Bizkorrago joateko eskaerek ez dute funtzionatu, eta interes tasak aurreko erritmoan jaitsi ditu EBZ Europako Banku Zentralak: %0,25. Horrenbestez, bere erreferentziazko tasa, gordailuena, %3 da orain, 2023ko apirilaz geroztik izandako txikiena.
Christine Lagarde EBZko presidenteak onartu du tasak puntu erdi jaisteko eskaera batzuk izan direla banku zentralaren kontseiluan, baina puntu laurdenarekin nahikoa den iritzia nagusitu da. Arrastorik ez du eman hurrengo bileretan zer egingo duten, eta, aurreko bileretan bezala, azpimarratu du erabakiak datuen arabera hartuko dituztela.
Eta zer adierazten dute datuek? Bi hitzetan, inflazioa beherantz ari dela eta hazkunde ekonomikoa oso apala dela. Hori dela eta, lehentasunak aukeratzeko presioak aldatzen ari dira Frankfurteko dorrearen inguruan. Orain arte inflazioa lehenbailehen %2raino jaistea zen lehentasun erabatekoa, eta orain, helburu hori albo batera utzi gabe, gero eta ozenago entzuten dira jarduera ekonomikoa laguntzeko —edo ez itotzeko— diru politika bat martxan jartzeko eskaerak, baita EBZko kontseiluko kide batzuen ahotik ere.
Lagardek onartu du interes tasak «oraindik murriztaileak» direla —maileguak gutxitu nahi dituztela, alegia—, «oraindik ez baitugu bukatu geure lana», baina jakinarazi du tasa ofizialak jaisteak dagoeneko eragin duela mailegu errealak merkatzea. Horrela, urrian enpresek hartutako zor berrietan batez beste %4,7ko interesa ordaindu zuten, urtebete lehenago baino 0,5 puntu gutxiago. Hipoteka maileguak ere merkatzen ari dira.
%2,4Euriborra. Aurreko hilabeteetan baino motelago, baina Euriborra ere jaisten ari da. Azaroan %2,5eraino iritsi zen, eta abenduko orain arteko batezbestekoa %2,4koa da. Mailegu berriak merkatzea dakar datu horrek, baina baita orain berritu behar direnak ere, Euriborra %3,679 baitzen iazko abenduan.
Hurrengo bileretan ere interes tasak jaitsi egingo dituztela espero dute analista guzti-guztiek, gutxienez «maila neutral bateraino», hau da, jarduera ekonomikoa apaltzen edo sustatzen ez duen maila bateraino. Kazetariek behin eta berriro galdetu diote Lagarderi zein den maila neutral hori, eta galderari hainbat aldiz izkin egin ondoren, azkenean eman du kopuru bat: %1,75 eta %2,5 artean. Tarte hori da EBZko kideek neutraltzat jotzeko egin dituzten proposamenak.
Interes tasen beheranzko bidea trabatu dezakeen bakarra inflazioa suspertzea da, baina banku zentralak ez du aurreikusten halakorik. Egia da azken bi hilabeteetan berriro gora egin duela, %2,3raino azaroan, baina igoera behin-behinekoa dela ohartarazi zuen aspaldi Lagardek, iazko azken hilabeteetan energia asko merkatu zelako eta harekiko aldea ikusten delako orain.
Gaur berritu dituzte iragarpenak, eta «desinflazio prozesua bide onean» doala nabarmendu du banku zentralak. Aurten %2,4ko inflazioa espero dute, %2,1ekoa datorren urtean, %1,9koa 2026an, eta %2,1ekoa 2027an. EBZren helburua %2ra iristea da, hori baita, haren ustez, ekonomiak egoki funtzionatzeko behar duen tasa.
Hazkunde motela
Jarduera ekonomikoari dagokionez, EBZk hazkunde iragarpenak apaldu ditu, irailekoekin alderatuz: %0,7 aurten, %1,1 2025ean, %1,4 2026an, eta %1,3 2027an.
Banku zentralaren ustez, bi oinarri izango ditu 2025eko emaitza hobeagoak: soldatak igotzen ari direla —eta, hortaz, kontsumoa handituko dela—, eta enpresek gehiago inbertituko dutela. «Denborarekin, diru politika murriztailearen ondorioak desagertu ahala, barne eskaria suspertu egingo da», azaldu du.
2024. urtea amaitzearekin batera bukatuko dira EBZk bere garaian ekonomia suspertzeko hartutako bi neurri. Batetik, bankuek orain itzuli beharko dute LTRO izeneko enkanteen bidez jasotako mailegu merkeen zatia. Bestetik, EBZk utzi egingo dio pandemiaren garaian erositako zorraren irabaziak berriro inbertitzeari.
Txinak bere ekonomia suspertuko du
Txinako Gobernuak ekonomia sustatzeko neurriekin erantzungo dio Donald Trumpen protekzionismoari. Azken hamalau urteetan diru politika «zuhurra» izan ondoren, Txinako Alderdi Komunistaren politburoak iragarri berri du 2025etik aurrera diru politika «nahiko lausoa» izango duela. Beste hitz batzuetan, interes tasak gehiago jaitsiko dituela eta gastu publikoa gehiago handituko duela, AEBekin gerra komertziala sakontzeak ekar ditzakeen arazoei erantzuteko.
Txinako Parlamentua martxoan bilduko da urteko saioa egiteko, eta orduan hartuko dituzte ofizialki ezarritako helburu ekonomikoak lortzeko neurriak. Baina politburoaren mezuek jada erakusten dute politika ekonomikoa nondik nora joango den. Horien artean dago burtsak eta etxebizitza merkatua «orekatzea», eta barne kontsumoa handitzea. Azken horrek hartu beharko du ekonomiaren motor izateko lana hurrengo urteetan, industria esportatzailearen ordez. Izan ere, bai AEBetan bai Europako Batasunean neurriak hartzen eta aztertzen ari dira Txinako produktu batzuei mugak jartzeko, beren produkzio kate propioei kalte egiten dietelakoan.
Joera hori are biziagoa izango da orain AEBetan, Trumpek ziurtatu baitu %60 arteko muga zerga bat jarriko diela Txinako inportazio guztiei. Ikusteko dago mehatxu hori beteko duen ala ez, baina azken asteetan AEBetako inportatzaile askok eskaerak handitu dituzte, etorriko denari aurre egiteko.