Frantziako Gobernua erori da, baina funtzio publikoko langileen haserrea ez da apaldu. Grebara deitu zuten sindikatuek gaurko Guillaume Kasbarian Frantziako Funtzio Publikoko ministro ohiak iragarria zuen erreforma salatzeko. Zentsura mozioak bertan behera utzi du behin-behinean, baina langileak ez dira fida Emmanuel Macron Frantziako presidentearen asmoez, eta karrikara atera dira zerbitzu publikoentzat baliabide gehiago eskatzeko. 1.600 pertsonak hartu dute parte Baionan egin duten mobilizazioan.
Hiru neurri iragarri zituen Kasbarianek: lan geldialdiak hartzean lehen hiru egunak ordainik gabekoak izatea —gaur egun egun bakarra galtzen dute langileek—, geldialdi garaian jasotako saria %10 apalagoa izatea, eta erosahalmenaren apaltzea estaltzeko funtzio publikoko langileei eman ohi dieten gainsaria ezabatzea. 2025eko Finantza Lege berria bozkatzean egin nahi zituzten murrizketetarik ziren horiek.
Aberastasunen banaketa justua da jokoan dena Patricia Glory CGTko eledunaren ustez. «Badu urteak aberastasunen banaketa ez dela bidezkoa, eta hor gorenera iritsiak gara: funtzionarioak ezabatu nahi dituzte. Milaka postu ezabatu dituzte lurraldeetako funtzio publikoan, hezkuntzan. Zerbitzu publikoei arnasa eteten ari dira».
«Epe laburrean, funtzio publikoaren andeatzea eta agenteen lan baldintzen okertzea aurreikusten zituen erreformari aurre egitea da helburua», Clement Pottier FSU irakaskuntzako sindikatuko kidearen hitzetan. «Baina ozen erran nahi dugu, era berean, ez ditugula onartzen azken urteetan martxan eman dituzten politikak. Aski da! Ez dugu gehiago horrelakorik nahi. Gutxiengoan dira iritzi publikoan, gutxiengoan dira hautetsontzietan. Bestelako politika publikoak behar ditugu, herritar guzien berdintasuna bermatuko dutenak».
Macronek ez ezik, haren aitzinetik izan diren gobernuek ere zerbitzu publikoak «gaizki tratatu» dituztela baieztatu du Xan Brialy LABeko kideak. «Mehatxupean eta arrisku larrian» ikusten ditu osasungintza, hezkuntza, justizia eta bestelako zerbitzu publikoak ere. «Horregatik gara karrikan. Momentu egokia da gure ahotsa entzunarazteko», gaineratu du, atzo izandako zentsura mozioari aipamen eginez.
Karrikan segitzeko prest
Frantziako Gobernuaren kontrako zentsura mozioaren ondorioz aurreikusitako erreforma berehalakoan aplikatuko ez bada ere, aspalditik lantzen ari diren gaia dela azpimarratu du Gloryk, eta «besapean» atxikiko dute Parisen Pottieren ustez, goiz ala berandu berriz ateratzeko. «Badirudi Macronek biziki fite joateko asmoa duela, eta orain artekoaren berdina izanen den gobernu bat iragarriko duela. Gisa bereko proiektua izanen dute». Horregatik, mezua helarazi nahi diote ondoko gobernuari, eta berezikiago Macron presidenteari: «Ez du balio berriz entsea daitezen; hor izanen gara karrikan errateko ez dela negoziagarria».
Demokraziarekin jostatzen ari direla uste du Gloryk: «Gobernua kargutik kendua izan da, baina funtsezko arazoak ez dira konpondu». Lehen ministro modura nor hautatuko duten esperoan geldituko direla erran du, baina ezkerreko gobernurik ez bada berriz karrikara aterako direla hitzeman du.