Geroz eta balio handiagoa du urreak: gaur, historian lehen aldiz, 3.500 dolarren langa hautsi du ontza bat urreren prezioak —3.040 euro—. Muga zergen afera, Donald Trump AEBetako presidenteak Erreserba Federalari egindako mehatxuak eta atzeraldi ekonomiko bat gertatzeko aukera ikusita, urrearen egonkortasunean hartu dute babes banku zentralek. Urtea hasi zenetik %30 egin du gora ontzaren balioak.
Adituen arabera, banku zentralek urrea erosteko duten joera ez da berria, baina Trumpen agintaldiak eragindako ziurgabetasunaren ondorioz handitu egin da. Hau da, apaldu egin da merkatuek AEBekiko duten konfiantza. Ikusteko dago gorakadak zenbat iraungo duen, baina, Goldman Sachsen azken txostenaren arabera, datorren urtean 3.500 euroraino irits daiteke ontzaren prezioa.
Konfiantza galera horren arrazoietako bat Trumpen azken xextra da. Legez eskumenik ez duen arren, Jerome Powell AEBetako Erreserba Federaleko presidentea kargugabetuko duela iradoki du, eta ondorioak berehala nabaritu dira. Dolarraren balioa 2023tik izan den apalena da —ia %10 murriztu da azken urtean—. Hori ikusita, nazioartean balioa irabazi dute aktibo egonkorrek: urreak, Japoniako yenak eta Suitzako frankoak.

Baina zer arazo du Trumpek Powellekin? Presidenteak interes tipoak jaistea nahi du, eta Powelli egotzi dio «beti berandu» iristen dela. «Petrolioaren prezioa jaitsi egin da, elikagaiena ere bai, eta AEBak aberasten ari dira muga zergei esker. Jada berandu da, EBZ Europako Banku Zentralak egin duen moduan interes tipoak jaisteko, baina hala ere jaitsi beharko lituzke [Powellek]», idatzi zuen Trumpek Truth sare sozialean, ostegunean. Hurrengo egunean, Giorgia Meloni Italiako lehen ministroarekin izan zuen bilera batean, errepikatu zuen Powell ez dela bere lana ondo egiten ari: «Nik hala nahi badut, azkar egingo du alde, sinistu iezadazue».
Aurrez, asteazkenean, Erreserba Federaleko presidenteak adierazi zuen litekeena dela muga zergek ekonomiaren hazkundea moteltzea eta inflazioa areagotzea, eta zeharka esan zuen ez zuela interes tipoak aldatzeko asmorik. Hortaz gain, merkatuek azken egunetan erakutsi dutena azpimarratu zuen: dolarra indartsua izateko, ezinbestekoa dela Erreserba Federala politikarekiko independentea izatea.