Ipar Euskal Herriko enpresen egoera «hauskor» ikusten du Andre Garreta Baionako MIG Merkataritza eta Industria Ganberako lehendakariak. Eskaera apaldu dela erran du, eta, inflazioa arintzen ari bada ere, irabaziak apaldu direla baieztatu du. Enpresaburuen %79k etorkizunari buruzko konfiantza agertzen dute, baina herenak ez dira satisfos urteko negozio zenbatekoarekin. Zergen pisua arintzea eta lanaren «gastua apaltzea» beharrezkotzat jo ditu Garretak.
Sei hilabetean behin egiten duen moduan, ekonomia barometroa aurkeztu du MIGek, Baionan. Agorrilaren 26tik irailaren 13ra enpresaburuen artean egin duten galdeketan oinarritzen da inkesta; Ipar Euskal Herriko 209 enpresak erantzun dute.
Industria arloan ikusi du zailtasun gehien Garretak: eskaerak apalenean dira, eta irabazietan izandako galerek diruzaintzan eragina dutela erran du. «Gutxiago dira inbertsioak egiten dituztenak». Aeronautikan ikusten du salbuespena, eta Baionako portuan ere jarduera ona dutela baieztatu du. «Industria enpresek espero dute galtzeak mugatzen ahalko dituztela».
Eraikuntza sektorean ere galerak mugatzea lortu dutela adierazi du. Enpresaburuen herenek adierazi dute eskaeretan apaltzea izan dutela. Langileak aurkitzeko zailtasunak dituzte oro har, eta «uzkur» dira inbertsioak egiteko orduan.
Komertzio sektorean handizkakoak eta saltegi ttipiak bereizi ditu. Handizkakoetan eskaeraren apaltzea eta inflazioa pairatu dituztela erran du, eta irabaziak gutxitu zaizkiela. Etorkizunari begira ikuspen falta dutela erran du. Sategi txikietan, hiri erdiguneetakoek periferietakoek baino hobeki «erresistitu» dutela baieztatu du. «Udako merkealdia baikorrak izan da, eta konfiantza dute urte bukaerari begira».
Azkenik, turismo sektoreak erdipurdiko bilana egin duela erran du. Olinpiar Jokoek, Frantziako Asanblearako hauteskundeek eta eguraldiak, turista kopuruan eragin duela uste du Garretak: uztailean eta agorrilean 5,5 milioi pertsona ibili dira Ipar Euskal Herrian; %2ko apaltzea.
Langabezia apal
Lan eskean direnen kopurua emendatzen ari da, eta hori zaindu behar dela uste du MIGeko lehendakariak, baina Ipar Euskal Herriko langabezia tasarik apalenetarikoa dela baieztatu du (%6). Euskal Herriko enpleguaren webgunean egunero 7.285 lan eskaintza daude, eta urte bakarrean 140.000 hartu-eman izan dira.
Industria, eraikuntza, osasungitza, pertsonenganako zerbitzuak eta kontabilitatea dira lan eskaintza gehien duten sektoreak; erizain laguntzaile, etxe garbitzaile, diruzain eta erizain lanbideetan eskaintzen dute enplegu gehien. «Bi milatik gora enplegu eskatzaile daude, eta zazpi milatik gora enplegu eskaintza. Nonbait bada arazo bat», harritu da Garreta.
%6Langabezia tasa. Ipar Euskal Herrian, biztanleria aktiboaren %6 dago lanik gabe. Haatik, lan eskean daudenen kopurua emendatu da urte batez, %3,8 gehiago.
Enpresa berrien immatrikulazioa apaldu bada ere, enpresen ixtea ere txikitu da, eta saldoa positiboa da. Haatik, kezkaz adierazi du legezko likidazioak emendatu direla.
Etxebizitza arloaz ere aritu da MIGeko burua, gaur egun langileak aurkitzeko «freno bat» dela adierazita. «Konponbideak aurkitu behar ditugu, eta laster».
«Irabazien urtzea»
Peio Etxeleku MIGeko lehendakariordeak ere parte hartu du agerraldian, eta enpresaburu gisa dituen bizipenak eman ditu: «Eskaerak murriztu dira, segurtasun falta dugu, bezeroak ahulagoak dira, eta pagatzeko zailtasunak dituzte; gure irabaziak urtu dira, elurra eguzkiarekin bezala». 250 langile ditu bere peko, hamar bat lantegitan; elikagai industrian, eraikuntzan eta salmenta arloan ari da. «Eraikuntza metalikoetan ari gara nagusiki; Ipar Euskal Herrian ez da kasik eraikuntza industrial berririk».
Elikagaiei begira ere kontsumitzaileen ohiturak aldatu direla erran du: «Urteetan tokiko eta kalitatezko elikagaien bila aritu dira, baina orain prezioari behatzen diote gehiago». Frantzian, Casino supermerkatua desagertu izana ere azpimarratu du. «Gure salmenten %7-8 inguru galdu da; zor zigutena ordaindu digute baina ahultzen du».
Etxegarairi tiroak
Andre Garreta gogor mintzatu da Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariaren kontra, bereziki CFE enpresen gaineko zergaren emendatzeari begira; zergak emendatuz «hitza jan» zuela erran du, «onartezina da». Horren ordez, elkargoak ekonomiak egin beharko lituzkeela erran du: «Baliabideak sortu daitezke ekonomiak eginez; hautetsiek enpresen funtzionamendua ulertu behar dute».
Elkargoaren eta MIGen arteko elkarrizketak etenda daude: «Ekainean genuen hitzordua bertan behera utzi zuten; geroztik ez dugu berririk». Etxegarai «guztien gainetik dela uste duen Sovieteko buru gorena» balitz bezala ari dela erran du, eta Etxelekuren gisako hautetsi bat baztertu izana deitoratu du. «Enpresei ere hitza eman behar zaie, badugu zer errana erabakiei buruz». Enpresaburuak politikan engaiatzera deitu ditu.