Doakoak izan dira oraintsu arte munduan gehien erabili diren sare sozialak. Apurka-apurka, ordea, ordainpeko bihurtzen ari dira, abantaila batzuen truke. Meta taldea izan da azkena hori egiten; Instagramen eta Facebooken jabe da. Urriaren hasieran aurreratu zuten hainbat egunkarik, eta gaur iragarri du Metak harpidetza eskainiko duela erabiltzaileek publizitate pertsonalizaturik ez jasotzearen ordez. Europako Batasuneko herrialdeetan izango da, baita Europako Merkataritza Libreko Erkidegokoetan ere —Islandia, Liechtenstein, Norvegia eta Suitza—.
Azarotik aurrera gehituko dute harpidetzeko aukera. Bi tarifa ezarri ditu Metak: ordenagailutik harpidetuz gero, 9,99 euro ordaindu beharko da hilero; mugikorretik harpidetuz gero, berriz, 12,99 euro —gehiago kobratzen dute, Appleren eta Googleren erosketa politikak direla eta—. Horiek kontratatzeko, gutxienez 18 urte izatea eskatuko da. Heldu den urteko otsailera arte eutsiko die tarifa horiei. Martxotik aurrera, norberak duen kontu bakoitzeko 6-8 euro gehiago ordaindu beharko da, kontuan izanda zein gailutatik egiten den harpidetza. Adibidez, profil pertsonala eta profesionala dutenek aukera izango dute bietan kentzeko publizitatea. Beraz, ordura arte, nahikoa izango da oinarrizko harpidetza izatea horretarako.
Europako arauak «betetzeko» iragarri ditu Metak publizitaterik gabeko harpidetzak. Urte hasieran, Datuen Babeserako Irlandako Batzordeak 390 milioi euroren isuna jarri zion taldeari —Metak Irlandan du Europarako egoitza fiskala—. Europako Batasunean 2018an jarri zen indarrean datuen babeserako araudi orokorra. Horren barruan, erabiltzaileei datu pertsonalak prozesatzeko eskubidea ematea sartu zuten baldintza gisa.
EBko Justizia Auzitegiaren ebazpenaren arabera, Metak ezin zuen justifikatu datu pertsonalak erabiltzea publizitate pertsonalizatua egiteko. Ontzat jo zuen, bada, harpidetza sistema eskaintzea publizitate mota hori ez jasotzeko. Erabaki hori hartzeko, Metak azaroaren amaierara arteko tartea zuen, eta orain hartu du erabakia.
Harpidetza ordaindu ezean, Metak ziurtatu du erabiltzaileek orain arteko esperientzia bera izango dutela. «Beren publizitate esperientzia kontrolatzeko sortu ditugun tresna eta ezarpenetan oinarrituko da», esan du taldeak.
Beste sare sozialak ere bai
Tiktok ere hasi da lehen pausoak ematen publizitaterik gabeko harpidetzen inguruan. Urriaren hasieran baieztatu zuen herrialde jakin batean eskaini zutela hori, 4,99 dolarren truke (4,71 euro). Probak egiten ari da, eta oraindik ez dago argi erabiltzaile guztiei emango dien harpidetzeko aukera.
X da bira erdia eman duen sare soziala: duela urtebete erosi zuen Elon Muskek, eta, ordutik hona, hainbat aldaketa egin ditu—izena bera, esate baterako—. Hiru maila eskaintzen ditu. Oinarrizkoenean aukera ematen du: txioak editatzeko, txio luzeagoak idazteko, bideo luzeagoak argitaratzeko, besteak beste. Zenbat eta gehiago ordaindu, abantaila gehiago: norberaren txioetan agertzen den publizitatearen bidez irabaziak lortzeko aukera, publizitate gutxiago edo publizitaterik ez ikusteko aukera...