Banku zentralek ez dituzte ustekabeak maite, eta, horregatik, espektatibak sortzen dituzte, merkatuetako eragileak ez daitezen aztoratu eta ez ditzaten hartu milaka milioiren gorabeherak ekartzen dituzten erabakiak. Europako Banku Zentralak irailean interes tasak jaitsiko zituen ustea zabaldu zuen udan, eta espektatiba hori bete du gaur.
Interes tasak zenbat jaitsi diren azaltzea, ordea, ez da hain gauza erraza, arrazoi teknikoak direla eta. Izan ere, martxoan erabaki zuen banku zentralak bere hiru interes tasa nagusien arteko aldea txikitzea, eta gaurko bileran indarrean jarri du neurria.
EBZk hiru interes tasa erabiltzen ditu: mailegu arruntena (MRO edo finantzaketa operazio nagusia), premiazko maileguena, eta gordailuena.
Azken horrek esaten du zer-nolako interesa ordaintzen dien EBZk beren erreserbak banku zentralen kutxetan gordetzen dituztenei, eta gaur egun pisu handia hartu du, EBZren erreferentziazko interes tasa bilakatzeraino. Bankuak berak nabarmendu du hura dela bere diru politikaren tresna nagusia. Orain puntu laurden bat jaitsi du, %3,5eraino.
Mailegu arrunten interes tasak, berriz, esaten du zer-nolako interesa ordaintzen dioten bankuek EBZri haren astebeteko edo hiru hilabeteko maileguen truke. Hori izan da oraintsu arte interes tasa nagusia, baina azkenaldian indarra galdu du, funtsean bankuek ia ez diotelako EBZri dirua eskatzen.
Kontua zera da, lehenik euroaren krisiari eta ondoren koronabirusarenari erantzuteko EBZk likideziaz josi zuela merkatua, LTRO eta TLTRO operazioen bitartez. Hau da, bere eguneroko operazioetarako nahi beste diru utzi zien merke, eta, hortaz, ez zuten finantzatzeko modu arruntetara jo behar. Likidezia operazio berezi horiek amaitu dira, eta bankuak ari dira horien bidez lortutako dirua itzultzen, baina oraindik nahiko diru daukate beren eguneroko beharretarako. MRO maileguetan, berriz, 10.000 milioi euro daude orain indarrean: gutxi, eurogunean zenbat ditu mugitzen den ikusita.
Gaurko aldaketekin, asko txikituko da EBZren interes tasen arteko aldea: gordailuena puntu laurden jaitsiko da, baina 0,6 puntu mailegu arruntena (%3,65eraino) eta premiazkoena (%3,9).
Tarteak txikitzearen helburua da finantza merkatuetan gorabehera txikiak egotea, haien arteko tratuetan bankuek ez dutelako onartuko gordailu tasa ofiziala baino gutxiago —bestela EBZri utziko liokete sobran daukaten likidezia—, eta ez dutelako ordainduko EBZren mailegu tasa baino gehiago —bestela EBZra zuzenean joko luketelako dirua eskatzeko—.
Urrian ere bai?
Gaurko mugimendua dagoeneko telegrafiatua zegoenez, Christine Lagarde EBZko presidentearen agerraldiaren interes nagusia izan da jakitea zer gertatuko den hurrengo bileretan. Ez du, ordea, arrastorik eman. Azken bileren ondoren bezala, Lagardek nabarmendu du «datozen datuen araberako erabakiak» hartuko dituela eta ez duela konpromisorik hartu hurrengo bileren norabideari buruz. Espektatibak, hortaz, zabalik daude.
Edonola ere, analistek ziurtzat ematen dute abenduaren 12ko bileran berriro beste koska bat behera egingo dutela, baina zalantza handiagoak daude urriko bileraren emaitzaren inguruan.
Urrian ezer egingo ez duten iritzikoa da Aitor Aranburu ekonomista: «Inflazioa nabarmen jaisten ez bada, datorren mugimendua abendukoa izango da». Irailean %2tik behera jaitsiko dela iradoki du Lagardek, baina jaitsiera koiunturala izango dela, eta urteko azken hiru hilabeteetan berriro pixka bat igotzea espero dutela.
Luzera begirako joera, ordea, beheranzkoa da, baina poliki doa %2ko gogoko maila sendotzeko prozesua. Abuztuan %2,2ra jaitsi zen, eta baina Aranburuk ohar bat egin du: zerbitzuen inflazioa %4koa da oraindik, eta horrek asko kezkatzen du EBZ, inflazioak berriro gora egin dezakeen seinaletzat daukalako. Lagardek gaiari heldu dio, eta hiru faktorerekin lotu du: soldatak, enpresen mozkinak eta produktibitatea.
Soldatapekoak, oro har, inflazio handiko garaian galdutako erosahalmena berreskuratzen ari dira, baina igoera horren erritmoa moteltzen hasia da, eta are gehiago motelduko da 2025eko bigarren erdian. Lagarderen arabera, igoera horrek inflazioan daukan eragina gutxitu du enpresek beren irabazi tartea ere txikitu izanak —ez zuten halakorik egin inflazioa asko igotzen ari zenean—. Produktibitateari dagokionez, handitzen ari da, baina EBZk nahi baino gutxiago.
Inflazioa, %2,5 aurten
Gaur berritu ditu EBZk bere iragarpen ekonomikoak. Inflazioari dagokionez, ez du aldaketa handirik egin: batez beste %2,5 izango da aurten, %2,2 2025ean, eta %1,9 2026an. Urtea amaitu bitartean pixka bat igotzea espero du; izan ere, EBZren arabera, desagertu egingo da iaz urte bukaeran energian izandako merkatze handiaren eragina.
BPGaren aurreikuspena pixka bat apaldu du: %0,8 izango da aurten, %1,3 2025ean, eta %1,6 2026an. Lagardek onartu du alde handiak daudela euroguneko herrialdeen artean, batzuk bizkor ari baitira hazten —Espainia eta Herbehereak aipatu ditu—, baina besteak atzeraldian baitaude —Alemania—.
Euriborra, %3tik behera sendo
Interes tasa ofizialen jaitsierari aurreratu zitzaion Euriborra, eta ez dirudi beheranzko bidea geratu nahi duenik. Gaur beste 0,031 galdu du, eta %2,929an kokatu da, 2022ko abuztuaz geroztiko mailarik txikienean. Iraileko batezbestekoa ere %3tik behera dago dagoeneko. Horrela jarraituz gero, hipotekaren kuota orain berritu behar dutenek diru asko aurreztuko dute. Esaterako, bankuari oraindik 150.000 euro itzuli behar dizkietenek gutxi gorabehera ehun euro gutxiago ordainduko dituzte hilero baldin eta urtean behin aldatzen badute kuota —eta 60 euro gutxiago sei hilean behin aldatzen badute—.
Noiz arte jaitsi daiteke Euriborra? «Inflazioaren beherako joera ez bada aldatzen, urte bukaeran %2,50 inguruan egongo da, eta datorren urtean %2ra hurbilduko da», kalkulatu du Aitor Aranburu ekonomistak.