Hamar urte hauetan, hirigintzan eraldaketa ikusgarria izan dute Oslon, hazkunderik handieneko hiria bihurtzeraino Europan. Bi hamarkadatan, %25 handitu da hango biztanleria; hein batean, erregai fosilen izugarrizko erreserbak dituztelako eta horietatik aberastasun handia etorri zaielako. Osloko gobernuaren arabera, diru sarrera horiek are eta handiagoak izango dira datozen urteetan, bai prezioen igoeragatik, bai agintariek hartu duten konpromiso batengatik: Europako herrialdeetara gas esportazio gehiago egitea, Ukrainako gerraren eraginez Errusiatik egindako gas inportazioak gutxitu izana arindu nahian.
«Potentzial handia dago, 2022an Europari gehiago saltzeko lain, eta horrek energia osagarria ekarriko lioke Europako merkatuari, 100 TWh inguru». Hala adierazi zuten joan den hilean, bat eginik, Kadri Simon Europako Energia komisarioak eta Norvegiako haren homologo Terje Aasland-ek. Norvegiak jadanik %8 handitu du kontinente zaharrera (Erresuma Batua barne) esportatzen duen gasa; hortaz, aurten, 122.000 milioi metro kubikosalduko dizkio. «Enpresak ahalik eta gehien ekoizten ari dira», esan zuen Aaslandek.
Halaxe ari da Norvegiako erraldoia, Equinor enpresa, zeinaren akzioen %67 baititu gobernuak: Equinorrek bere ekoizpena handitzea baimendu du, gutxienez 1.400 milioi metro kubiko gehiago, bere bi esparru nagusitan: Oseberg eta Heidrun.
«Nabarmentzekoa da Norvegiaren ahalegina, baina ezin luke inondik ere ordezkatu Errusiatik ekarritako gasa, Putinek iturria itxiko balu... Dena den, oso garrantzitsua da Europako zenbait herrialde kalteberentzat», dio Martin Jirusekek, Txekiako Masary Unibertsitateko irakasle eta Energian espezializatuak. Jirusek batez ere herrialde baltikoez eta Poloniaz ari da, datorren udazkenetik aurrera Danimarka zeharkatzen duen gas hodi baten bidez lotuko baitira Norvegiarekin. Lau herrialde horiexek izan dute jarrerarik etsaiena Errusiarekin, hark Ukraina inbaditu eta gero: areago, Europako zigorrak indarrean sartu baino lehen utzi diote erregai fosilak Errusiari erosteari.
Guztira, Europako Batasunaren gas eskariaren %20 bete zuen Norvegiak 2021ean, eta, adituen kalkuluen arabera, %25 ere beteko du 2022. urtea amaitzerako. «Aurrerantzean, litekeena da ehuneko hori are handiagoa izatea, Europa bere kontsumoa murrizteko gai bada, Europako Batzordeak nahi duen moduan. Hala ere, ikusteko dago posible izango ote den», erantsi du Jirusekek.
Gas naturalaren sektoreak hazteko gaitasun mugatua du Norvegian, arrazoi logistikoengatik zein politikoengatik. «Gas hobi berriak herrialdearen iparraldean daude, eta, gaur egungo azpiegituren bidez, ezin da gas gehiagorik garraiatu hegoaldeko gas hodietara, Europarekin lotzen gaituzten horietara», azaldu du Jakub M. Godzimirski-k, Norve- giako Nazioarteko Arazoetarako Institutuko Energia adituak. «Gainera, bada beste oztopo politiko posible bat ere: alderdi batzuk, berdeak batik bat, gehiago zulatzearen kontra daude», erantsi du.
Norvegia, aitzindaria
Alderdi askotatik, Norvegia ezohiko erraldoi energetiko bat da. Batetik, munduko gas esportatzaileetan laugarrena da, eta petrolio esportatzaileetan zazpigarrena. Baina, aldi berean,petroliotik eratorriak ez ditu diruz laguntzen bere herritarrentzat. Libian eta Iranen, adibidez, gerta daiteke litro bat gasolina litro bat ur baino gutxiago kostatzea; Norvegiako gidariek, berriz, Europan denik eta garestien ordaintzen dute gasolina: 2,53 euro litroa. Horren erdia baino gehiago zenbait zergari dagokio. Europako gobernu askok —Espainiakoak eta Frantziakoak, besteak beste— hala eginagatik, Norvegiak berriki ez die inolako deskonturik ezarri tasei inflazioa mugatzearren.
«Agintariek politika izugarri anbiziotsu bat abiarazi dute auto elektrikoak sustatzeko, eta gasolinaren kostuak ez du inolaz ere sustatzen gasolina autoak erostea», nabarmendu du Godzimirskik. Esaterako, ez dago auto elektrikoak erostearen gaineko zergarik, auto ilararik sortuz gero bide lasterretik ibiltzeko aukera dute, eta ez dute ordaindu beharrik kalean aparkatzeagatik, edo oso gutxi ordaintzen dute. Oso neurri arrakastatsuak izan dira, salduriko auto guztien %80 baino gehiago auto elektrikoak izateraino. Dagoeneko, auto horiek osatzen dute Norvegiako automobil parkearen erdia, sekula ez bezalako mugarria mundu osoan.
Trantsizio berdeari buruzko adostasun politikoa alde batera utzita, lorpen hori ezinezkoa litzateke erosahalmena handia ez balitz, zeina gasetik eta petroliotik eratorritako diru sarreren ondorio baita. Legez, gobernuak baliabide horien ehuneko mugatu bat baino ezin du erabili: automatikoki funts subiranora doaz, eta funts horrek bermatu behar die aberastasuna norvegiarren hurrengo belaunaldiei, behin petrolioa agortzen denean. Hain zuzen ere, agintariek berriro kalkulatu dituzte aurreikuspenak, erregaien prezio berrien eraginez, eta iragarria dute aurten 64.000 milioi euro sartuko dituztela funts horretan. Norvegiakoa da munduko funts subiranorik handiena, eta nazioarteko merkatuko akzioen %1,3 ditu.
Argindarrarekin, ordea, gasolinarekin ez bezala jokatu du gobernuak: diru laguntzen bidez esku hartu du, prezioen igoera mugatzeko asmoz; argindarraren igoerak manifestazioak egitera bultzatu zuen jendea hegoaldean. Izan ere, neguan, hegoaldeko biztanleek iparraldekoek baino 100 aldiz gehiago ordaindu zuten argia. «Bi arrazoirengatik gertatu zen hori: batetik, Europako gainerako herrialdeetan ere garestitu zelako, eta hegoaldekoen sare elektrikoa gainerako herrialdeetako sarearekin lotua dagoelako; bestetik, urtegietako ur maila ohi baino apalagoa izan zelako», azaldu du Godzimirskik, eta gogora ekarri Norvegian kontsumituriko argindarraren %97 bitarte hidroelektrikoa dela. Eskandinavian ere hasiak dira klima aldaketarekin zerikusia duten aldaketak nabaritzen plubiometria ereduetan.
Energia. EBren beste hornitzaileak
Iparraldeko gas fidagarria
Norvegiak gas ekoizpena handitu du, eta azken hilabeteetan %8 handitu ditu Europara egindako esportazioak. Baina horrek ezin du bete bere kabuz Errusiaren hutsunea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu