Inflazioari kostatzen ari zaio behera egiten: %3,3an dago oraindik

Frutaren, barazkien eta olioaren garestitzeak %5,3ra igo zuen elikagaien inflazioa apirilean, eta energiak merkatzeari utzi dio.

Fruta eta barazkiak Donostiako denda batean. GORKA RUBIO / FOKU
Fruta eta barazkiak Donostiako denda batean. GORKA RUBIO / FOKU
Iker Aranburu.
2024ko maiatzaren 14a
10:05
Entzun

Europako Banku Zentralak ohartarazi zuena gertatzen ari da: inflazioa asko jaitsi zen iaz, baina irudi zuen baino denbora gehiago beharko du azken koska jaitsi eta %2ko mailara hurbiltzeko.

Hego Euskal Herriko datuetan argi ikusten da azken koska jaisteko zailtasuna. Apirilean, %3,3an geratu zen KPI kontsumo prezioen indizea; iazko apirilean baino txikiagoa da (%4,2), baina udako mailatik gora dago, eta ia-ia ez du aldaketarik izan irailaz geroztik (%3,5).

Martxoarekiko ere ez da aldaketarik zenbaki osoan —hamarren bakar batekin neurtu ohi da inflazioa—, baina pixka bat arakatuta ikusten da ordukoa %3,3 txikiagoa izan zela (%3,26) apirilekoa baino (%3,34). Izan ere, apirilean gora egin dute inflazioaren datuan pisurik handiena duten osagaiek: elikagaiek eta erregaiek.

Horiek kontuan izan gabe (azpiko inflazioa deitutakoa), berriz, behera egin dute prezioek —%3,5etik %2,9ra—, eta horrek erakutsiko luke, arrazoi koiunturalak gorabehera, beheranzko joera bat badutela prezioek.

Frutak eta barazkiak

Herritar gehienek, ordea, elikagaiak erostean antzematen dute inflazioa, eta, alde horretatik, aurtengo apirila ez da ona izan, beheranzko joera eten egin baita: martxoko %4,6tik %5,3ra igo da. Urrun daude, ordea, iazko igoera bortitzak; iazko apirilean, esaterako, %12,7 ari ziren garestitzen.

Fruta freskoak eta barazkiek zeresan handia izan dute elikagaien inflazioaren igoeran. Iaz, merkatu egin ziren apirilean, baina, aurten, justu kontrakoa gertatu zaie: %1,9 garestitu dira frutak, %4,6 barazkiak eta %2,1 patatak. Ondorioz, fruta iazko apirilean baino %18,2 garestiago izan da aurtengo apirilean, eta patatak, berriz, %7,7.  Lekaleak eta barazki freskoak oraindik merkeagoak dira (-%2,1), baina ez martxoan bezain merkeak (-%10,2).

%54,4

Olioaren garestitzea. Azken uztaren emaitza hobeagoek oraindik ez dute isla handirik izan oliba olioaren prezioan, eta huraxe garestitu da gehien azken urtean: %68,1, Espainian. Hego Euskal Herriko datu zehatzik ez du ematen INEk, baina, beste olioekin eta koipeekin nahastuta ere, haren prezioa igo da gehien, %54,4, hain zuzen ere.

Apirileko beste produktu inflazionistetako bat erregaiak izan dira. 2023ko otsailetik 2024ko martxora tasa negatiboan izan ziren, 2021eko eta 2022ko garestitze handien ondorioz goia jo zutelako, baina apirilean berriro tasa positibora igaro dira (+%1,8). Kontua da urtea hasi denetik garestitzen aritu direla erregaiak, neurri handi batean Lurralde Petrolio Ekoizleen Elkarteak eta haren aliatuek (LPEE+ taldeak) ekoizpena murriztu duelako, upela 100 dolarrera gerturatzeko ahaleginaren ondorioz. Horrela, apirilean beste zentimo bat garestitu da gasolioa (1,568 euro, batez beste) eta sei zentimo gasolina (1,701, batez beste).

Egia da, ordea, erregaien garestitzea eten egin dela azken astean, Brent upela 90 dolarreko preziotik urrundu egin baita: gaur goizean, 83 dolarrean salerosten ari da. LPEE+ taldeak ekainaren 1ean egingo du bilera bere kuotak erabakitzeko, eta agertu dira murrizketa alde batera utzi nahi duten herrialde batzuk, Irak kasurako.

Argindarraren paradoxa

Erregaiena bezalaxe, etxeko gastuen atala ere —argindarra, gasa eta ura azaltzen dira hor— inflazio datu positiboetara itzuli da apirilean, lehen aldiz 2022ko urriaz geroztik. Igoera, gainera, handia izan da, %5,3. Horren zati bat zor zaio iaz gasa merkatu izanari eta aurten, gutxi bada ere, garestitu izanari. Beste zatia, berriz, zerga igoeren ondorio da.

Argindarra, berez, inoiz baino merkeagoa izan da merkatu arautuan daudenentzat —hamarretik lau, gutxi gorabehera—, eta ordu askotan prezio negatiboak izatera iritsi da. Baina argindar kontsumo horrek dakartzan zergak handitu egin dira, energia krisia aurreko mailara itzultzen ari direlako urratsez urrats. Apirilean %21eko BEZa ordaindu du argindarrak —gas megawatt ordua 45 eurotik beherakoa delako—, eta %5 bakarrik izan zen joan den urtean. Halaber handitu da argindarraren gaineko zerga berezia, %3,8tik %5,11ra. 

Gauza bera gertatu zaio gasari: haren gaineko BEZa %10etik %21era igo zen apirilaren 1ean.

uztailean, zergak gora

Gora batzuetan eta behera beste batzuetan. Hala egiten ari da inflazioa, egoera koiunturalen ondorioz. Horietako bat uztailean gertatuko da, eta inflazioaren gorakada ekartzea espero da. Kontua da prezioen igoerari aurre egiteko Espainiako Gobernuak hartutako neurri batzuk ekainaren 30ean amaituko direla, aldaketarik ez bada. Horien artean dago oinarrizko elikagai batzuen BEZa %0 jaitsi zuen erabakia; horrenbestez, uztailaren 1etik aurrera %4ko BEZ zerga ordainduko dute frutak, barazkiek, arrautzek, esneak, patatek, lekaleek eta zerealek. %10era itzuliko dira, berriz, olioa eta pasta. Ekainaren 30ean amaitzekoa da bonu soziala jasotzen duten herritarren deskontu berezia ere: %65etik %25era itzuliko da kontsumitzaile zaurgarriarena, eta %80tik %40ra oso zaurgarriarena).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.