Inoizko afiliatu gehien dago Hego Euskal Herrian

Urriko enplegu datuek berretsi dute afiliazioak igotzeko joera hartu duela berriro, uztail-abuztuetako parentesiaren ostean. Langabe kopuruak gora egin du irailetik urrira, 977 lagunean.

Nekazaritza izan da langabe zenbatekoa gehien handitu zaion sektorea. GORKA RUBIO / FOKU
Nekazaritza izan da langabe zenbatekoa gehien handitu zaion sektorea. GORKA RUBIO / FOKU
Irune Lasa.
2024ko azaroaren 5a
12:00
Entzun

Urria baliagarria izaten da ikusteko ea irailarekin batera enplegu datuek gainditu duten udako kontratu etenen parentesia. Baliagarria da, halaber, antzemateko zein izan daitekeen ikasturte berrirako nolabaiteko joera. Oraingo honetan, Hego Euskal Herrian enplegua sortzen ari dela berresteko balio du izan du.

Gizarte Segurantzak emandako datuen arabera, inoizko afiliatu gehien dago urrian, 1.333.504 pertsona, irailean baino 16.868 gehiago. Azken bi hilabete horietan batutako afiliatu kopuruak (26.394) aise gainditu du uztail-abuztuetan izandako galera (-24.009). Horiek horrela, ekainean baino 2.385 langile gehiago daude Gizarte Segurantzan afiliatuta urrian. 

Hazkundea nabarmena da alderaketa aurreko urtearekin eginez gero ere, iazko urrian baino 16.677 langile gehiago baitaude kotizatzen. 

Azaroan, teorian, gora egiten jarraitu beharko luke Gizarte Segurantzarako afiliazioak, abendu-urtarriletan berriz ere hainbat kontratu bukatu aurretik. Hori gertatu da behintzat azken hamar urteetan. 

Sektoreei begira, erregimen orokorrak hartu du afiliatu igoeraren zatirik handiena (+15.353). Irailetik urrira hazi egin dira afiliatutako autonomoen zerrenda (+731) eta etxeko langileena (+9). Afiliatuen zenbatekoak, berriz, behera egin du nekazaritzan (-295) eta itsasoko langileetan (-17). 

Urrian Hego Euskal Herrian egin diren kontratuei begira (108.607), soilik %23,74 izan dira mugagabeak. Beraz, iazko batez besteko %25,09tik azpira jarraitzen dute. Aurten, oraingoz, soilik otsailean gainditu dute mugagabeek kontratu guztien laurdenaren langa. 

Langabezia 

Enplegu datu positiboen ifrentzua langabeziaren kopuruak dira. Lan bila dabiltzala enplegu bulegoetan erregistratutakoen kopuruak 977 pertsona egin du gora urrian Hego Euskal Herrian, 138.585 langabeetaraino. Horrek esan nahi du uztail-abuztuetako langabeziaren igoera ez dela erabat konpentsatu, nahiz eta iraila ona izan zen. 

SEPEren datuak INEren biztanleria aktiboaren datuekin gurutzatuta, ondorioztatu daiteke Hego Euskal Herrian langabezia tasa %9,96an kokatu dela urrian. 

SEPEren datuekin jarraituz, ekainean baino 3.206 langabe gehiago daude urrian. Alde hori, printzipioz, murriztuz joango da azaroan, baldin eta lan merkatuak azken hamar urteetako joerari eusten badio. Edonola ere, urrian iaz baino 1.060 langabe gutxiago zenbatu dira.

Langabe gehienek, %52,84k, ez dute inolako sari edo subsidiorik jasotzen. Langabezia sari arrunta jasotzen dute %27,97k, eta subsidioa %17,79k. 

%52,8

 

Sari edo subsidiorik gabeak Langabe gehienek, %52,84k, ez dute inolako sari edo subsidiorik jasotzen. Langabezia sari arrunta jasotzen dute %27,97k, eta subsidioa %17,79k. 

Urrian zenbatutako 138.585 langabeen artean, emakumezkoak nagusi dira berriro ere (%58,6). 81.184 emakume ari dira lan bila Hego Euskal Herrian. Gizonezkoak 57.401 dira, langabeen %41,4. 

Lurraldeei begira, langabeen zenbatekoak soilik Bizkaian egin du behera (-75). Nafarroan igo da gehien (+476) eta ondoren datoz Araba (+351) eta Gipuzkoa (+225). 

Sektoreei begira, soilik eraikuntzan egin du behera langabeen kopuruak (-93). Eta beste aldean, nekazaritza izan da, mahats bilketa amaituta, langabe zenbatekoa gehien handitu zaiona (+326), zerbitzuak oso hurbil dituela (+322). Aurretik enplegurik izan gabeko 229 pertsona gehitu dira lana bilatzen ari direnen zerrendara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.