Orbeak 175 urte. Jon Fernandez. Orbeako zuzendari nagusia

«Irauteko gaitasuna izan da Orbearen indargune nagusia»

'Berritu beharra'. Hori da Fernandezek behin eta berriz darabilen ideia. Orbean industria ereduaren inguruan hausnartuko dute aurki. Txinako planta itxi berri, Mallabiko eta Portugalgo lantegiak indartu nahi ditu.

ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Arnaitz Lasarte.
Mallabia
2015eko urriaren 4a
00:00
Entzun
Jon Fernandez Orbea kooperatibako zuzendari nagusia (Barakaldo, Bizkaia, 1961) ziur dago 175 urte barru ere martxan egongo dela Orbea: «Agian ez ditugu bizikletak egingo eta beste sektoreren batean egingo dugu lan, baina ziur kirolari lotuta egongo garela». Fernandezek azaldu duenez, une gozoan dago Mallabiko kooperatiba, baina ezin du lo gelditu. «Etengabe eguneratzen ez bazara, berehala botatzen zaituzte trenetik. Adi begiratu behar diegu mugimendu guztiei».

1840. urtetik etengabeko eraldatzea izan du Orbeak. Baina sorrera hartatik zein ezaugarriri eusten diola esango zenuke?

Bizirik irauteko gaitasunari, adibidez. 175 urteko ibilbidea oso luzea da, baina badaude ezaugarri batzuk enpresak berarekin daramatzanak. Behin eta berriz, gai izan gara unean uneko erabakiak hartu, berrasmatzeko. Arma txikiak egiten aritu ginen lehen hamarkadetan, bizikletak egiteari ekin genion gero. Enpresak kiebra jo zuenean kooperatiba sortu genuen 1969an, merkatua zabaltzea beharrezkoa zenean merkatu berrien bila jo genuen... Irauteko gaitasuna izan da Orbearen indargune nagusia. Gure markak kiroltasunez onartzen du galdu edo irabazi egin daitekeela. Irabazteko borrokatzen dugu, baina belaunikatzea egokituz gero, hurrengo minutuan bertan nola zutitu pentsatzen hasten gara.

Gaur egun zer da Orbea?

Bereziki Europako eta AEBetako merkatuetan lan egiten duen enpresa bat da eta 250.000 bizikleta inguru ekoizten ditu urtean. Bi lantegi ditu: bat, Mallabian, 180 langilerekin, eta bestea Portugalen, 50ekin. Horiez gain, beste 50 bat langile ere baditu mundu osoko bulegoetan zabalduta. Hainbat herrialdetan filialak ere baditu. AEBetan, adibidez.

Aurten arte beste lantegi bat ere bazenuten Txinan, baina han ez jarraitzea erabaki duzue. Zer dela eta?

Duela bederatzi bat hilabete erabaki genuen Txinatik ateratzea. Ez udan zer zetorren bagenekielako, baina ordurako hainbat adierazlek erakusten zuten hango ekonomiaren bilakaera ez zela naturala. Hori dela eta, pentsatu genuen une egokia zela inbertsioa bertan behera uzteko.Diru trukearengatik, araudian egondako aldaketengatik... ez zuen merezi Txinan jarraitzea. Gure asmoa da Europako eta AEBetako merkatuetan sakontzen jarraitzea orain. Txinan lantegi bat edukitzeko arrazoi bakarra da Asian bertan merkatu indartsu bat edukitzea. Gure fakturazioek, ordea, ez dute justifikatzen han jarraitzea.

Azken 25 urtetan bizikletaren merkatua asko aldatu da ezta?

Bai, izugarri. 1990eko hamarkadan mendiko bizikleta agertzeak aldaketa handiak eragin zituen. Hornitzaile berriak erakarri zituen sektorera eta enpresak beste modu batera egituratzen hasi ginen. Banaketa ere profesionalizatzen hasi zen orduan. Baina garrantzitsuena izan zen erabiltzaile gehiago gerturatu zirela bizikletaren mundura. Ordura arte bizikletan ibiltzen ziren 16 urte arteko gaztetxoak eta lasterketetako bizikletarekin ibiltzen zirenak. Mendiko bizikletak demokratizatu egin zuen bizikletaren erabilera. Pentsa, milioi bat bizikleta egitetik ia bi milioi egitera igaro ginen. Toki guztietan banatzen zituzten bizikletak orduan: hipermerkatuetan, bankuetan... Tsunami bat bezala izan zen.

