Inoizko urte emankorrena izan dute Nafarroan zereal uztari dagokionez, 930.000 tona bilduta

Uztarik handiena 2016 urtean jaso zuten, baina aurten 8.000 hektarea gutxiago erein dituzte. Jose Mari Aierdi Landa Garapen kontseilariak historikotzat jo du. Zona guztietan izan dituzte datu onak, Irunberrin eta Zangoza aldean izan ezik.

Gari soro bat, Puiun (Nafarroa). IDOIA ZABALETA / FOKU
Gari soro bat, Puiun (Nafarroa). IDOIA ZABALETA / FOKU
joxerra senar
Erriberri
2024ko abuztuaren 1a
13:00
Entzun

Hiru urte oso txarren ostean —batik bat iazkoa—, bat bikaina. Aurtengo zereal uzta «historikoa» izan dela nabarmendu dute Nafarroako Gobernuak eta INTIA sozietate publikoak. Kanpaina hasieran aurreratutako datuak baieztatu egin dira behin uzta guztia jaso denean. Orotara 935.000 tona bildu dituzte, iaz baino %41 gehiago. «Uzta oso ona izan da lurralde guztian oro har, zona batzuetan salbu, hau da, Kasedan, Irunberrin eta Zangozan ezik», nabarmendu du Jose Mari Aierdi Landa Garapeneko kontseilariak.

INTIAko teknikariek Erriberriko kultur etxean aurkeztu dizkiete datuak nekazariei eta kooperatibei. Tradizio bilakatua da hori, berrogei urte baino gehiago baitira hala egiten dutela.

Bilakaerari erreparatuta, 2016ko uztak gainditu egin zuen aurtengo bihi kopurua —6.730 tona gehiago— baina azken kanpainan 8.000 hektarea gutxiago erein dira. Guztira 190.000 hektarea landu dira, batik bat garia eta garagarra —150.000 hektarea—.

Errendimendu handia

Horrek esan nahi du aurten lurra emankorragoa izan dela duela zortzi urte baino. Hau da, batez beste hektareako 5,5 tona gari eta 4,9 tona garagar bildu dituzte nekazariek. Beste urteen aldean, errendimendua hobetu egin da: azken hamar urteetan hektareako 4,6 tona gari eta 3,8 tona garagar biltzen zen, batez beste. «Ez da kasualitatea. Sektoreak eta kooperatibek egiten duten lanaren emaitza da», aipatu du Aierdik.

Azken hiru urteetako emaitzak kaskarrak izan dira, lehortearen ondorioz. 2022an, hainbat eskualdetan lortu zuten kanpaina itxuratzea, baina iazkoa azken hogei urteetako uztarik txarrena izan zen, eta kalteak Erriberan nabaritu ziren bereziki. 664.000 tona bildu zituzten, eta, beraz, aurten jauzi handia egin dute, 300.000 tona inguru gehiago bildu baitituzte.

%86

Garia eta garagarra. Garia eta garagarra dira nagusi zereal kanpainan. Bildutako bihi kopuruaren %86 dira garia (%47) eta garagarra (%39). Gainerako labore nagusiak oloa eta tritikalea — gariaren eta garagarraren arteko nahasketa bat— dira. Gainera, bestelako laboreek gero eta garrantzi handiago dute, hala lursailen txandaketarako nola produkzio alternatibo gisa. Batetik, koltza eta ekilorea daude: lehena irail amaieran ereiten da, eta bigarrena udaberrian, baina lurrak baldintza jakin batzuk izan behar ditu. Bestetik, lekadunak (lekak, ilarrak, zalkeak...).

