Iratiko basoa, birika eta bihotza

Iratiko basoko 6.800 hektarea kudeatzeaz arduratzen da Aezkoako Batzarra, eta haren diru sarreran heren bat dator basogintzatik. Nafarroako Gobernuak zehazten du zenbat arbola moztu. Nafarroan hazitako zuhaitzen %25 mozten dituzte urtero.

Iratiko basoa
Iratiko basoan, Gibelea eremuan, mozteko markatutako pago bat. AITOR KARASATORRE / FOKU
joxerra senar
Aribe
2024ko otsailaren 25a
05:00
Entzun

Alemaniako Oihan Beltzaren ondoren, Europako pagadirik eta izeidirik handiena Euskal Herrian dago, Pirinioetan. Iratiko oihanak 17.100 hektareako lur eremua eta mugaren bi aldeetako lau ibar hartzen ditu: Garazi, Zuberoa, Zaraitzu eta Aezkoa. Bertako pago, pinu, izei, haritz, arte eta alertzeak balio handiko natur aberastasuna dira oroz gain, baina, era berean, baso eta mendietako larreak diru iturri dira ibarretako ekonomiarentzat. Ondotxo dakite hori Aezkoan. Basogintzak, turismoak eta abeltzaintzak ekartzen dizkiete diru sarrerak: «Dena datorkigu Iratiko kudeaketatik. Guretzat ondare bat da, gure birika eta bihotza», laburbildu du Karlos Bueno Reka Aezkoako Batzarreko presidenteak.

Lurraren natur eta geologia historiari erreparatuz gero, Irati oihan gaztea da: 12.000 urte ditu. Alta, aetzen historiari erreparatuta, aspaldidanik ustiatu dira basoko egurrak, eta jasotako ondare historiko hori oso presente dute ibarrean.

«200 urtez ezin izan genuen ezer egin; ez genuen basotik ezer jaso. Oso-oso garrantzitsua izan zen basoaren kontrola berreskuratzea, baina ez zen egoera leheneratu. Ez dizkigute ordaindu eragindako kalte ekonomikoak».

KARLOS BUENO REKA Aezkoako Batzarreko lehendakaria

1980ko hamarkadan berreskuratu zuten Iratiren gaineko kontrola —Ikus beheko testua—. «200 urtez ezin izan genuen ezer egin; ez genuen basotik ezer jaso. Oso-oso garrantzitsua izan zen hura berreskuratzea, baina ez zen egoera lehengoratu. Ez zizkiguten ordaindu eragindako kalte ekonomikoak», azaldu du Bueno Rekak. Haren hitzetan, garai luze horretan ibarrak ezin izan zion etekinik atera basoari: emigrazioa eta «pobrezia baino ez zituen ekarri».

Herri lurrak eta planifikazioa

Iraganaren itzala luzea bada ere, gaur egun Iratiko basoa eta inguruko mendiak herri lurrak dira. Berez, Aezkoako azaleraren bi heren bertako batzarrak eta herriek kudeatzen dute. Horrek esan nahi du ondasun komun direla, baina hura ustiatzea batik bat bertako bizilagunei dagokiela. Ez da kasu bakarra Nafarroan. Iparretik hegora, azaleraren erdia inguru herri lurrak dira —Aralar, Urbasa-Andia, Bardea, Baztango eta Pirinioetako mendiak...—. Herri lurren eremuaren %64 basoek hartzen dute, eta horrek erraztu egiten du esku hartze publikoa.

Izan ere, hori da beste ezaugarri nabarmena. Basoan barna dabilen bisitariari hala irudituko ez bazaio ere, Nafarroako basoen azaleraren %57 inguru, Iratikoa barne, planifikazio baten emaitza dira. Gobernuko Ingurumen Departamentuak zehaztutako gidalerro horiei jarraituz, basoak handituz doaz Nafarroan: urtero batez beste hazten den arbola kopuruarekin alderatuta, %25 baino ez da mozten. Ordenamendu horrek helburu du etorkizunari begira natur ondareari eutsi ahal izatea, eta hori bateragarri egitea basoaren aprobetxamendu ekonomikoarekin. Zaindu beharreko oreka da, are gehiago despopulazioa jasaten ari diren landa eremuko eskualdeetan. Egiazki, baina, nolakoa da oreka hori?

