Inoiz baino energia nuklear gehiago produzituko da aurten

IEAren arabera, Txinak eta Indiak mundu osoko energia nuklearraren erdia baino gehiago ekoitziko dute 2026an.

Tihangeko zentral nuklearra, Belgikan. JULIEN WARNAND / EFE
jokin sagarzazu
2024ko urtarrilaren 24a
14:15
Entzun

Energia nuklearra hemen da berriro. 2022an, EB Europako Batasunak etiketa berdea jarri zion, eta abenduan Dubain egindako Nazio Batuen Erakundearen klima larrialdiari buruzko biltzarrean (COP28), 22 herrialdek konpromisoa hartu zuten energia nuklearraren ahalmena hirukoizteko 2050erako. Urrun geratu da 2011ko Fukushimako istripuak eragin zuen katastrofe nuklearraren beldurra.

IEA Nazioarteko Energia Agentziaren azken iragarpenen arabera, mundu osoko energia nuklearraren ekoizpena maximo historikora iritsiko da aurten. %3 inguru handituko da, eta 2.915 Twh lortzea espero da. Aurreko errekorra 2021ean ezarri zen, 2.809 Twh.

Igoera horren arrazoi nagusia aurten abiaraziko dituzten erreaktore berriak izango dira, batez ere Txinan, Indian eta Hego Korean; horri gehitu behar zaio berriro martxan jarriko dituztela Frantzian mantentze lanengatik denbora batez geldirik egon diren erreaktore batzuk, eta Japonian ere beste batzuk berriro irekiko dituztela.

Adimen artifizialaren energia egarria

IEAk ohartarazi duenez, adimen artifizialarekin eta kriptodiruarekin loturiko jardunak garatzeko datu zentroen elektrizitate kontsumoa bikoiztu egingo da datozen hiru urteetan, guztira 460 TWh erabiltzetik 1.100 TWh erabiltzeraino.

Datozen hiru urteetan energia nuklearraren produkzio hazkunderik handiena Txinak eta Indiak egingo dute. IEAren arabera, bi herrialde horiek mundu osoko energia nuklearraren erdia baino gehiago ekoitziko dute 2026an. Gaur egun, Txinak %16 baino ez du produzitzen; 2014an, %5 zen. AEBk, EBk —Frantziak batez ere— eta Erresuma Batuak ere ateak ireki dizkiote zentral berriak eraikitzeari, baina prozesua motelagoa dela nabarmendu du IEAk.

Energia agentziaren arabera, Txinak apustu handia egin du energia nuklearren alde eta, herrialdean erreaktore berriak jartzeaz gain, industria oso bat sortu du haren inguruan; hango teknologia dute mundu osoan eraikitzen ari diren hamar erreaktore nuklear berrietatik zazpik. Oro har, belaunaldi berrikoak dira, txikiagoak eta merkeagoak.

Energia berriztagarriak nagusi

Energia agentziak energia nuklearraren aldeko apustua txalotu du. Haren arabera, hori eta energia berriztagarrien hazkunde azkarrak erregai fosilak sistema elektrikotik kanporatzen ari dira, ikatza batez ere. IEAk kalkulatu duenez, energia berriztagarriak eta nuklearrak mundu osoko elektrizitatearen %46 produzituko dute 2026an; %40 izan zen 2023an.

-% 3,2

Argindar kontsumoa Europan. Prezioa jaitsi arren, Europan elektrizitatearen kontsumoa %3,2 murriztu zen iaz; batez ere, industriaren sektorean. IEAren arabera, Europako elektrizitate kontsumoa 2026ra arte ez da 2021eko mailara iritsiko.

Energia berriztagarriak soilik kontuan hartuta, IEAk dio elektrizitatea sortzeko iturri nagusia izango direla 2025aren hasieran, eta ikatza gaindituko dutela. Mundu osoan produzitutako elektrizitate guztiaren %37 energia berriztagarria izango da 2026an; % 30 izan zen iaz. Energiaren agentziak nabarmendu du energia fotovoltaikoaren kostuak murriztu izana dela energia berriztagarrien hedapenaren arrazoi nagusia.

Horrekin batera, azpimarratu du azken urteetan handitu egin dela elektrizitatearen ekoizpena: 2023an kontsumitutako energia guztiaren %20 energia elektrikoa izan zen. Munduko elektrizitate eskaria %2,2 igo zen iaz, eta 2026ra arte urteko %3,4ko erritmoan handitzea aurreikusten du. IEAren arabera, igoera hori ibilgailu elektrikoen salmentari eta bero ponpen instalazioari zor zaie.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.