Bakarrizketa

Bosgarren garraiobidea, inora ez doana

hyperloop One
Hyperloop One-ren hodia, artxiboko irudi batean. KEVIN KREJCI
Iker Aranburu.
2023ko abenduaren 31
05:00
Entzun
Bosgarren garraiobidea zein da, bada?

Autoa, trena, itsasontzia, hegazkina... eta hyperloop-a.

Hyper-zer?

Hyperloop. Hutsik dauden altzairuzko hodi itxi batzuen barnean imanen bidez lebitatzen duen bagoi baten modukoa da. Airean dagoenez, eta marruskadurarik ez duenez, modu oso azkar eta merke batean bidaiatzeko modua izan daiteke. Orduko 1.200 kilometro egin zitzakeela esatera ausartu ziren batzuk. 

Zientzia fikzioa dirudi horrek...

Neurri batean, hala da, oraindik ez baita halako sistemarik martxan jarri. Baina ideia XIX. mendearen hasieran azaldu zen, eta Robert Goddard zientzialariak garatu egin zuen 1904. urtean. 2012an berreskuratu zuen kontzeptua Elon Muskek. Hark esan zuen bosgarren garraiobidea izango zela.

Musk berriro ere! Baina zer arraiotan ez dabil tipo hori?

Tesla auto elektrikoak, SpaceX espazio ontzia, orain X sare soziala... Hainbeste, hyperloop bat sortzeko bere proposamena open source baten bidez aurkeztu baitzuen. Hau da, hari horri tira egiteko gonbidapena egin zien beste ekintzaile batzuei. 

Eta amuari kosk egin al zion inork?

Bai, badira hyperloop-a garatu nahi duten hainbat enpresa, baina proiektuaren beraren egingarritasuna auzitan dago orain, amore eman baitu proiektu ezagunenak, Hyperloop One deitutakoak. Azken asteetan geratzen zitzaizkion langileak kaleratu ditu, eta gaur itxiko dute enpresa.

Nor zegoen Hyperloop Onen atzetik?

Shervin Pishevar, Silicon Valleyko enpresa teknologikoetako inbertitzailea. Muskek berak esan zion hyperloop-a eraikitzeko asmoa, eta 2014an sortu zuen enpresa. Hamar urtetan 450 milioi dolar jaso ditu proiektua garatzeko, horien artean Richard Branson enpresaburu ingelesarena; Virgin Hyperloop One izena hartu zuen enpresak. 

Branson solik falta zen festan...

Bai, horrelako proiektu zoroak gustuko ditu Bransonek, baina 2022an utzi zuen konpainia, bidaiariak garraiatzeko asmoa utzi, eta salgaietarako soilik erabiltzea hobetsi zutelako.

Zergatik egin du porrot? Ez zebilen?

 2016an, 500 metroko tunel bat eraiki zuen Hyperloop Onek, Nevadan (AEB), eta 2017an prototipo batek 300 metro egin zituen bertan, orduko 324 kilometroko abiaduran. 2020an, lehen aldiz, bi bidaiari eraman zituen, orduko 172 kilometroko abiaduran. Baina proba horiek ez dute kontraturik erakarri. Inork ez du sistema bat sortu nahi izan. Izan garestia delako, izan garraio araudiak ez daudelako prest, inork ez du arriskurik hartu nahi izan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.