Eta tsunamiaren ondoren zer?

Ba, olatua hausten denean geratzen dena geratzen da. Zenbait markak —Ravassak, Torrotek...— lantegiak itxi behar izan zituzten 1995. urte inguruan. Guk ere sufritu genuen. Ikusi genuen aldaketak egin behar genituela hainbat alorretan; produktua garatzen asko inbertitu genuen, eta marka internazionalizatzeko apustua egin genuen, ordura arte ia estatuan soilik saltzen baikenuen. Euskaltel-Euskadi babesten ere orduan hasi ginen.

Orbea kirol jarduerari lotuta egon da azken hamarkadetan.

Bai, 1980. hamarkadatik argi izan dugu kirol jardueratik oso gertu egon behar genuela. Txirrindulari taldeak babesten hasi ginen: Seat Orbea, Gin MG Orbea, Orbea Danena. Izen handiko txirrindulariak pasa ziren talde horietatik: Pedro Delgado, Peio Ruiz Cabestany, Marino Lejarreta... Espainiako Itzulia ere irabazi zuen Delgadok. Kiroletik gertu egotea izan da gure oinarrietako bat.

Euskaltel-Euskadi txirrindulari taldearekin lotzen zaituzte batek baino gehiagok.

Bai, horrela da. Beti uste izan dugu lurraldeari lotuta egotea garrantzitsua dela, eta taldea babestea aukera ontzat genuen horretarako. Hainbat gertakizun batera gertatu ziren 2000ko hamarkada hasieran, eta horiek lagundu ziguten jauzi bat egiten. 2002an filiala sortu genuen AEBetan. 2003an, lehen karbonozko bizikleta atera genuen (Orca), eta bitartean Euskaltel- Euskadiko bi txirrindulari (Iban Mayo eta Haimar Zubeldia) Lance Armstrongen ondoan zebiltzan Frantziako Tourrean. Kuriositatea sortu zuten AEBetako merkatuan. «Zein dira bi txirrindulari horiek, bizikleta laranja arraro horiekin eta hainbeste zaleren babesean Armstrongi eraso egiten ari direnak». Ate asko zabaldu zitzaizkigun, eta ordura arte kontuan hartzen ez gintuzten marka batzuen ondoan lehiatzen hasi ginen: Trek-ekin, Specialized-ekin.

Desberdinak al dira AEBetako eta Europako merkatuak?

Gero eta berdinagoak. Garai batean, errepideko bizikletak Europan egiten ziren eta AEBetara eraman. Eta, mendiko bizikletekin alderantziz. Azken aldian, ordea, begi guztiak AEBetan eduki behar dituzu ezinbestean, joera guztiak handik baitatoz. Gaur egun Europan saltzen duzu urte batzuk lehenago AEBetan saltzen zenuena.

Zuena kirolari lotutako marka bat da, batez ere. Baina azken urteetan mugikortasunaren ideia indarra hartzen ari da. Zein erronka dituzue alor horretan?

Duela lau urte-edo aldatu genuen mugikortasunaren inguruko estrategia. Onartu behar dut hainbat akats egin genituela aurretik. Hasiera batean, alor elektrikoa mugikortasunerako bizikletarekin bakarrik lotu genuen. Gure marka ez zegoenez horri lotuta ez genion jaramon handiegirik egin. Geroztik ikusi dugu, ordea, alor elektrikoa ez dagoela produktu mota bakarrari lotuta, eta produktu guztietan eragin dezakeela iraultza bat. 1990. hamarkadan mendiko bizikletak izandako eragina izan dezake. Hori dela eta, erabaki genuen bizikleta elektrikoak egiten hastea, eta gama bat dugu egun: mendiko bizikleta elektrikoak ditugu, kirola egitekoak, hirietan ibiltzekoak...

Epe laburrean zein dira Orbea kooperatibaren erronkak?

Erabiltzaileek behar dutenetik gertuago egotea da gure erronka, ahalik eta lehiakorrenak izateko. Horretarako bi urteko prozesu bat martxan jarriko dugu aurki. Gure industria ereduaren inguruan hausnartuko dugu, eta beharrezko diren aldaketak egin. Mallabiko eta Portugalgo lantegietan inbertitu nahi dugu. Bi lantegiak desberdintzea da asmoa. Hau da, Portugalgo ekoizpena intentsiboa izatea eta Mallabiko lantegian bana-banako bizikletak egitea, pertsonalizatuagoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.