Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Munduko hainbat txokotan daude banatuta petrolio erreserbak. Horietako asko itsasoan daude, eta herrialde batzuek zortea izan dute, toki horiek haien ekonomia eremu esklusiboan baitaude; horietako bat Norvegia da. Iparraldeko itsasoan petrolio eta gas erreserba handiak daude, eta Danimarkak, Erresuma Batuak eta Norvegiak zukua atera diete urre beltz putzuei. Errusiaren ostean, Norvegia da Europako petrolio ekoizle nagusia; iaz egunero 1,8 milioi upel produzitu zituen —munduko ekoizlerik handienetan 13.a da—.
1969. urtean deskubritu zituzten Norvegiako petrolio erreserbak, eta 1990. urtean sortu zuten petrolio esplotazioaren etekinak kudeatzeko funts subiranoa: Norvegiako Gobernuaren Pentsio Funts Globala, Petroleum Fund gisa ezaguna. Norvegiak, gainera, ekoizten duen petrolioaren eta gasaren gehiengoa esportatu egiten du, superabit komertzial handia lortuz: iaz, munduko petrolio ekoizle handienetan 13.a izan zen, baina esportatzaile handienen zerrendan, hirugarrena. Soberakin horrek dibisaz ondo hornitu du herrialdeko funtsa, eta aktibo gehien kudeatzen duen munduko funts subiranoa bihurtu du; Soverein Wealth Fund institutuaren arabera, 1,6 bilioi dolar baino gehiagokoa da.
Eredu norvegiarra
Petrolio erreserbak XX. mendearen erdialdean deskubritu zituzten, baina mende amaieran hasi ziren etekin handiena ateratzen urre beltzari. Biztanleko barne produktu gordinaren bilakaerak ondo irudikatzen du hori: 1998tik 2000. urtera, bi urte eskasean, 31.020 eurotik 41.420 eurora pasatu zen adierazle hori.
Hala ere, herrialde eskandinaviarrak oso zuhur kudeatu ditu hasieratik dibisa horiek guztiak; beste batzuek egindako hutsegiteak ezagututa, halakorik ez egiteko. Lehengai asko izatea ez baita aberatsa izatearen berdina. Autore askok idatzi dute petrolioaren madarikazioari buruz; izan ere, lehengaien tratamendutik eta esportaziotik lortutako funtsak ondo kudeatzen ere jakin behar da. Nazio Batuen Erakundearen Garapenerako Programaren datuak oinarri hartuta, Behzad Azarhoushang eta Marko Rukavina ikerlariek petrolioa ekoizten duten herrialdeen garapena aztertu zuten, eta ikusi zuten lehengai horiek ekoizten zituzten herrialdeen biztanleko BPGa urtean %0,03 hazi zela 1975 eta 2005 bitartean, baina gainerako herrialdeetan, berriz, batez beste urtean %3,4 handitu ziren.
Herbehereetako gaitza deitzen zaio horri: esportazioen bidez lortutako dibisekin merkatu nazionala beteta, bertako txanponaren balioa handitu egiten da, eta nazioko sektoreen lehiakortasunak behera egiten du, ekoizpena gutxituz eta langabezia handituz. Joan den mendean Herbehereek eginiko hutsegiteetatik ikasi du Norvegiak, eta hainbat mekanismo ditu hari gauza bera ez gertatzeko. Adibidez, atzerrian egiten dituzte funts subiranoaren inbertsio guztiak, eta gehienez irabazien %4 soilik bideratzen dute herrialdearen gastu publikorako.
Hala dio Norvegiako Gobernuak bere webgunean: «Adostasun handia dago funtsak nola gastatu behar diren. Gaur gastatzen ez badugu, etorkizuneko krisiei aurre egiteko posizio hobean egongo gara». Nahiz eta gobernuak petrolio esportaziotik lortutako etekin gutxi gastatu dezakeen herrialdean bertan, iturri horretatik ordaintzen da Norvegiako Gobernuaren aurrekontuaren %20. Izan ere, biztanleria erlatiboki txikia izanda —5,5 milioi pertsona—, gobernuaren aurrekontua ez da estatu handi batek duen bezainbestekoa; gaur egun, 200.000 milioi euro ingurukoa du.
%1,5Norvegiaren parte hartzea kotizatutako enpresetan. Munduko akziodun nagusia da Norvegiako funtsa, kotizatutako 9.000 enpresa baino gehiagotan baititu akzioak erosita. Tankera horretako enpresa guztien akzioak batuta, horien %1,5en jabe da.
Funts publikoen gehiegizko xahutzea saihestu nahi dute horrela, eta bide batez aktibo gehien duen munduko funtsa lortu dute. Aktibo gehienak munduko burtsetan kotizatzen duten enpresen akzioetan ditu inbertituak Norvegiako funtsak. Zehazki, inbertsioen %70 kotizatutako akzioetan dituzte; %27, errenta finkoan, eta gainontzekoa, higiezinen merkatuan. Funtsaren datuen arabera, kotizatzen duten enpresen munduko inbertitzaile nagusia da: munduko burtsa guztietan dauden enpresen akzioen %1,5 ditu. Kategoria horretako 9.000 enpresa baino gehiagotan ditu parte hartzeak.
