Ingeteam I+G laborategi berri bat eraikitzen hasi da enpresak Iruñerrian dituen bulegoen ondoan, Sarrigurenen (Eguesibar). Ingeteamek Zamudion (Bizkaia) du egoitza, eta 21 herrialdetan ditu lantegiak. Hego Euskal Herrian zortzi laborategi ditu, bere teknologiak probatzeko.
Instalazio berriak 12.000 metro koadroko azalera eraikia izango du, laborategiaren, bulegoen eta espazio osagarrien artean. Bulego berrietan 250 pertsona baino gehiagorentzako lekua egongo da. Inbertsioa 25 milioi euro ingurukoa izango da.
Gaur egun, Ingeteam energia eolikoko bihurgailuen munduko lehen hornitzaile independentea da. Horrez gain, energia biltegiratzeko teknologiak garatzen ari da, auto elektrikoentzako kargalekuak esaterako, eta hidrogeno berdearekin loturiko teknologiekin ere ari da lanean.
Konpainiak lotura estua du Nafarroarekin, mila langile inguru baititu han —taldearen %20 inguru—, Sarrigurengo bulegoen, Uharteko potentzia laborategiaren eta Sesmako lantegiaren artean banatua.
2022. urtearen hasieran, Ingeteamek 210 milioi euroko plan estrategiko berri bat iragarri zuen bere I+G jardueretarako eta azpiegitura berrietarako.