Inoizko handiena da diru sarreren aldea aberatsen eta pobreen artean

OCDEko ikerlariek ondorioztatu dute hazkundea trabatzen ari dela berdintasunik eza

Pobreziaren eta berdintasunik ezaren aurka manifestatzen (Donostia). J. URBE / ARP.
Ivan Santamaria.
2015eko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Irabazle eta galtzaile argiak utzi ditu globalizazio ekonomikoaren aroak. Errentaren eta aberastasunaren banaketan desoreka inoiz baino handiagoa da, OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak egindako azken neurketaren arabera. Aberatsak gero eta aberatsago, eta pobreak, gero eta pobreago, azken finean. Baina ez hori bakarrik. Desberdintasun geroz eta handiago horiek hazkunde ekonomikoari traba egiten ari zaizkiola ohartarazi dute OCDEko ikerlariek.

Hamazortzi herrialdeetako datuak alderatu ditu erakundeak, txosten berri batean. Horien artean ekonomia aberatsenak daude,baita gorabidean diren herrialde nagusiak. Gehienetan aberatsen eta pobreen arteko alde hori handitu da. Tarterik handiena da, datuak daudenetik. Hala, %10 aberatsenak %10 txiroenak baino 9,6 aldiz gehiago irabazten du. Halaber, familia txiroenen %40k aberastasunaren %3 du, eta %10 aberatsenak, erdia eskuratu du. Piramideko gailurra —dirudunen artean %1 dirudunenak— aberastasun globalaren %18 du.

Emaitza horiekin ez da harritzekoa aberatsenen diru pilaketari buruzko kezka nagusitu izana errentaren banaketari buruzko eztabaidan. Hala ere, desorekari kontrako aldetik begiratu behar zaiola nabarmendu dute txostenaren egileek. Urte hauetan %40 txiroenak ia ez du etekinik lortu ekonomiaren hazkundetik. Herrialde batzuetan, gainera, diru sarrera errealak murriztu zaizkie.

Desorekak gora egin du hala garai oparoetan nola krisian. Hori bai, krisiak kolpe hori areagotu egin dute herrialde batzuetan. 2007. eta 2011. urteen arten familia baten diru sarrera errealak %8 erori dira Grezian urte bakoitzeko, eta %3,5 Espainia, Irlanda edo Islandian. Espainian %10 txiroenaren diru sarrerak urtero %13 erori dira, %10 aberatsenari %1,3 murriztu zaion bitartean.

Errenta banaketaren tartea handitzen ari dela egiaztatuta, desoreka horrek dituen efektuei buruzko eztabaida bizia ematen ari da. Horretan ekarpen esanguratsua egin du OCDEk. Lehen aldiz, «ebidentzia trinkoak» aurkitu dituzte ikerlariek, luzera begira desoreka horiek handitzearen ondorioz hazkunde ekonomikoari galga jarri zaiola esateko. Are gehiago, azpimarratu dute desoreka hori zuzentzeko erabiltzen diren tresnek — zerga batzuk eta gizarte laguntzak, batez ere — ez diotela zertan kalte egin hazkundeari.

Prekaritatearen itzala

Krisiaren aurretik OCDEko herrialdeetan paradoxa bat ari zen gertatzen. Euren enplegu eta langabezia emaitzak inoiz baino hobeak ziren, baina, aldi berean, desberdintasun ekonomikoek ez zioten utzi igotzeari. «Ez da nahikoa lanpostu kopuruari erreparatzea», nabarmendu dute egileek. Izan ere, lan baldintzek zerikusi zuzena dute errenta banaketa okertzearekin.

OCDEko herrialdeek 1995. eta 2013. urteen artean sortu zituzten lanpostuen erdia prekarioa zen, hiru mota hauetako batekoa: partziala, aldi baterakoa, edo autoenplegua. «Desberdintasuna bultzatu duen faktore nagusietako bat da», ikerlarien aburuz.

Emakumeek eta gazteek lanpostu prekario horien %40 betetzen dituzte. Emakumeen kasuan, gainera, oraindik ere lanaldi osoko lanpostu batean gizonek baino %15 gutxiago irabazten dute, batez beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.