Irabaziak bikoiztu egin dituzte NER taldeko enpresek

Koldo Saratxagak bultzatutako taldeak espero du ia hirukoiztu egingo dituela iazko emaitzak

NER taldeko Koldo Saratxaga atzo, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Miren Garate.
Donostia
2013ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Hazkunde hutsaz hitz egitea ez duela gustuko dio Koldo Saratxaga enpresariak. «Horrek ekarri gaitu egungo egoerara». Baina harreman estilo berri baten aldeko apustua eginda haztea posible dela dio. Saratxagak berak bultzatutako Nuevo Estilo de Relaciones (NER) taldearen emaitzak dira horren adibide: taldeko enpresek %26ko gorakada izan zuten fakturazioan iaz, eta irabaziak bikoiztu baino gehiago egin zituzten, 13,7 milioira iritsi arte. Lehen lau hilabeteetako bilakaera ikusita, aurten ere emaitza onak espero dituzte. Aurreikuspenen arabera, 36 milioi euroren irabaziak izango dira, iaz baino %163 handiagoak.

Hemezortzi kide ditu NERek, eta beste hiru —Zubiola, Las Indias, Electronicas eta Ebi Electronicos— integrazio prozesuan daude. Hainbat tamaina eta izaera juridiko dituzte. Zazpi langilekoa da txikiena eta 450ekoa handiena; halaber, sozietate anonimo, mugatu, kooperatiba nahiz irabazi asmorik gabeko elkarte bat ere biltzen ditu. «Errotik» lotzen dituen ezaugarri bat dutela dio Saratxagak. «Antolaketa estiloa pertsonengan oinarritzen da, eta bezeroengana nahiz eraginkortasunera bideratzen da».

Estilo aldaketa hori definitzeko zenbait adibide aipatu ditu: NER taldeko enpresetan, «erabaki garrantzitsu guztiak batzarretan hartzen dira», eta krisi garaiak izan arren, ez dute inor kaleratu. Soldatari dagokionez, irabazien %30 langile guztien artean banatzen direla dio; horrez gain, KPIaren zerga oinarria urtero eguneratzen da; «adinekoen erretiroek kalterik izan ez dezaten, gero soldatak jaitsi behar badira, jaisten ditugu, baina guztion artean erabakita». NEReko enpresa batzuetan berezko soldataren %65 ari dira kobratzen; beste batzuetan, aldiz, %115, irabaziak dituztelako.

Kanpora begira, NER barruko organizazio bakoitzak emaitzen %2,5 bideratzen ditu izaera sozialeko proiektuetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.