Txikirako joera
Aurreko datuek egoera ona irudikatzen badute ere, azken urteetan galerak izaten ari da Norvegiako funtsa. 2022an, bere historiako emaitzarik txarrenak izan zituen, 152.000 milioi euro galdu baitzituen, funtsaren aktiboen %14. Hala ere, 2023an galerak errekuperatu zituen, 193.000 milioi euro baino gehiago irabazi baitzituen. Ezjakintasun eta aldakortasun hori kontuan hartuta, inbertsio estrategia pixka bat aldatzeko borondatea azaldu zuen Norges Bank Investment Management banku publikoak, funtsa kudeatzen duen entitateak.
%70Errenta aldakorreko inbertsioa. Norvegiako funtsaren inbertsioen %70 kotizatutako enpresen akzioetara doaz, baina estrategia aldatzeko asmoa dute, gero eta aktibo gehiago kotizatu gabeko enpresen tituluetan inbertitzeko.
Orain arte, akzio gehienak kotizatutako enpresetan erosi ditu funtsak, baina gero eta aktibo gehiago jarri nahi ditu kotizatu gabeko enpresetan. 2023. urtearen amaieran bankuko zuzendaritzak Norvegiako Finantza Ministerioari bidalitako gutun batean, azaldu zuen egungo merkatuan dibertsifikatzeko beharra ikusten zuela: «Funtsaren inbertsio estrategia aldatu egiten da denboran, eta dibertsifikazioaren printzipioa abiapuntu garrantzitsua da kotizatu gabeko akzioen merkatuan gehiago jarduteko, azkar hazten ari den merkatua baita». Hala, aktiboen %3 eta %5 artean bideratu nahi dituzte merkatu horretara, 40.000 milioi eta 70.000 milioi dolar artean.
Industria berdean sartzen
Norvegiako Gobernua, petrolio erreserba handiak dituzten beste herrialdeetako gobernuak bezala, jakitun da urre beltzaren esplotazioak iraungitze data duela. Eta ez soilik erreserbak amaitu egingo direlako —nahiz eta putzuak husteko oraindik asko falta—, baizik eta herrialde asko, Iparralde Globalekoak batez ere, erregai fosilen erabilera mugatzeko neurriak hartzen ari direlako. Energia berriztagarriak ekoizteko azpiegituren instalazioak ugaritu egin dira neurri horien ondorioz, eta joko horretan ere bete-betean sartu dira funts subiranoak.
ICEX institutuak egindako ikerketa baten arabera, 2005ean, funts subiranoek erregai fosiletan guztira 125 inbertsio egin zituzten atzerrian, eta berriztagarrietan, zortzi. Bada, 2023an, erregai fosiletan hamazazpi inbertsio egin zituzten, eta berriztagarrietan, berriz, 91. Paradoxikoa dirudi: erregai fosilen esportaziotik lortutako etekinak industria berdean inbertitu.
Bada, Norvegiako funtsa ez da ageri. Energia berriztagarriekin eta trantsizio energetikoarekin lotutako industria asko handitzen ari da, eta ICEXek azaldu du horrek funtsa mugiarazi duela: kotizatutako enpresen inbertsioaren estrategia «kontserbadorea» alde batera utzi, eta oraindik berriak diren eta hazten ari diren industria berdeko enpresetan gehiago inbertitzen hasi da. Horrek, halere, arrisku batzuk dakartza: alor berria denez, ezjakintasun handia sumatzen da sektorean, eta hainbat komunitatetan zenbait gatazka sortu dira.
Horren adibide da 2023 hasieratik hona Norges Bankek Espainian, Herbehereetan eta beste hainbat tokitan duen estrategia. 650 milioi dolar inbertitu ditu Iberdrolarekin batera parke fotovoltaikoak egiteko; bien arteko fusioaren %49 du Norvegiak. Herbehereetan, Brossole 1 eta 2 offshore haize-errota instalazioen %50 erosi ditu. Horrez gain, Alemaniako Allianz Groupekin eta Danimarkako AIP Management inbertsio taldeekin batera partzuergo bat sortu du, eta talde berri horrek Alemaniako He Dreiht haize-errota parkearen %49,9 erosi du. 2.600 milioi euroko balioa du proiektu horrek, eta, Norvegiako funtsak %16,6 duenez, 430 milioi euroko inbertsioa da hori.
Statkraft enpresa publikoa ere inbertsio berde horren adibide da. Norvegiako Gobernuaren aurrekontuetatik sortutako Nordfund funtsak zabaldu zuen enpresa horren nazioarteko filiala, eta berriztagarrien instalazioak bultzatzen ari da munduko herrialde askotan; Europan batez ere. Kontinente zaharreko energia berriztagarriaren ekoizlerik handiena da. Euskal Herrian ere hainbat proiektu bultzatzeko asmotan dabil: esaterako, Urola erdialdean, eta Aramaio (Araba) eta Eskoriatza (Gipuzkoa) artean. Hasiera batean harrera ona izan zuten proiektuek, kudeaketa eredu publikoagatik batez ere, baina hainbat talde ekologistaren haserrea sortu dute planek, eta erakunde publiko batzuek proiektuei buruz zuten iritzia aldatu dute.