«Jendeak ez daki, baina hemen beti ustiatu da basoa. Eta gaur egun baso hau badugu, atzean gestio bat dagoelako dugu. Hemen ez da markatu gabeko arbola bat bera ere mozten».

JAVIER BARBERENA Barbiur enpresako arduraduna

Iratiko basoa Aezkoako Batzarrak kudeatzen du; ibarreko bederatzi herriak biltzen dituen tokiko erakundeak, alegia. Bere diru sarreren heren bat inguru basogintzatik dator, eta, legediak behartu egiten ditu lortutako diruaren %20 basoa hobetzeko neurrietan inbertitzera: birlandaketak, basoko bideen hobekuntzak, egun erabiltzen ez diren garai bateko hesiak kentzea, larreetako sasiak moztea... Neurriok babesteko laguntzak kaleratu ohi ditu gobernuak urtero, eta batzarrak baliatu egiten du aukera: «Gure bizilagunen artean banatzen dugu lana. Pistaren bat konpondu, landatu, garbitu... Baditugu enpresak horretarako. Denetariko ogibideak behar izaten dira».

Bat-bateko enkontrua

Berriki, batzarrak pagoak mozteko bi lursail atera zituen enkantera, eta haietako bat erakusteko asmoz joan da Bueno BERRIArekin, Gibelea izeneko eremura. Han, bihurgune batean topo egin dute Luis Altxu Arpana zur enpresako arduradunarekin, Javier Barberena Barbiur enpresako arduradunarekin eta Mario San Martin basozainarekin. Enkantean eskaintza egiteko azken eguna martxoaren 1a izango da, eta haien kalkuluak egiteko asmoz bertaratu dira Barberena zein Altxu.

Balizko erosleen eta batzarreko saltzailearen arteko bat-bateko enkontru horretan, zirika hasi zaizkio elkarri. Alta, bi munduek partekatzen dute basoaren ikuspegi bera, eta aukera aparta da Iratiko basoaren kudeaketa ezagutzeko. «Jendeak ez daki, baina hemen beti ustiatu da basoa. Eta gaur egun baso hau badugu, atzean gestio bat dagoelako dugu. Hemen ez da markatu gabeko arbola bat bera ere mozten», azaldu du Barberenak. Basozainen lana da zer arbola markatu behar diren zehaztea eta, ondoren, lana egoki egin den begiratzea. «Haiek dute lehen eta azken hitza».

Enkantearen prestaketa

Zubirin dute egoitza Aezkoako eta Erroibarko Kintoko basoez arduratzen diren basozainek. Haietako bat da Mario San Martin. Hamar-hamabost urtean behin basoaren inbentarioa egitea dagokie. «Zuhaitz bakoitza dago zenbatua eta neurtua. Aintzat hartzen dugu zenbat zur dagoen, bioaniztasuna, zoru motak, fauna...». Urtero, berriz, haiei dagokie zehaztea non moztu eta zer arbola moztu. «Ingurumen ikuspegitik etorkizunerako arbolarik hoberenak hautatzen ditugu, itxura hoberena dutenak. Basogileei begira, berriz, bideragarria izateari begiratzen diogu, pagoak egoki erori ahal izatea, egurra garraiatzeko xendrak izatea...», azaldu du San Martinek. Basogintzan aritzen direnek bidexka bat egin behar dela ikusiz gero, baimena eskatu behar diete basozainei, eta, behin lan guztiak amaituta, dena garbi utzi behar dute. Bestela, kalteak konpondu behar dituzte.

Beste zereginetako bat birlandaketak dira. Basoa bere kabuz handituz badoa ere, esku hartze bidez alertzeen alde egin da apustu. «Hemen oso ongi funtzionatzen du, eta oreinaren kalteei aurre egiten die. Duela urte batzuk probak egin genituen izei espezie batzuekin, eta ikusi genuen goxoki bat zirela oreinentzat. Alertzeak, berriz, lehen urtean loditu egiten dira, eta bigarren urterako kimuak bi metro hazten dira». 70 urte behar izan dituzte hazteko, eta, Altxuren arabera, zura preziatua da eraikuntzan. «Pagoa sendotzea ongi dago, baina dibertsifikatzea ere ongi dago», gaineratu du San Martinek. 

