Interes tasak aldapa behera, baina galgak sakatuta

Ia ziurtzat jo daiteke Europako Banku Zentralak bere interes tasak %4,25era jaitsiko dituela etziko bileran. Baina, igotzeko ez bezala, apaltzeko ez du presarik izango.

EBZren dorrea, Frankfurten. ROLAND WITTEK / EFE
EBZren dorrea, Frankfurten. ROLAND WITTEK / EFE
Iker Aranburu.
2024ko ekainaren 4a
05:00
Entzun

Interes tasa handien aroa amaitzen hasiko da ostegunean Europako Banku Zentrala, baina patxadaz egingo du, oraindik ez delako fio inflazioaren bilakaerarekin. Ustekabe handirik ez badago, banku zentralak puntu laurden bat jaitsiko ditu interes tasak, %4,25eraino. Beheranzko lehen mugimendua izango da 2015eko irailaz geroztik, eta urteko azkena ez izatea espero da. Berri ona da mailegu bat dutenentzat edo eskatu behar dutenentzat, eta gazi-gozoa bankuentzat: mailegu gehiago emango dituzte agian, baina bakoitzaren truke gutxiago irabaziko dute.

Zer gertatuko da?

Puntu horretan adostasuna erabatekoa da: EBZk puntu laurden jaitsiko ditu interes tasak. %4,25era euroguneko bankuei ematen dizkien maileguetan, eta %3,75era bankuei beren soberakinak banku zentralean uztearen truke ordaintzen duen interesean. Hori ez egitea «izugarrizko ustekabea» izango zela ziurtatu du Aitor Aranburu ekonomistak, eta iritzi hori sendotu dute azken bizpahiru asteetan EBZko kontseilu kideek, belatzenek ere iradoki baitute orain jaisteko garaia dela.

Beste banku zentral batzuek ere jaitsi dute diruaren prezioa —Suitzakoak, Suediakoak, Txekiar Errepublikakoak eta Hungariakoak, esaterako—, baina EBZ izango da hori egiten lehena banku zentral nagusien artean, AEBetako Erreserba Federala eta Ingalaterrako Bankua oraindik zain daudelako inflazioa gehiago jaitsi arte. Japoniako Bankuak beste liga batean jokatzen du: %0,1ean daude han, aspaldiko partez maila positiboan, eta aurki gehiago igotzea espero da.

Ongi egin al du hainbeste itxaroten?

Ahots batzuek, Europa hegoaldean batik bat, erabakia berandu datorrela ziurtatu dute; aspaldi jaitsi behar zituela tasak, ikusita zer ahul zebilen euroguneko ekonomia —iaz ozta-ozta egin zion izkin atzeraldiari—. Ez da iritzi horretakoa Aranburu: «Ekonomiak uste baino hobeto jasan du interes tasen igoera meteorikoa, eta, alde horretatik, EBZk ez du tasak jaisteko presio handirik izan». Nolanahi ere, zuhurtasun horrek kaltetuak eragin ditu, eta horietako bat industria izan dela nabarmendu du Niko Cuenca ekonomistak. «Europako industria nahiko makal dabil, eta hori Euskal Herrian pairatzen ari gara; interes tasa handiak oztopo izaten ari dira enpresek inbertsioak egiteko, eta Euriborraren igoerak asko zamatu ditu enpresen kontuak».

AEBetan jaitsiera atzeratzeak eragina izan al du EBZren erabakian? 

Ezetz uste du Cuencak, baina onartu du «historikoa» dela EBZ aurreratu izana, «normalean Erreserba Federalaren atzetik ibili izan baita beti». Egoera ekonomiko «zeharo desberdinaren» ondorio dela azaldu du: «Han hazkunde ekonomikoa eta langabeziaren datuak sendoak dira, baina Europan ekonomia herrenka dabil. Horregatik, aurrea hartu beharko dio EBZk Erreserba Federalari». Edonola ere, Cuencak uste du Fed-ek ere aurki jaitsiko dituela interes tasak. Hala izatea espero du Aranburuk ere, bestela litekeena delako euroa ahultzea dolarrarekin alderatuta; «horrek inflazioa ekarriko luke, inportazioen garestitze bat ekarriko bailuke».

Zer egingo du EBZk hurrengo bileretan?

