Maiatzaren Lehenean, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak aldarrikatu du badagoela «alternatiba» oligarkien eta politikari profesionalen alderdietatik kanpo. Mobilizazio jendetsua egin du Bilboko Kale Nagusian, eta militantzian eta borrokan oinarrituriko politika eredua defendatu du: «Burgesiaren boterea kolpatu eta langileen interesen menpe egongo diren instituzioen sorrera ahalbidetuko duen prozesua bultzatzeko atera gara kalera».
Badago alternatiba. Langile boterea eraiki lelopean egin du martxa EHKSk. Eguneko martxarik jendetsuenetakoa izan da, eta zaratatsuena ziur. Borroka da bide bakarra, Maiatzaren Lehena borroka eguna da eta Gora iraultza sozialista oihuak izan dira Bilbon ozenen entzun direnak. Manifestazioa Jesusen Bihotza plazatik atera da eta Gasaren Plazan amaitu da, udaletxearen alboan. Bandera gorriak ziren nagusi, eta Antolakuntza komunista zioten pankartak.
Amaierako ekitaldian, deitzaileek gizarte kapitalistaren aurka langileriaren boterea eraikitzen jarraitzeko premia aldarrikatu dute. «Gaur egungo testuinguruan iraultza sozialistarena urgentziazko hautu politiko bat» dela nabarmendu dute, baita zergatia azaldu ere: «Burgesiak bultzaturiko austeritatearen, gerra sarraskien eta lurralde eta ekosistemen suntsiketaren aurrean». Ildo berean, salatu dute proletariotza gero eta modu nabariagoan dela pobrea, eta haren atzean burgesiak bere irabaziak «kosta ahala kosta» mantentzeko nahia dagoela.
«Israel estatu genozida bat da; oinarritik hasita, haren existentziak Palestinako herriaren erailketa dakar. Horrenbestez, Israelgo Estatuaren izaera ez dela zilegia aldarrikatzea funtsezkoa da».
EUSKAL HERRIKO KONTSEILU SOZIALISTA
EHKSren ustez, erantzuna ezkerrak zein eskuinak hauteskundeetarako egindako promesetik kanpo dago; izan ere, haren ustez, instituzioetako «alderdi guztiak» daude gerran, eta austeritatean oinarritzen den oligarkien agenda babesten. Gerrak pisu handia izan du hitzaldian. «Espainiako Estatuaren kasua» aipatu dute, eta azaldu PSOEren eta Podemosen agintaldian 24.000 milioi eurotik gorako inbertsioa egin duela gastu militarrean.
Palestinako herria ere izan dute gogoan ekitaldian. «Maiatzaren Lehenean ere, Palestinako herritarrei eta erresistentziari elkartasuna adierazi nahi diegu», eta gogor kritikatu dute Israel: «Estatu genozida bat da; oinarritik hasita, haren existentziak Palestinako herriaren erailketa dakar. Horrenbestez, Israelgo Estatuaren izaera ez dela zilegia aldarrikatzea funtsezkoa da».