«Ingurumen ikuspegitik etorkizunerako arbolarik hoberenak hautatzen ditugu, itxura hoberena dutenak. Basogileei begira, berriz, bideragarria izateari begiratzen diogu, pagoak egoki erori ahal izatea, egurra garraiatzeko xendrak izatea...».

MARIO SAN MARTIN Nafarroako basozaina

Birlandaketak eta enkantea antolatzea Batzarraren esku dago, baina ez da prozesu erraza. Baimena eskatu behar diote gobernuari, eta batzuetan denbora luze joaten da, Karlos Bueno Rekaren arabera. «Iaz, martxorako geneukan dena markatuta, baina ez genuen enkantean lursailik ateratzea lortu, Iruñean geratu zelako dena trabaturik. Eta ez da izango ahalegindu ez ginelako». Burokraziaz kexu da, bai baimenekin eta bai basoko jardueren diru laguntzen deialdiekin. «Hemen gauden tokian gaude. Batzuetan deialdiak egiten dira hiriko ikuspuntu batetik. Oso epe motzak ematen dituzte, eta hemen eguraldiaren menpe zaude: egin ahal duzu lana, baina agian ez».

Epeak eta prezioak

Urte honetako enkanteak hemezortzi hilabeteko epea zehazten du, eta enpresek oso kontuan izan behar dute hori. Arpana eta Barbiur enpresak Nafarroan, Gipuzkoan, Araban eta Aragoin aritzen dira basogintzan, eta lanak noiz egin ditzaketen antolatzea funtsezko aldagai bat da. «Enkantea ixten denetik erlojuak tiki-taka egiten du. Dena eduki behar da aintzat: eguraldia, epeak eta merkatuak gero zura hartzea. Nafarroa eguraldiaren baldintzei dagokienez konplexua da. Hemen, adibidez, ahaztu zaitez neguan lan egitearekin. Aztertzen ari garen lursailetan bi uda izango genituzke». Alta, eguraldi aldakorrak beti behartzen die B planak izatera. «Plangintza konplexua izaten da, ezin diozu esan langile bati etxera joateko euria ari duelako; alternatibak kontuan izan behar dituzu».

Alta, zuraren balorazio ekonomikoa da funtsezko beste aldagaia. Gauza bat da zer prezio den nagusi merkatuan orain, eta beste bat hemezortzi hilabete barru: «Pagoaren zura egonkorragoa da, baina pinuarena, oso aldakorra», dio Barberenak. Zuhaitz mota bakoitzak bere erabilerak ditu —pagoa, kasurako, altzaritarako, erremintak eta piezak egiteko, papererako, eta egurrerako erabil daiteke—. Kalitatearen arabera sailkatzen dute zura, eta bakoitzak prezio batzuk ditu, kalitate apalenetakoen kasuan oso aldakorrak dira. «Oso sektore konplexua da. Nahikoa da Brasilgo ontzi bat sartzea Valentziako portuan eta enbalajerako zuraren biltegiak betetzea zu pikutara bidaltzeko. Paperarekin antzera gertatzen da», gaineratu du Altxuk. 

«Enkantea ixten denetik erlojuak tiki-taka egiten du. Dena eduki behar da aintzat: denbora, epeak eta merkatuak xurgatzea zura».

LUIS ALTXU Arpana enpresako arduraduna

Sektorearen ehun ekonomikoa ere gainbeheran nabari dute bi enpresaburuek. «Zerrategiak desagertzen ari dira. Iruñe osoan ez dago enbalajerako zerrategirik. Bat bera ere ez», dio Barberenak. Adibidez, Luis Altxuren Arpana enpresak enbalajerako eta papergintzako zur gehiena «kanpoan» saldu ohi du, Frantzian. Altxuren arabera, «belaunaldi erreleboa arazo itzela da, inork ez baitu jarraitu nahi» sektorean.

