Bizkaiko golkoan ez da aspaldi egon aurten adina antxoa. 2020ko kanpaina ez da ona izan arrantzaleentzat, baina datozen urteetarako itxaropena pizteko moduko datua da atzo AZTI zentro teknologikoak emandakoa: 330.000 tona antxoa inguru daude, 1987. urtean Bioman ikerketa egiten hasi zirenetik kalkulatu duten kopururik handiena. Beraz, aise gainditzen dira espeziearen iraunkortasuna bermatzeko gutxieneko 21.000 tonak.
Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziek, ordea, 4.600 tona soilik harrapatu dituzte, joan den urtean baino 3.900 gutxiago. Merke saldu dute, gainera: 1,38 euroan kiloa —iaz, 1,62 euroan—. Nagusiki Kantabriako eta Asturiasko portuetan deskargatu dute.
Hainbat faktoreren ondorioa izan da gutxiago harrapatzea. Batetik, normalean baino hilabete gutxiago iraun du kanpainak; COVID-19a dela eta, arrantzan beranduago hasi ziren —apirilaren 20an—, eta, prezio apalen ondorioz, ontzi askok antxoa utzi eta hegaluzea arrantzatzeari ekin diote, goiz agertu baita.
Bestetik, arrantzaleek harrapatu duten antxoa txikia izan da, eta ez da aurtengo kontua. Datuek diotenez, geroz eta txikiagoa da Bizkaiko golkoko antxoa: azken hamarkadan, batez beste, 2,5- 3,3 gramo murriztu da antxoa unitatearen pisua. AZTIko arduradunek azaldu dutenez, «faktoreen konbinazio baten ondorioa izan liteke» hori: antxoa gehienak urtebetekoak dira; ugaritasun handiaren aldeko baldintzek adin bereko antxoa txikiagoek bizirik irautea ahalbidetzen dute; eta tenperaturaren igoerak banakoak txikiagoak izatea eragiten du.
Tamainak eragina du prezioan. Antxoa espezie garrantzitsua da arrantzaleentzat, haien diru sarreren %30-40 etor daitezkeelako espezie horretatik, eta hala azaldu zuten atzo Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak eta Rogelio Pozo AZTIko zuzendari nagusiak.
Arrantza kuotak
Orozek esan zuen Bioman ikerketaren emaitzak «historikoak» direla, «oso onak», baina tamainaren gaiarekiko kezka adierazi zuen. Izan ere, antxoa txikia freskoan saldu ohi da, baina kontserbekin lan egiten duten enpresek handia behar izaten dute; horregatik nahiko lukete handiagoa izatea. Kiloko 30-32-35 aleko tamainako antxoa da arrantzaleek kontserba enpresei saltzen dietena, eta aurten arrantzatutakoa kiloko 48-50 alekoa izan da batez beste.
Datozen urteetako garapenaren arabera erabakiak hartu beharko direla esan du sailburuordeak, eta ontzi bakoitzari kuota bat ezartzea proposatu.
Aurten nahiko gertu aurkitu dute antxoa arrantzaleek, eta harrapatu ere azkar egin dute. Orozek azaldu zuenez, flotaren artean kuotak banatu gabe, denek ahalik eta azkarren eramaten dute arraina portura. «Zuk egiten ez baduzu beste batek egingo duelako. Ontzi bakoitzak kuota bat ezarrita edukiko balu, bere burua kudeatuko luke, eta erabaki antxoa handiagoaren bila joan edo txikiarekin konformatu».
Neurri politiko hori hartzeko beharraz jardun zuen, berdelarekin, txitxarroarekin eta atun gorriarekin egin zen bezala. Espainiako Gobernuak du horretarako eskumena.
AZTIk antxoa helduen kopurua neurtzeko egiten du Bioman kanpaina urtero, Eusko Jaurlaritzak eta Europako Batzordeak finantzatuta. Orain, Frantziako Ifremer itsas ikerketako institutuak egiten zuen Pelgas kanpaina bertan behera geratu zela eta, AZTIren ikerketakoak dira 2021eko harrapaketa kuotak gomendatzeko erabili ahalko diren datu zientifiko bakarrak.