Interinoak finko egitea «aukera bat» dela berretsi du Europako Auzitegiak

Zehaztu du neurri hori eraginkorra izan daitekeela, betiere Espainiako legeria urratzen ez badu. Hori argitzeko eskatu dio Auzitegi Gorenak.

Hezkuntzako lan eskaintza publiko baterako azterketa bat Barakaldoko BECen. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Hezkuntzako lan eskaintza publiko baterako azterketa bat Barakaldoko BECen. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko ekainaren 13a
14:00
Entzun

Bere iritzia eman du beste behin Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak, baina berriz ere Espainiako Estatuari itzuli dio pilota. Administrazioko bitarteko langileen edo langile interinoen auzian berretsi du behargin horietako asko abusuzko egoeran daudela —alegia, urte asko daramatzatela behin-behinean—, eta hori konpontzeko aukeretako bat dela finko egitea, betetzen ari den lanpostua oposizio bidez eskuratu ez arren. Dena den, zehaztu du hori «aukeretako bat» dela, eta betiere «zuzenbide nazionalaren interpretazioaren aurkakoa ez bada».

Hain justu, Espainiako Auzitegi Gorenak maiatzaren amaieran ebatzi zuen ezin dela halakorik egin, nahiz eta lurralde epaitegi batzuek kontrako epaiak kaleratu dituzten. Gorenaren arabera, funtzionario edo langile publiko finko izateko ezinbestekoa da lanpostu bat lortzea hautaketa prozesu batean. Alegia, ez da aski prozesua gainditzea edo zerrendetan egotea, interinoen kasuan bezala, lanpostu bat egokitzeko. Azpimarratu du hori egitea administrazio publikoa arautzen duen sistemaren —hots, Espainiako Konstituzioaren— berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioen aurka egitea litzatekeela.

Espainiako Auzitegi Gorenaren arabera, Europako epaitegiaren gomendioa Espainiako Konstituzioaren aurkakoa da.

Ebazpen horretan, Gorenak Luxenburgora jotzea erabaki zuen, Espainiako araudia Europakoarekin bat datorren argitu dezan. Gaurko erabakian —abokatu talde batek jarritako galdera bati erantzunez—, Europako auzitegiak aurreratu du Espainiako justiziari dagokiola interpretatzea Espainiako legeria Europako zuzenbidearekin bat datorren. Dena den, horri buruz azalpen gehiago ematea espero da.

Irtenbide zaila

Interino askok auzitara jo dute argudiatuta haiek betetzen ari diren lanpostua ez dela inoiz lehiaketa publikora atera. Europako jurisprudentziaren arabera, hiru urte baino gehiago egoera horretan daramatenek abusuzko egoeran daude, eta irtenbide bat eman behar zaie. Aukeren artean dago finko egitea, baina baita kalte ordainak ematea ere —kasu horretan, Luxenburgoren arabera, funtzionario batek kaleratzeagatik jasoko lukeen berbera izan beharko luke—. Horrekin batera, auzitegiak, bere azken ebazpenean, iradoki du finko egiteak eta funtzionario izateak ez dutela zertan gauza bera izan.

Juridikoki irtenbide zaila dauka auziak, eta patata bero bat da politikarientzat. 2021. urtean Iceta legea deiturikoa onartu zuen Espainiako Gobernuak. Horretan oinarrituta, gaur egun behin-behinekoek betetzen zituzten lanpostuak egonkortzeko prozesuak abiatu dituzte administrazioek. Prozesu horietako askotan eskatutako baldintzek erraztu egiten dute lanpostuan interino daudenak sartzea —adibidez, ez dute azterketarik egin behar, eta esperientzia eta meritu jakin batzuk eskatzen dizkiete, kasu askotan soilik haiek betetzen dituztenak—. Hala ere, behin-behinekoekin betetzen diren lanpostu guztiak ez dira eskaini lehiaketan, eta salatu dute langile asko kalean geratuko direla.

Hala gogoratu du ELAk, eta azpimarratu du gaur egun Hego Euskal Herrian 77.000 langile publiko daudela behin-behinean. Sindikatuaren iritzian, azken urteetan hartutako neurriek ez dute balio izan egoera konpontzeko, eta Europako auzitegiak, finkotasunaren alde agertu arren, ez du hori derrigortzeko gaitasunik. ELAk berretsi du mobilizazioa ezinbestekoa dela erakundeak eta alderdi politikoak sektore publikoko aldi baterako langileak finkatzera behartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.