egingo dira». Baita i2e serieko 18 eta 12 metroko autobusak ere. 2018rako lan gehiago ere sartu zaio orain gutxi: 18 autobus elektriko Baionako hiriguneko bi lineetarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.