Administrazioko bitarteko langileen edo langile interinoen auzian bere iritzia eman du Espainiako Auzitegi Gorenak. Baztertu egin du hiru urte baino gehiago behin-behinean daramaten langileak automatikoki finko egitea. Eta berretsi du funtzionario edo langile publiko finko izateko ezinbestekoa dela lanpostu bat lortzea hautaketa prozesu batean, ez dela aski prozesua gainditzea edo zerrendetan egotea. Azpimarratu du hori ez egitea litzatekeela administrazio publikoa arautzen duen sistemaren —hots, Espainiako Konstituzioaren— berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioen aurka egitea.
Gorenak ebazpen hori kaleratu du EBko Justizia Auzitegi Nagusiak otsailaren 22an kaleratutako beste bati erantzunez. Luxenburgoko ebazpen horretan oinarrituta, epaitegi batzuek arrazoia eman diete bitarteko langile batzuei; duela gutxi, hala egin du EAEko Auzitegi Nagusiak hezkuntzako behargin batekin. Baina kontrako ebazpenak ere kaleratu dituzte. Hala, Gaztela eta Leongo gobernuak doktrina bateratzeko eskatu zion Gorenari.
Gorenaren arabera, Luxenburgoko auzitegiak ez ditu behartzen administrazioak hiru urte baino gehiago postu berean daramaten bitarteko langile guztiak langile finko bihurtzera. Aukera bat izan daitekeela dio, baina ez bakarra, eta Espainiako auzitegien esku dagoela hori ebaztea.
Gorenak aukera hori baztertu du, argudiatuta Espainiako araudiak ez duela halakorik baimentzen, eta Europari itzuli dio berriz pilota, hark argitu dezan Espainiako araudian esaten dena bateragarria ote den Europako Batasuneko araudiarekin. Abokatu talde batek galdera bera egin dio, eta ekainaren 13rako espero dute erantzun bat.
«Abusuari» irtenbidea
Ez da lehenengo aldia Europako Batasuneko epaitegia gaiari buruz mintzatzen dena. Aurreko beste ebazpen batzuetan, abusutzat jo izan du langileak hiru urtean baino gehiagoan egotea behin-behinean administrazioan, eta hori konpontzea galdegin izan dio Espainiako Estatuari. Hala, 2021. urtean Iceta legeadeiturikoa onartu zuen gobernuak.
Ikusi gehiago
Horretan oinarrituta, lanpostuak egonkortzeko prozesuak abiatu dituzte administrazioek. Prozesu horietako askotan eskatutako baldintzek erraztu egiten dute lanpostuan interino daudenak sartzea —adibidez, ez dute azterketarik egin behar, eta esperientzia eta meritu jakin batzuk eskatzen dizkiete, kasu askotan soilik haiek betetzen dituztenak—. Hala ere, behin-behinekoekin betetzen diren lanpostu guztiak ez dira eskaini lehiaketan, eta salatu dute langile asko kalean geratuko direla.