Etziko igoera ziurtzat ematen denez, analistek arreta handiz irakurriko dute EBZren agiria, eta arrasto bila ibiliko dira Christine Lagarde EBZko presidentearen agerraldian. Azken finean, arrasto horiek markatuko dutelako zer gertatuko den aurrerantzean interes tasa errealekin, hau da, herritarrek eta enpresek bankuei ordaintzen dizkietenekin. Tasa horiek, haien artean Euribor ospetsua, aurreratu egiten dira interes tasa ofizialei.

Adibide batekin errazago ikusten da: hainbat urtez %0an utzi ondoren, EBZ 2022ko uztailean hasi zen interes tasak igotzen, baina urte horretako ekainerako jada %0,852an zegoen. Beherantz, gauza bera gertatzen da: interes tasa ofiziala %4,5 izan arren, Euriborra %3,6-%3,7an dago azken hilabeteetan, ekaineko jaitsiera aspaldi deskontatu zutelako merkatuek. Eta ez da gehiago jaitsi espektatibak aldatu direlako. «2024rako hiruzpalau jaitsiera espero baziren ere, orain pare bat baino ez dira espero», adierazi du Cuencak. Irailerako eta abendurako espero direla zehaztu du Aranburuk, baina data horiek baieztatu aurretik nahiago du EBZren iragarpen ekonomikoak ikusi arte itxarotea, etzi eguneratuko dituzte eta.

Zer ondorio izango ditu interes tasak jaisteak?

Interesetan diru gutxiago gastatu behar izateak beste gastu batzuetarako diru gehiago utzi ohi du, eta hori gertatu beharko litzaieke hipoteka ordaindu behar duten familiei eta maileguak itzuli edo eskatu behar dituzten enpresei. Cuencak uste du batez ere enpresen inbertsioan ikusiko dela aldea: «Gaur egungo hazkunde ekonomikoaren zutabeetako bat inbertsio publikoa izan da. Inbertsio pribatua Europako diru laguntzei esker mantendu da, baina enpresek dexente sufritu dute diru politika zorrotza. Tasek lagunduko dute euskal ekonomiaren hazkundea gehiago orekatzen; zerbitzuei esker eutsi dio, baina horrek gabezia asko sortu ditu. Industria da kalitatezko enpleguak sortzen dituena, eta horretan eragina izan dezake».

Familien kontsumoa ere handituko delakoan dago Aranburu, eta horrek azkenean enpleguan ere eragin ona izan dezakeela. Enpleguak, berez, ongi eutsi dio hazkunde apaleko garaiari, bai Euskal Herrian eta baita eurogune osoan ere —%6,4ko langabezia tasa izan du apirilean, inoizko txikiena—, baina egia da langabeziaren beherakada moteldu egin dela azken urtean.

Eta zer eragin izango du bankuetan?

2022ko uztailean hasitako interes tasen igoera bizkorrak mesede handia egin die bankuen kontuei. Interesak zeroan zeudenean gai izan baziren dirua irabazteko —komisioak handituz eta aseguruetara zabalduz, besteak beste—, dirua interes handiagoan mailegatzeko aukera ez dute alferrik galdu, eta irabazi mardulak pilatu zituzten 2022an eta 2023an, inoizko handienak.

christine lagarde
Christine Lagarde EBZko presidentea, apirileko kontseilu osteko agerraldian. RONALD WITTEK / EFE

Aurten ere emaitza onak izango dituzte bankuek, baina nekez ikusiko dira azken bi urteetako igoerak. «Gordailuak apenas ordaintzen ari diren, eta hortik ari dira kontuak elikatzen. Baina maileguen negozioan sufritzen ari dira. Hipoteken sinadura datuak oso argigarriak dira: bankuak apurka-apurka hipoteken prezioak merkatzen ari dira, eta konkurrentziari hipotekak lapurtzeko lehia areagotu da», azaldu du Cuencak.

Zer interes tasarekin bukatuko da 2024. urtea? Eta 2025a?

Aranburuk bota du bere pronostikoa: %3,75 aurten, eta %3,25 datorren urtearen amaieran. Cuencak ere argi dauka ez direla jaitsiko igo ziren abiadura berean —hamar igoera beste hainbat bileratan—, eta 2025 amaieran «%3aren bueltan» egongo direla iragarri du. Gainera, oroitarazi du EBZk esan berri duela «diru politika zorrotza eta murriztailea» izango duela 2025 bitartean.

