Astearte honetan, Donibane Lohizuneko Prado jatetxearen aurrean aurkeztu dute FSUk, Solidairesek, LABek eta eraikuntza eta altzairugintzako CGTk Laneko Istripuen Kontrako Sindikatuarteko Protokoloa. Duela lau urte, hain zuzen jatetxe horretan hiru langile erre ziren; horietarik bata larriki. «Lau urte beranduago, orduko jatetxeko nagusia zigortua izan da, 2024ko apirilaren 9an, egin zituen akatsengatik, eta ia inor ez da jakinean», adierazi dute sindikatuek.
Lau sindikatu horiek azken hiru urteetan behin baino gehiagotan mobilizatu dira heriotza eragiterainoko lan istripuak gertatu direnean. «Baitezpadakoa zaigu lan istripu horiek agerian ezartzea, oso jende gutxik aipatzen dituelako». Heriotza bat gertatzen delarik mobilizatzen badira ere, sindikatuek diote badakitela beste istripu asko isilpean geratzen direla. «Ezin ditugu lan istripu horiek arrunt bilakarazi».
Elkarretaratzeak automatizatu
Protokoloan istripu motak zerrendatu dituzte, bakoitzari emanen lioketen araberako erantzunarekin. Honakoak dira dokumentuan bildu istripuak: istripu hilgarria lantokian, istripu hilgarria laneko bidean, suizidioa lantokian edo lanarekin lotua, eta lan istripu larria.
Aldi bakoitz, protokoloan adostu erantzunak ekartzeko hitza ematen dute lau langile sindikatuek. Langile bat hiltzen bada, «protokoloa izenpetu duten sindikatuek elkarretaratze bat antolatzea hitzematen dute ezbeharra gertatu den lantoki aitzinean istripu ondoko ostiral eguerdian». Eta, «baldintzak egokiak badira elkarretaratze egunean lanuzterako edo grebarako deialdia egingo da enpresa horretan». Sindikatu ordezkaritzen araberako baldintzak aipatzen dira, besteak beste. Oro har, bertako langileekin hitz eginda aritzea aipu dute.
Istripua laneko bidean denean, gauza bera iragartzen dute langilearen bizitokia litzatekeen Herriko Etxe aitzinean. Halaber, «istripuz kolpatu den» langile batentzat, edo bere buruaz beste egin duenarentzat.
Azkenik, protokolo izenpetzaileek apirilaren 28ko Lan Osasunaren eta Segurtasunaren munduko egunerako mobilizazioa antolatuko dutela idatzi dute.
Protokoloaren helburua «enpresetan pedagogia» egitea dela erran dute; «langileen eta langile sindikatuen artean harremanak sortzea». Horrez gain, lan istripuak gertatzean mobilizazioak automatikoak bilakatzea nahi lukete. Protokoloa enpresaz enpresa banatuko dute bihartik goiti. «Langile guztiei dei egiten diegu protokoloa irakurtzera eta gurekin harremanetan sartzera», adierazi dute.
Dokumentua sindikatu guztiei zabalik gelditzen da. «Gure lanpostuak galtzeko beldurrak, gure lan baldintzen prekarizazioak eta, oro har, duintasunez bizitzeko gero eta zailtasun handiagoak ondorio negargarriak dituzte langileen osasunean. Horregatik, ezinbestekoa iruditzen zaigu ahalik eta sindikatu gehienek elkarrekin lan egitea gai horren inguruan», idatzi dute protokoloan berean. Dokumentua bat egiteko prest diren beste sindikatuekin «hobetzekoa eta garatzekoa» dela diote.