Inflazioari aurre egiteko neurriek baiezkoa jaso dute Madrilen

Ohiko bazkideen babesa jaso du Espainiako Gobernuak, eta zuzenketak negoziatzeko atea ireki du. Oinarrizko elikagaien BEZa urtarrilean itzuliko da lehengo mailara.

Oliba olio botila batzuk, supermerkatu batean. FERNANDO ALVARADO / EFE
Oliba olio botila batzuk, supermerkatu batean. FERNANDO ALVARADO / EFE
Iker Aranburu - Jokin Sagarzazu
2024ko uztailaren 23a
20:55
Entzun

Uste baino aiseago atera du aurrera Espainiako Gobernuak inflazioari aurre egiteko neurri sorta: astearte honetan egindako bozketan ohiko bazkideen babesa jaso du eta PP abstenitu egin da. Soilik Voxek egin du aurka. Azken egunetan, Podemosek zalantza batzuk piztu zituen, dekretuaren gai batzuetan murrizketak zeudela iritzita, aurka bozkatuko zuela esan baitzuen. Hego Euskal Herrian ere, sindikatuek kongresuan ordezkaritza duten alderdiei eskatu zieten dekretua ez babesteko edo, gutxienez, zuzenketa bat adosteko, zehazki langile publikoen soldaten puntuan. Azkenean, gobernuak dekretua lege egitasmo gisa tramitatzea onartu du eta horrek taldeei aukera emango die zuzenketak aurkezteko. Dena den, indarrean sartuko da.   

BEZa

Inflazio handiari aurre egiteko, 2023ko urtarrilean, oinarrizko elikagaien gaineko BEZ zerga %0ra jaitsi zuen Espainiako Gobernuak. Orduz gero zerga hori izan dute ogiak, esneak, frutak, barazkiek, patatek, zerealek, gaztak eta irinak. Neurria ekainaren 31n amaitzen zen, baina irailera arte luzatu zuen gobernuak, eta oliba olioa talde horretan sartu zuen, Juntsen eskaera bere eginda.

Orain, urtarrilaren 1ean %4ra itzuliko dira BEZ hori zuten produktuak —oliba olioa ere bai, %10etik %4 jaitsiko baita betiko—. Baina igoera bi epetan egingo dute: %0ekoa izango da irailaren 30era bitarte, eta %2koa urriaren 1etik urte amaierara arte. Pastaren gaineko BEZa ere maila arruntera igoko da: %5ean egon da iaztik, baina %7,5era igaroko da urriaren 1ean, eta %10era urtarrilaren 1ean.

Argindarra

Energia garestiaren aurka egiteko tresna bat izan zen horren gaineko zergak jaistea. Argindarraren kasuan, BEZa %21era itzultzekoa da 2025eko urtarrilaren 1ean, eta tasa hori —eta ez %10 murriztua— ordaintzen da orain handizkako merkatuan hilabete batean megawatt-orduaren batez besteko prezioa 50 eurotik behera dagoenean.  Argindar ekoizpenaren gaineko zergak, berriz, uztailean berreskuratu du krisiaren aurreko maila, %5,11koa.

Bonu soziala

Dekretuan lotzeko zegoen zer gertatuko zen bonu sozialarekin, hau da, kontsumitzaile zaurgarriek —errenta apalekoek eta familia ugariek— beren fakturan duten beherapenarekin —Hego Euskal Herrian 70.000 inguru—. Azkenaldian, %25eko deskontua izan beharrean %65ekoa izan dute kontsumitzaile zaurgarriek, eta %80koa oso zaurgarriek —%40koa izan beharrean—. Ekaineko dekretuan, deskontu horiek urriaren 1etik aurrera txikitzekoak ziren, eta 2025eko uztailaren 1ean krisi aurreko mailara itzultzekoak. Baina Podemosen lau diputatuen botoa bermatze aldera, gobernuak iragarri du oraingo deskontuei eutsiko dietela urtea amaitu arte.

Oinarrizko zerbitzuen etetea

Energia fakturarekin lotutako beste neurri bat onartu da: familia zaurgarriei ezingo zaie etxean oinarrizko zerbitzurik eten —ura, argindarra...—  ordainketetan atzeratu badira. Duela hilabete, Espainiako Gobernuak EH Bildurekin batera adostu zuen neurri hori luzatzea eta dekretuan sartzea. Horrekin batera, galdara komunitarioen tarifa arautua ere urtea amaitu arte mantentzea adostu zuten.

Langile publikoak

2024ko aurrekontu proiektua bertan behera utzi zuen Sanchezen gobernuak, ez zeukalako gehiengorik bermatuta, eta horrek atzeratu egin zuen langile publikoen soldaten eguneratzea. Dekretu bidez egingo du hori: %2ko igoera, eta oso litekeena da urtearen amaieran beste %0,5 gaineratzea, hura ere atzerako eraginez. Hego Euskal Herrian 200.000 langile publiko inguru daude. Haiei ez ezik, itunpeko irakaskuntzakoei ere eragiten die igoerak.

Aurreko astean ELA, LAB, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuek Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten alderdiei eskatu zieten dekretuaren alde ez bozkatzeko edo, gutxienez, zuzenketa bat negoziatzeko, sektore publikoko langileen soldaten inguruan erabakitzeko ahalmena euskal erakundeena dela aitortzeko. 2009ko krisialdi ekonomikotik indarrean dagoen oinarrizko araudi batek Madrilen esku uzten du gaitasun hori, baina, sindikatuen interpretazioaren arabera, hura aplikatzeak salbuespena izan behar luke, soilik krisi garaietarako.

Espainiako Kongresuak aurrera atera du dekretua, baina aurrerago egingo den tramitazioan parlamentuko taldeek zuzenketak aurkeztu ahal izango dituzte. EH Bilduk hitzeman du bere egingo duela sindikatuek eginiko eskaera. EAJk gogoratu du gobernuak akordio bat duela haiekin EAEko kontzertu ekonomikoaren eta Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoaren batzorde mistoetan gaiari buruz hitz egiteko.

Jaurlaritzak indarrean sartu du funtzionarioen soldata igoera

Gainerako erakundeak bezala, Eusko Jaurlaritza dekretuarekin zer gertatuko zen zain zegoen bere langile publikoei soldata %2 igotzeko. Podemosek dekretua onartuko zuela jakin eta gutxira, astearte honetan egindako Gobernu Kontseiluaren ostean, jakinarazi du hala egingo duela. ELA sindikatuak Jaurlaritzaren jokamoldea kritikatu du, eta Espainiako Gobernuaren «sukurtsal gisa» aritzea leporatu dio. «Lakuak bere eskumenei muzin egin die berriro, eta langile publikoen dekretua Madrilen onartu aurretik hartu du erabakia».

Moves III plana

Auto berriak erosteko diru laguntzak ere jasotzen ditu dekretuak. Abenduaren 31ra bitarte luzatu dute Moves III programa. Haren bitartez, 4.000 eta 7.000 euro bitarteko laguntza publikoa jasotzen dute auto elektriko bat erosten dutenek. Etxe partikularretan kargagailuak jartzea ere diruz laguntzen du Espainiako Gobernuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.