Itzuliko al dira interes tasak %0ra?

Ziurtasun handiz, ezetz diote adituek. «Ezinezkoa da», ziurtatu du Aranburuk, «ez bada katastrofe bat gertatzen: pandemia bat, krisi ekonomiko sakon bat, euroari buruzko zalantzak berpiztea, estatu batek zorrei erantzuteko ezintasuna...». Argi dauka Cuencak ere: «Inondik inora ere ez. Deflazio egoera bati aurre egiteko hartu zen tasak negatiboan eta %0ren bueltan uzteko erabakia. Gaur-gaurkoz egoera hori ez zait probablea iruditzen. Egia da, dena dela, testuinguru geopolitikoa zelan dagoen ikusita, dena azkar alda daitekeela». Izatekotan, kontrakoa espero du: «Tentsio geopolitikoek eta klima aldaketak prezioak gorantza tinkatuko dituzte». Aranburuk espero du interes tasak %2an kokatuko direla, EBZren inflazio helburua hori baita.

Inflazioa %10 inguruko tasetara itzuliko al da?

Ez du halakorik uste Aranburuk. «Pandemiaren aurretik zegoen egoerara itzuliko gara laster; hau da, gizartea gero eta zaharkituagoa dagoenez eta soldatak apalak direnez, inflazio tasa txikiak izango dira etorkizunean». Inflazio txikirako beste faktore bat ere ikusten du: adimen artifizialak gero eta garrantzi handiagoa izango duela ekoizpenean. 

Cuencak, ordea, iritzi dio %3tik gertuko inflaziora ohitu beharko duela euroguneak. Errazago ikusten du estanflazio egoera batera heltzea —BPG hazkunde txikia baino inflazio handia—, deflazioan jaustea baino —prezioen etengabeko jaitsiera—. «Ordainsarien inguruko debatea, klima aldaketa, trantsizio ekologikoa… Horiek guztiek prezioetan gero eta gehiago eragingo dute. Energia berriztagarriek argindarraren prezioa merkatzen lagunduko dute, baina bestelako aldagaiek gero eta gehiago zailduko dute inflazioaren kontrola».

EBZk ongi egiten al du %2ko inflazio helburuari eutsita?

Cuencak gogorarazi du EBZk jada malgutasuna eman ziola bere buruari. «%2ren langa ez da dagoneko marra gorria, eta %2ko muga asimetrikoa erabiltzen dute orain. Hau da, ontzat ematen du %2aren bueltan egotea, behetik zein goitik». Aranburu ados dago malgutasun horrekin, baina iruditzen zaio helburua inflazio txikiak izan behar duela, gainontzean aurrezkiek balioa galtzen dutelako eta soldatek erosteko ahalmena errazago galtzen dutelako. Baina inflazioaren kontrola zaildu egin delakoan dago Cuenca, klima aldaketak elikagaien prezioan ekar ditzakeen gorabeheren ondorioz. «Testuingurua aldatu da, eta agian EBZk jarrera gehiago malgutu beharko du».

Euriborra, udazkenean hobeto

Ohikoa den moduan, Euriborrak ez dio itxaron interes tasa ofizialari beheranzko bidea hasteko. Urrian jo zuen goia (%4,16), eta bizkor jaitsi zen hasieran (abenduan, %3,679), baina berehala eten zuen bide hori, ikusi zuenean EBZk denbora hartuko zuela diruaren prezioa jaisteko. Banku zentralaren erabakia gerturatu ahala hasi da berriro jaisten, baina oso erritmo geldoan, eta, gainera, ez da espero asko bizkortuko denik. Urtea %3,2an bukatuko duela espero du Funcas Espainiako aurrezki kutxa ohien federazioak, eta %3,3ko iragarpena egin du BBVAk.

 

Zer esan nahi du horrek hipoteka bat duenarentzat? Merkatu egingo zaiola, baina ez izugarri. Orain berritu behar dutenek 10-15 euro aurreztuko dituzte hilero —100.000 eurotik gorako mailegu bat itzuli behar badute—, baina jaitsiera handiagoak izango dituzte ekainetik azaro arteko datuekin eguneratu behar dutenek, iazko hilabete horietan guztietan %4tik gora izan zelako Euriborra, eta, hortaz, aurtengo datuarekin alde handiagoa izango dutelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.