Turismoa eta landa eremua

Iratiko basoak turismoa erakarri ohi du, eta eskualdeko ekonomiarentzat diru iturri garrantzitsua da. Bueno Rekaren arabera, betidanik Aezkoara etorri diren bisitarietako asko Euskal Herrikoak izan dira eta bertakoen bizimodua «errespetuz» begiratu dute; baina, apurka, gauzak aldatzen doaz, eta zenbaitetan talka eta gaizki-ulertuak sortzen dira: «Basoaren kudeaketaz ideiarik ez duen jendea dator eta zenbaitetan nekosoa da. Zuhaitz bat erortzen ikusi eta iskanbila sortzen dute», dio Buenok.

Turistak dabiltzan eremuan lan egitea egokituz gero, arazoak egon daitezke: «Telefonoak min handia egin du —dio Altxuk—. Edozer gauza ikusi, eta bideoak edo argazkiak ateratzen dituzte. Denak eskandalu bat dirudi». Anekdota ugari dituzte guztiek. San Martinek gogoan du nola duela urte batzuk sastrakak erretzea antolatu eta bisitari batek 112ra deitu zuen kea ikustean. «Dena zegoen kontrolpean, baina Guardia Zibila helikoptero eta guzti agertu zen».

Hain justu ere, enkanteko beste lursaila turistak joan ohi diren eremu batean dago, eta basogileen lana errazteko bideetako bat ixteko asmoa duela iragarri die Buenok enpresei. «Turismoa zaindu beharrekoa da, gure ekonomiaren parte inportantea delako. Turismo kontrolatua eta jasangarria nahi dugu. Ez dugu nahi bisitaria geratzea selfie-an eta fotoan. Datorren jendeak arlo kulturala eta ekonomikoa ezagutzea nahi dugu, nola bizi den bertako jendea». Horretarako, horren guztiaren berri emateko panelak paratzeko asmoa dute.

Natur kontserbazioaren eta eskualdeko iraupen sozioekonomikoaren arteko oreka horretan, funtsezkoa da eragile guztien arteko elkarbizitza, eta batik bat ibarrean bizi direnekiko zein basoan lan egiten dutenekiko begirunea.

200 urteko gatazka

Noiz hasi zen?
XVIII. mende amaieran ibarrean. Orbaizetako ola eraiki aurretik, Espainiako erregeen ordezkariek Iratiko herri lurren kontrola kentzeko akordioa sinarazi zieten ibarreko herritarrei, haiei iruzur eginda. Engainu hartan denetarik egin zuen: legez kanpoko batzar bat, herritarrak limurtzeko bazkari oparo bat eta agiria sinatu nahi ez zuten bi ordezkariri Iruñeko kartzelan zigortzeko mehatxu.

 

Zer ekarri zuen olak?
Espainiako armada armaz hornitzeko fabrikak beharrezko zuen basoko egur eta ikatzaren kontrola. Puntu estrategikoa izanik, ibarrari, aldiz, gerra eta krisia ekarri zizkion. Frantziako Iraultza osteko Konbentzio gerra, Napoleonen tropen sarraskiak, Espoz Minaren gudarosteen suntsiketa, gerra karlistak... 1882an itxi zen.

Zer egin zuen ibarrak?
1790etik salatu zuen egoera. 1851n, kasurako, auzitara eraman zuen Espainiako Koroa. Alferrik. Fabrika itxita ere, uko egin zion ibarrari lurren kontrola itzultzeari. 1928an, Espainiako Gobernuak lurren kontrola Nafarroako Diputazioari utzi zion, baina aldaketak ez zuen egoera aldatu eskualdean. Frankismoak egoera hori iraunkortu zuen.

Zer ondorio izan zituen?
Diru sarrera handi bat galdu zuen, noiz eta basoaren ustiaketa handiko urteetan. Erabaki ahalmenik ez zuen; adibidez, 1920ko hamarkadan Irabiako urtegia eraikitzea erabaki zenean. Horrek guztiak ibarretik kanporako emigrazioa sustatu zuen.

Noiz berreskuratu zuen?
Trantsizioan, kultur elkarte bat sortu zen herri lurrak berreskuratzeko. Basogintzako enpresen jarduera gelditzeko mobilizazioak egin ziren. ETAk lehergailu bat jarri zuen zubi batean egur garraioa oztopatzeko. Azkenean, 1982an lortu zen basoaren eta mendien kontrola berreskuratzea.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.