Ipar Kutxak eta Bankoak 100 langile kaleratu nahi dituztela dio LABek

Aurreko urtean baino irabazi gehiago lortu ondoren erregulazio espedientea aurkezteari «iraingarria» deritzote

Erredakzioa
2011ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Gaur egungo baldintzetan bat eginez gero langileak soberan izango lituzketela diote Ipar Kutxak eta Bankoak. Horregatik, fusioa gauzatu aurretik, ehun langile kaleratu nahi dituzte. LABek jakinarazi duenez, bi erakundeetan ordezkaritza daukaten sindikatuekin —LAB, CCOO eta ELA— egin zuten bigarren bileran lana erregulatzeko espedientea martxan jartzea proposatu zuten Ipar Kutxako eta Bankoako ordezkariek. Horrela izan ezean bi erakundeen arteko bat-egitea ezingo dela burutu argudiatu zuten, LABek esandakoaren arabera.

Ehun langile kaleratzeko erabaki hori gaitzetsi egin du LABek, eta jakinarazi bi erakunde horiek aurreko urtean baino irabazi handiagoak lortu dituztela. Beraz, espedientea aurkezteko asmoa «irain onartezina» dela adierazi du sindikatuak, prentsa ohar baten bidez. Horren ordez, fusioak egungo eta etorkizuneko lanpostuak bermatu behar dituela azpimarratu du LABek.

Bi erakundeak bat egiteko prozesuan bikoizketak izango zirela jakitun ziren Ipar Kutxa eta Bankoako zuzendaritzako kideak prozesuaren hasieran. Eta hala jakinarazi zuten maiatzaren amaieran, bat-egitearen inguruko xehetasunak plazaratzeko egin zuten prentsaurrekoan. Bikoizketak egotea aurreikusi arren, adostu gabe inor ez zutela kaleratuko ere jakinarazi zuten agerraldi horretan. Gaur egun bi erakundeetan ordezkaritza handiena duen LAB sindikatuak esan du erregulazio espedienterik ez duela onartuko.

Negoziazio mahaiaren hurrengo bilera irailean egingo dute, eta LABeko ordezkariek «oporretan erregulazio neurri horien inguruan hausnar dezatela» eskatu diete bi finantza erakundeetako ordezkariei. «Era honetako proiektu batetik espero litezkeen proposamenak ekar ditzatela espero dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.