Irizar taldea tuneletik irten da. Iaz inoizko gehien fakturatu zuen, 895 milioi euro, aurreko urtean baino %40 gehiago. Eta marka hori aurten gainditzea aurreikusten du, 970 milioi fakturatuta eta aurreko urteko eskaera zorroa bikoiztuta. Pandemiaren «eragin izugarria» gainditzea lortu du. Konfinamenduak erabat eten zituen joan-etorriak, eta horrek bete-betean jo zuen sektorea. Orain, aldeko haizea dute. «Garai ilun batetik egoera pribilegiatu batera igaro gara».
Horrela mintzatu da Imanol Rego taldeko zuzendari nagusia, enpresak Ormaiztegin (Gipuzkoa) duen egoitzan emandako prentsaurreko batean. Regok ez du eman nahi izan taldearen irabaziei buruzko daturik, baina adierazi du aurreikuspenen gainetik aritu direla, nahiz eta pandemiaren aurrekoetara ez diren itzuli. Hiru urtez, galerak izan zituzten. Iaz hasi zuten susperraldia.
Fakturazioari dagokionez, aurreko errekorra 2019koa zen: 766 milioi euro. Kopuru hori ia erdira jaitsi zen 2020an, 433 milioira, eta 456 milioira 2021ean. «Oso enpresa gutxi izan dira gai guk egin duguna egiteko», azpimarratu du, harro, Regok.
Hiru urte luze iraun zuen krisi horretan, hainbat arazori aurre egin behar izan zieten, hala nola Adunako (Gipuzkoa) Irizar E-mobility fabrikako eta Alconza filialeko lan gatazkei. Aldi horretan ere, zuzendaritzan aldaketak egon ziren. Hain justu, 2022an Regok Rafael Sterling ordezkatu zuen —2019an hartu zuen zuzendari kargua Sterlingek—.
«Oso enpresa gutxi izan dira gai guk egin duguna egiteko»
IMANOL REGO Irizar taldeko zuzendari nagusia
Denbora horretan, enpresako kooperatibistek ere gerrikoa estutu behar izan zuten. Regok azaldu duenez, soldatak batez beste %21,5 jaitsi zituzten hiru urtez, eta beren baliabideekin enpresa birkapitalizatu behar izan zuten. Regoren arabera, ahalegin horri esker lortu zuten enpleguari «eustea». Krisitik atera ondoren, azkenengo bi urteetan 600 lanpostu sortu dituztela azaldu du, eta gaur egun 3.844 langile dituztela, 1.448 Gipuzkoan.
Elektrikoa bai, baina neurrian
Datozen urteei begira, Regok azaldu du Irizar ez dela oinarrituko soilik garraio elektrikoan. Bere eskaintza bezeroaren «neurrira» egingo du, eta «multienergetikoa» izango dela uste du. Elektrikoen kasuan, bere produkzioa hiri barruko garraiora bideratuko du —autobusak eta kamioiak—. Eta gainerako teknologiak distantzia ertain eta, bereziki, luzeetarako erabiliko ditu —hori da Irizarren negozio nagusia—: hidrogeno berdea, gas konprimatua, gas likidotua eta biogasa. Hidrogeno bidezko autobusaren bigarren belaunaldiarekin lanean ari da gaur egun.
Teknologia horien hainbat egitasmo eta ikerketa ditu abian, baina, gaur egun, haren produkzioan errekuntzakoak dira nagusi —dieselak—, hibridoak barne. Horien eraginkortasuna hobetzea izango da Irizarren erronka nagusia epe ertainera begira. Modelo horiek nagusiki Ormaiztegiko lantegian ekoizten dituzte, eta fabrika hori «eredu iraunkorragoetarako trantsizioa» egiteko prestatzen ari dela azpimarratu du Regok.
%9Elektrikoak. 2023an, taldearen planta guztiek 3.068 unitate produzitu zituzten, eta horietatik 1.280, Ormaiztegiko lantegi nagusian. Mexikon 714 unitate egin zituzten, Brasilen 494, eta Marokon 305. Ekitaldi horretan, Adunako fabrikan (Gipuzkoa), 275 autobus elektriko egin zituzten (%9). Aurtengo aurreikuspenen arabera, guztira 3.700 unitate baino gehiago egingo ditu taldeak, eta horietatik 330 (%9) elektrikoak izango dira.
Hiri barruko garraioari dagokionez, zalantza gutxiago du. «Etorkizuna elektrikoa izango da. Joera hori geldiezina da». Azaldu duenez, duela bost urte %10 zen hiriko autobusen matrikulazioa Europan, eta %55 da orain; datozen bost urteetan, gainera, %90era iristea espero da. Dena den, Irizarrek ez du aurreikusten tamaina berean haztea Adunako plantaren ekoizpena. «Guk hazkunde iraunkorra nahi dugu». Gaur egun, taldearen autobus elektrikoen produkzioa guztizkoaren %9 da.
Aurten hogei milioi euro inbertitzea aurreikusten du taldeak, eta horren «zati handi bat» distantzia ertaineko autobusak eta kamioi elektrikoaren bigarren belaunaldia garatzeko erabiliko dutela adierazi du Regok.
Filialak «indartzeko» ere erabiliko du; besteak beste, baterien eta potentzia handiko kargaguneen alorrean, Jema filialaren bitartez. Urrats garrantzitsuak egin ditu horretan. Gaur egun, 200 megawatteko potentzia du instalatua, 75.000 kargalekuk sortzen dutena adina.
Inbertsioak finantzatzeko diruaren parte handi bat Europatik jasoko du. Garraioarekin loturik Espainiako Gobernuak abian jarri dituen bi ESEPE ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikoetan hautatu du Irizar. Lehen ESEPEtik hamalau milioi euro jasoko ditu, eta berriki jakin du bigarrengora aurkeztutako egitasmoek ere laguntza jasoko dutela.
13Lantegiak. Irizar taldeak bi ekoizpen gune handi ditu Gipuzkoan. Zentrala, Ormaiztegin: han, hiriarteko autobusak eta distantzia luzekoak egiten dituzte. Adunakoa 2018an jarri zuten martxan, eta, han, hiriko elektrikoak egiten dituzte. Horrez gain, beste 11 lantegi ditu Euskal Herritik kanpo: Marokon, Mexikon, Brasilen, Hegoafrikan eta Australian. Era berean, beste sei konpainia ditu: Alconza (motor elektrikoak), Datik (konektibitatea), Hispacold (klimatizazioa), Masats (ate elektrikoak) eta Jema (bateriak, potentzia elektronika) eta Creatio I+G zentroa.