Eguraldiak ere lagundu du. Zerealak ekoizten dituzten eskualdeetan baldintzak asko aldatzen badira ere, oro har antzeko joera izan dute. Urrian, ereiteko garaian, euri asko egin zuen. Negua nahiko leuna izan da, apenas egin duen hotzik, baina hezea izan da. Udaberrian bero egin du, eta, apirila lehorra izan arren, maiatzean euria egin du. Era berean, kanpainako azken asteak freskoak izan dira. «Guztiok sinatuko genuke urtero baldintza horiek izateko, nahiz eta urtea ez den guztiz borobila izan», aipatu du Julio Alvarez INTIAko teknikariak datuak aurkeztean.

Zangozaldean, atzeratuta

Urriaren 12tik 18ra bitartean erein ohi dituzte laborariek garia eta garagarra. Euriteen ondorioz, eskualde batzuetan —batik bat Zangozaldean— atzeratu egin zuten ereite garaia. «Produkzioa ere atzeratu egin da, eta datu okerragoak izan dituzte», azaldu du Aierdik. «Euriteen eraginez, ez dute modurik izan jarraian ereiteko. Lursail batzuetan beranduago egin behar izan zuten, eta beste batzuetan ez zuten erein azkenean. Horren ondorioz, zona guztietan ez daude kontent», gaineratu zuen Julio Alvarez INTIAko teknikariak.

Nahiz eta aurtengoa uzta oso ona izan, aurreko hiru urteetan bestelako giroa zegoen Erriberriko kultur etxean, Natalia Bellostas INTIAko zuzendariak gogora ekarri zuenez. Haren ustez, sektorearen erronkek bere hartan diraute. «Denok dakigu zeintzuk diren. Batetik, Europako araudiari begira, arauen tsunami batek hartu du sektorea, eta horrek ezinegona eragiten du. Gainera, egoera geopolitikoaren ondorioz, prezioak apal daude, eta, gainera, produkzio kostuak handiak dira, nahiz eta aurten lortu den zerbait kontrolatzea».

«Gauza ez da soilik hektarea bakoitzeko errendimendu hobea lortzea, baizik eta araudiak ezarritako baldintzetara egokitzea eta errentagarri izatea». 

NATALIA BELLOSTAS INTIAko zuzendaria

Ekonomikoki, negozio marjinak estutzen ari zaizkio sektoreari, eta, horri loturik, ohartarazi dute klima aldaketara egokitu beharko duela. «Lehorte urteak atzean utzi berri ditugu, eta produkzioan gorabehera handiak izan ditugu».  Hala, haren ustez, sektoreak erresilientziaz jokatu beharko du aurrerantzean: «Indartsu bilakatu behar dugu berrikuntzaren eta ikerketaren bidez, produkzioaren gorabehera horiei aurre egiteko». 

INTIA sozietate publikoak etxalde esperimentalak ditu zona bakoitzean, eta aurten 150 entsegu egin dituzte hirurehun aldaerarekin, aztertzeko nola egokitzen diren klimarekin lotutako baldintzetara, nola dibertsifikatu produkzioa, nola kudeatu laboreak, nola hobetu errendimendua, nola aurre egin gaixotasunei... «Helburuetako bat da baliabide gutxiagorekin berdin ekoiztea. Gauza ez da soilik hektarea bakoitzeko errendimendu hobea lortzea, baizik eta araudiak ezarritako baldintzetara egokitzea eta errentagarri izatea: gai kimiko gutxiagorekin ekoizteko gai izatea, adibidez».

Helburu horri dagokionez, Bellostasek nabarmendu du INTIAk  «zerbitzu publiko bat» eskain diezaiokeela sektoreari ikerketaren bidez, bai aholkularitza eta bai berrikuntzan aurrera egiteko gakoak emanez. «Deitu iezaguzue, eta adierazi zuen zalantzak eta beharrak. Gu arriskatzeko gai gara, eta gauza desberdinak probatu ditzakegu», azaldu du. 

Intiak Azpan, Eguesibarren, duen etxaldeko gari soro esperimentala.
INTIAk Azpan, Eguesibarren, duen etxaldeko gari soro esperimentala, ekainaren hasieran. INTIA

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.