Interes tasak puntu erdi igo ditu EBZk, %3,5era, baina ez ditu igoera gehiago iragarri

Finantza ekaitzak ziurgabetasuna handitu duela aitortu arren, banku zentralak inflazio handiari eman dio lehentasuna. Lagardek bankuak sendo ikusten ditu

Irune Lasa.
2023ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Inflazioa lehentasun duela berretsi du Europako Banku Zentralak, eta, horregatik, bere asmoei eutsi die, eta interes tasa ofiziala puntu erdi igo du: %3tik %3,5era. Beraz, puntu laurdeneko igoera apalagoa baztertu du aste honetan, finantza merkatuen egoera ikusita, nahiz eta halakorik eskatzen zioten ahots asko izan, uste dutenak interes tasak igotzen jarraitzeak bankuei eta finantza sistema berari kalte egin diezaiekeela.

Hori bai, Credit Suisseren egoeraren itzalpean, aurreko prentsaurrekoetan ez bezala, Christine Lagarde EBZko presidenteak uko egin dio galdera honi erantzuteari: banku zentralaren hurrengo bilkuretan ea tasen igoerarik espero daitekeen. «Argi daukagu epe ertainera inflazioa %2ra jaitsarazi behar dugula; hori lortzeko hartuko dugun bidea datuen araberakoa izango da. Azken egunetan finantza merkatuetan zabaldutako ziurgabetasun maila handia ikusita, ikusi behar dugu datu horiek zer dioten».

Inflazioa, «goregi» luzaz

Izan ere, batetik, martxoaren lehenean egindako banku zentralaren aurreikuspenak ditu EBZk. Haien arabera, inflazioa handia izango da luzaz eurogunean; «goregi» egongo da denbora «luzeegian». Otsailean, %8,5era jaitsi zen euroguneko inflazio tasa, energia prezio apalei esker, baina elikagaien prezioak %15 ari dira gora.

Eta azpiko inflazioa aurreikusi baino gehiago igo zen, %5,6ra. Elikagai freskoak eta energia gaiak aintzat hartzen ez dituen azpiko inflazio hori da, hain zuzen, banku zentralaren buruko min handienetako bat oraintxe bertan. «Ez dugu aurrerapen handirik ikusten azpiko inflazioaren osagaien bilakaeran», esan du Lagardek.

Hortaz, martxo hasierako azterketari men egin dio EBZk erabakia hartzean. Bestetik, ordea, ikusteko dago —baita EBZrentzat ere— azkenean zer gertatzen den finantza merkatuetan. SVB Silicon Valley Bankekin aurrena eta Credit Suisserekin ondoren piztutako ekaitzaren inguruko kezka hor egon da, EBZko presidentearen hitzetan. Lagardek esan du ziurgabetasun handia dagoela, banku zentrala «oso adi» dagoela finantza merkatuetako gertakariei, «ager daitezkeen tentsioei».

EBZren tresnak

Aldi berean lasaitasun mezua ere eman nahi zuen, eta presidenteak azaldu du EBZk hainbat tresna eta baliabide dituela, lehen ere erakutsi dutenak baliagarriak direla. Tresna horien artean daude, besteak beste, pandemiak aktibatutako zor erosketa programa, eta zatikatzea (herrialdeko arrisku sarien arteko desoreka) ez gertatzeko programa, zeina irailean onartu zuen EBZk eta oraindik ez duen aktibatu.

Lagardek ez du kontrakotasunik ikusten prezioen egonkortasuna eta finantza merkatuen egonkortasuna bilatzeko helburuen artean. «Ez dago zertan aukera egin inflazioa borrokatzearen eta finantza egonkortasuna lortzearen artean; biak osagarriak dira».

Euroguneko bankuak

Edonola ere, Lagardek ez du likidezia krisirik ikusten «gaur egun». Eta uste du euroguneko bankuak askoz ere sendoago daudela 2008. urtean baino.

Luis de Guindos EBZko presidenteordeak ere ildo hori jorratu du, eta azaldu tasen igoerak bankuen marjinak handitzea ere badakarrela. Gero, azaldu du SVB bankuaren kasua oso berezia dela, eta Credit Suisseri buruz, Suitzako bankuarekiko euroguneko bankuen esposizioa «mugatua» dela, eta esposizio hori ez dagoela kontzentratua banku batzuetan.

De Guindosek esplikatu du bestela ere banka sektorea 2008an baino askoz ere erresilienteagoa dela, kapital handiagoa dutelako orain 10-15 urte baino, eta likidezia egoerak sendoagoak direlako.

Dena den, Bloomberg webgunearen arabera, De Guindosek EBZko gobernu kideei azaldu die badaudela eurogunean banku batzuk estuasunean egon daitezkeela interes tasen igoerekin eta dauzkaten negozio ereduekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.