Iraileko Euriborrak aurrezki handiak ekarriko ditu

Irailean %2,936an kokatu da indizea, eta horrek nabarmen jaitsiko ditu hipoteken kuotak. Urriaren 17ko bileran EBZk interes tasak gehiago jaitsiko dituen ustea zabaltzen ari da merkatuan.

Hipoteka baten iragarkia banketxe baten leihoan, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Hipoteka baten iragarkia banketxe baten leihoan, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2024ko irailaren 30a
12:40
Entzun

Azken urteetako jaitsierarik handiena izango dute beren hipotekaren kuota orain berritu behar dutenek. Iazko udazkenean jo zuen goia Euriborrak, %4tik gorako kotizazioekin. Orain, berriz, %3tik behera sendotu da, eta hurrengo asteotan gehiago jaistea espero da, gero eta analista gehiagok uste baitute Europako Banku Zentralak interes tasak jaitsiko dituela urriko bileran.

Beren hipotekaren hileroko kuota urtean behin eguneratzen dutenek aurreztuko dute gehien. Izan ere, iazko irailean Euriborrak %4,149an kotizatu zuen, aurtengo irailean baino 1,2 puntu portzentual gehiago (%2,936). Horrek esan nahi du 150.000 euroren mailegu bat itzultzeko duenak, Euribor gehi %1eko diferentzialarekin, ehun euro inguru aurreztuko dituela hilero. Sei hilean behin eginez gero, 60 euro gutxiago pagatuko ditu (martxoan, %3,718an zegoen).

Aurrezkia apalagoa izango da oraindik itzultzeko dagoen maileguaren zatia txikiagoa bada, ordaintzeko geratzen den zati horren gainean kalkulatzen baita kuota.

Urrian, jaitsiera handiagoa

Urrian oso litekeena da aurrezkia are handiagoa izatea. Kontua da iazko urrian iritsi zela Euriborra 2008az geroztiko mailarik handienera (%4,16), eta, oraintxe, jada hori baino ia puntu eta erdi apalago dago. Zehazki, gaur, %2,747an kotizatu du.

Hortik igotzea ez da espero, Euriborrak interes tasa ofizialen bilakaerari jarraitzen baitio, eta beheranzkoa da hori ere.

Iraileko bileran, bere erreferentziazko interes tasa (gordailuena) puntu laurden jaitsi zuen EBZk, baina ez zuen esan zer asmo zuen urriaren 17ko bilerari begira. Orduan espero zen abendura arte itxarongo zuela tasak berriro jaisteko, baina, azken datu ekonomikoen ondoren, ordura arte itxarongo ez duen usteak indarra hartu du.

Batetik, datu ona dago: inflazioak beste koska bat egin du behera, eta %2tik behera dago jada herrialde askotan; besteak beste, Euskal Herrian. Urte amaierako hilabeteetan pixka bat igotzea espero du EBZk, eta datorren urtearen bigarren erdialdean egonkortuko dela %2ko maila desiratuan.

Hazkunde motela

Bestetik, datu txarra dago: euroguneko ekonomiaren hazkundea oso motela da, eta batez ere industriaren egoera oso kezkagarria da. PMI indizea, eremu negatiboan jarri zen irailean, lehen aldiz abuztuaz geroztik. Enpresetako erosketa sailetako arduradunen iragarpenak neurtzen ditu PMIk, eta ekonomiaren tenperatura neurtzeko balio izan ohi du, datu makroekonomiko ofizialak hilabete batzuetako atzerapenarekin iristen baitira.

Alemania da Europako ekonomiaren moteltasunaren eragile nagusia. Bere industria elikatzen zuen energia merkea galduta, Txinako merkatuetan bere autoek nagusiki izaten ari diren galera, eta hainbat sektoretan duen langile faltak atzeraldia ekarriko dute aurten ere Alemaniara, hango bost azterketa ekonomikoen institutuek joan den astean iragarri zutenez.

Gauzak horrela, badirudi EBZko belatzak ere biguntzen ari direla, eta haien artean Isabel Schnabel alemaniarra. Duela bi aste emandako hitzaldi batean inflazioaren arriskuaz ohartarazi zuen Schnabelek, baina joan den astean, aldiz, «nabarmen» jaitsi dela nabarmendu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.