Inflazioa

Inflazioaren igoera eten egin da

INEk ez du aldaketarik ikusi Espainiako datuan. Erregaiak merkatu egin dira, eta elikagaiak iaz baino gutxiago garestitu dira.

Gasolina eta gasolioa merkatu egin dira iaztik. RAQUEL MANZANARES / EFE
Iker Aranburu.
2023ko urriaren 30a
11:39
Entzun

Azken hiru hilabeteetako goranzko joera eten du inflazioak Espainian. Uztailetik irailera %2,3tik %3,5era igo zen kontsumo prezioen indizea (KPI), eta maila horretan geratu da urrian.

INE Espainiako Estatistika Institutuak inflazioaren lehen datua aurreratu du gaur, eta azaroaren 13an osatuko du. Orduan jakingo da Hego Euskal Herrian zer bilakaera izan duten prezioek, baina, teorian, ez luke gorabehera handirik izan behar. Irailean, %3,8ra heldu zen.

Energiak berriro pisu handia izan du urriko datu aurreratuan. Argindarrak inflazioari gora egin dio tira, baina ez garestitu delako, baizik eta iazko urrian baino gutxiago merkatu delako. Orduan, udazkeneko haizeteek asko handitu zuten energia eolikoaren ekarpena, eta horrek erraztu zuen urte arteko inflazioa 1,6 puntu galtzea, %7,3raino.

Aurtengoan, ordea, ez da halakorik izan, baina erregaiaren merkatzeak lagundu egin du tasa egonkor mantentzen. Hego Euskal Herrian, esaterako, gasolio litroa batez beste 1,686 euroan salerosi da orain arte urrian, iazko urrian baino 33 zentimo merkeago (2,013 euro litroa). Irailetik urrira ez da aldaketa handirik izan gasolioan, baina bai, ordea, gasolinan: litroa 1,774 eurotik 1,1715era jaitsi da. Iazko urritik, berriz, bederatzi zentimo merkatu da.

Inflazioaren gorakadaren beste eragile nagusia elikagaiak izan dira azken bi urteetan. INEren arabera, urrian ere pixka bat garestitu dira, baina ez iazko urrian bezainbeste.

Elikagaiak eta energia kontuan hartzen ez dituen indizea, azpiko inflazioarena, sei hamarren txikitu da Espainian, %5,2raino.

Batez besteko pentsioa, 50-60 euro handiagoa

Urriko datuak ez du aldaketa handirik eragin urte arteko inflazioan —%3,85etik %3,81era jaitsi da—, eta, azaroan sekulako gorabeherarik ez badago, aurreratu daiteke pentsioa gutxi gorabehera %3,8 igoko zaiela datorren urtean Hego Euskal Herriko 600.000tik gora pentsioduni. Hau da, batez besteko pentsioa 50 eta 60 euro artean handituko dela urtarrilaren 1ean. Indarrean dagoen araudiaren arabera, pentsioak aurreko urteko abenduko eta ondorengo urteko azaro bitarteko batez besteko inflazioaren arabera eguneratzen dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.