Koronabirusa

Iritsi da bizitzeko gutxieneko diru sarrera, muturreko pobrezia murrizteko

Espainiako Gobernuak diru saria onartu du, eta ekainean bertan hasiko da ordaintzen. Hegoaldean, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kudeatuko dute

Iritsi da bizitzeko gutxieneko diru sarrera, muturreko pobrezia murrizteko.
Irune Lasa.
2020ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Azkenean. Muturreko pobrezian dauden herritarrentzat gutxieneko errenta bat izango du Espainiak. PSOE eta Unidas Podemosen koalizio gobernuak atzo onartu zuen bizitzeko gutxieneko diru sarrera, zeinak 850.000 familiari lagunduko dien, gutxieneko 461 euroko diru sari bat bermatuz. Muturreko pobrezian dauden bost familiatik lau laguntzera iritsi nahi du egiturazko laguntza berriak, eta guraso bakarra duten eta egoera zaurgarrian dauden familien %90.

Irakurri gehiago: Eskubide bera; baldintzak, ez

Laneko diru sarrerekin eta gainerako laguntzekin bateragarria izango da errenta berria —ikasketa beka eta abarrekin—. Hura oinarri, erkidegoek diru sarrera berri hori beste kopuru bat gehituta osatu ahal izango dute, gaur egun dituzten gutxieneko errentekin edo hemendik aurrera sortutako beste batzuekin.

Laguntza berriak 3.000 milioi euroko inbertsioa eskatuko du, zeinak Espainian Gizarte Segurantzak kudeatuko dituen, eta Hego Euskal Herrian, berriz, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Kudeaketaren transferentzia aste honetan hitzartu du EAJk Espainiako Gobernuarekin, eta datorren urriaren amaierarako egon beharko da itxita.

Gizarte Segurantzako ministroak, Jose Luis Escrivak, transferentziaren egokitasunaren arrazoiak eman zituen atzo. «Errentaren eta ondarean datuen kontrastea oso inportantea da kudeaketarako. Foru erkidegoekin ondorioztatu dugu errazena laguntza eurek kudeatzea dela, eta haiekin lanean ari gara». Izan dira beste erkidego batzuk Espainiako Gobernuari errentaren kudeaketa euren esku uzteko eskatu dutenak, tartean Valentziako presidenteordea, Monica Oltra; eskaria euskaraz ere egin zuen. Escrivak argitu zuen 2021etik aurrera izango dela aukera erkidegoekin hitzarmenak egiteko, eta lehentasuna ahalik eta jende gehienera iristea izan dela.

Jaurlaritza, pozik

Errenta berria «albiste ona» da, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburuarentzat. «Negoziazioa luzea, zaila,diskretua eta leiala» izan dela azaldu zuen, eta, zenbatekoetan baino gehiago, Jaurlaritzak hiru gauza lortzen jarri duela indarra: laguntza berriaren eta «eta ondo funtzionatzen duen» DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren arteko bateragarritasuna, osagarritasuna eta leihatila bakarra. Espainiak jarri eta Jaurlaritzak aurrez dezakeen diruaz, Artolazabalek iradoki du Espainiako laguntza berriak tokia uzten duela DSBEaren orain arteko eragina zabaltzeko.

Amaitu den legegintzaldian ez da lortu diru sarrera bermatzeko errenta garai eta behar berrietarako egokitzeko akordiorik. Uztailaren 12ko hauteskundeetatik eratuko den gobernu berriak eta Eusko Legebiltzarrak egitekoen zerrendan izango dute erreforma.

ELAk eskatu dio Lanbideri langile gehiago kontratatzeko, errenta berria kudeatzeak «gainezka» dauden langileei lan gehiago emango dielako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.