Berrindustrializazioa

"Instituzioen arteko lehiak" kalte egiten diela diote Candyko langileek

Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari "zentzuz jokatzeko eta elkarlanean aritzeko" eskatu du Bergarako lantegiko batzordeak. Datorren astean denek batera bilera egitea nahi dute.

xabier martin
2015eko apirilaren 9a
13:04
Entzun

Candyn 74 lanpostu  sor daitezen berrindustrializazio prozesu baten erdian daude Bergaran, Gipuzkoako Foru Aldundiaren proposatutako ibilbide orriaren baitan. Diputazioak lortu du Luxenburgoko Optimeze enpresa erakartzea, langileekin proiektu berri bat negozia dezan. "Berrindustrializazio prozesua bururaino eramateko aukera oraindik zabalik egotea langile borroka, salaketa publikoa eta babes sozialari  esker da hein handi batean", esan du Candyko langile batzordeak ohar baten bidez.

Azken egunetan Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburuak ezbaian jarri du berrindustrializazio proiektu hori eta Gipuzkoako Aldundia langileekin jolasean ari dela esan du, haiek bere alde erabilita. Diputazioak berak kritika latzak egin dizkio sailburuari, haren "obsesioa" salatuta. "Zurrunbilo mediatikoaren erdigunean" langileak euren ikuspegia eman nahi izan dute.

Optimize scooter elektrikoak ekoizteko proiektuari dagokionez, langileek "xehetasunak eta bideragarritasuna aztertzea" onartu dute, "ondorioak ateratzeko, eta lan baldintzen inguruko akordio bat erdietsiz gero, proiektuaren alde edo kontrako erabakia hartzeko". Hortaz, oraindik ez dago erabakirik. "Diputazioak kontratatutako teknikoak azterketak egiten ari dira; zuhurtzia eskatzen dugu, eta aurreritzitan eta interes partikularretan azterketa objetiboetan oinarrituta ez dauden epaiak ez egitea eskatzen dugu".

Erakundeei kritika

"Hauteskundeak helburu dituen instituzioen arteko lehiak prozesu hau larriki kaltetzen du, arriskuan jartzeraino", diote beharginek. "Instituzioak txalotu eta kritikatu ditugu, hala merezi izan dutenean, baino beti eskatu dugu instituzioen arteko lankidetza, beharrezko baldintza  (ez nahikoa) dela uste dugulako edozein berrindustrializazio prozesu garatzeko".

Erakundeak "elkarri mokoka agertu izanak hauteskundeen testuinguruan", edozein berrindustrializazio saiorentzat kaltegarri da Candyko batzordearen ustez. Horregatik, eskaera zuzena egin die erakundeei. "Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari zentzuz jokatzeko eta elkarlanean aritzeko deia luzatzen diegu". Bide horretan, Jaurlaritzaren Industria Sailarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera batzartzea eskatu dute datorren asterako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.