Energia

Iparraldeko gasolindegiek ekoizpen kostua baino merkeago saldu ahalko dute erregaia

Frantziako Asanbleak Ekonomia Ministerioaren neurria onartzen badu, abenduaren 1etik aurrera sartuko da indarrean.

Total Energies enpresaren gasolindegi bat Parisen. EDGAR SAPIñA / EFE
inaut matauko rada
2023ko irailaren 18a
19:57
Entzun

Erregaien prezioa asko ari da garestitzen Euskal Herrian, bai Hegoaldean eta bai Iparraldean. Frantziako Gobernua eta energia enpresa handiak hainbat neurri ari dira hartzen eskaria asko gutxitu ez dadin, eta Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia ministroaren txanda izan da gaur. Izan ere, ministroak iragarri du abenduaren 1etik aurrera Ipar Euskal Herriko eta Frantziako gasolindegiek ekoizpen kostuak baino merkeago saldu ahalko dutela erregaia.

Le Mairek baino lehen, larunbatean, Elisabeth Borne lehen ministroak neurria iragarri zuen, eta «behin-behinekoa» izango dela adierazi zuen, Frantzian 1963tik debekatua baitago edozein ondasunen prezioa ekoizpen kostuak baino merkeagoa izatea. Hala, neurri hori aurrera ateratzeko legea aldatu beharko du Le Mairek, eta, Frantziako Asanbleak baiezkoa emanez gero, abenduaren 1ean sartuko da indarrean. Le Monde-ren arabera, irailaren 27ko Ministroen Kontseiluan aurkeztuko dute neurria.

Batez beste, Ipar Euskal Herriko gasolindegietan gasoilo litro bakoitzak 1,943 euroko prezioa zuen atzo, eta 95 gasolinaren litroak, berriz, 1,913 eurokoa.

Ikusi gehiago:Euskal Herriko gasolindegi bakoitzeko prezioak egunez egun.

Erregaien banaketa enpresa handi eta txikiak daude, eta azken horiek dira neurri berri hori okerren ikusten dutenak, uste baitute hilabete gutxi barru enpresa txiki askok itxi egin beharko luketela, galerengatik. Hala, Francis Pousse gasolindegi txikien sindikatuko (Mobilians) presidenteak adierazi du halako neurri bati aurre egiteko indarrik ez duten enpresak konpentsatu beharko lituzkeela gobernuak.

Haren ustez, indar handiagoa duten enpresek halako neurri bati aurre egin diezaiekete, eta bezero asko erakartzeko balioko die. Bestalde, findegiei eta petrolio saltzaile handiei egingo lieke onura, eskaria mantentzea edo oso gutxi murriztea lortuko bailukete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.