Inflazioaren beldur EBZk puntu laurden igo ditu interes tasak

Adituen iragarpenak betez gero, aurten 860 euro gehiago beharko dira Hegoaldean hipoteka ordaintzeko

Leire Olaetxea.
DONOSTIA
2006ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Ez da txorakeria, ondo daki hipoteka duenak. Etxebizitzen prezioa gora eta gora ari da, eta lehendik ere soldataren zati handia hartzen dute maileguek. Aurrerantzean, gainera, kuotak igo egingo dira, atzo bezalaxe, Europako Banku Zentralak interes tasak igo ahala. Puntu laurden emanda, %2,5ean da Eurogunean diruaren balioa.

Iaz 50.000 lagunek baino gehiagok hartu zuten hipoteka Hego Euskal Herrian, eta 137.150 euroko zorra egin zuten batez beste (abenduko datua altuagoa da; 150.600 eurokoa). Euriborra azken hiru urteotako maila handienean da (%2,914), gainera, eta ez dirudi oraingoz jaitsiko denik. Adituek iragarri bezala abenduan %3,7ra heltzen bada, aurten 860 euro gehiago atera beharko dira sakelatik Hego Euskal Herrian hipoteka ordaintzeko (70 euro inguru gehiago hilero, 150.600 euroko batez besteko mailegua 30 urterako hartuta). Zenbaitzuentzat, kitto udako oporraldia.Euriborra igotzen bada, azken finean, Europako interes tasa ofizialak ere igoko direla sumatzen delako da. Zentzu horretan, hasi da zifra dantza, ez delako igoera gehiago baztertzen. Aditu gehienek aurreikusi dute EBZk aurten beste bi alditan (urte erdian eta amaieran) puntu laurden igoko dituela interes tasak, abenduan %3ra iristeraino. Adicae bankuetako erabiltzaileen elkarteak gaitzetsi du horrela jarraituz gero, familiek «ondorio larriak» izango dituztela.Jean Claude Trichet EBZko presidenteak ez zuen ezustekorik eman atzo. Prezio egonkorrak bermatzeko arrisku ugari badirela berretsi zuen, baina atzokoan, petrolioaren garestitzeaz ez ezik, kontsumo prezioei, zeharkako zergei eta soldatei buruz mintzatu zen. «Petrolioaren prezioen igoerak zeharkako eraginak» izango ditu aurtengo inflazioan, nahiz eta «soldatak neurrian igotzeko joerak» garestitzea moteldu duen.Hipotekei ere eutsi nahi die Trichetek. «Euroguneko likidezia handia da eta kredituen hazkundeak epe ertainean kolokan jartzen du prezioen egonkortasuna».Eurogunea suspertzen ari da, gainera. Jarduera ekonomikoa «hobetu» egin da, eta «hazten jarraitzeko baldintzak badaude». Esportazioak areagotu eta interes tasa apalekin inbertsioak aise haziko direlakoan da Trichet. Edonola ere, Euroguneko Barne Produktu Gordina %0,3 besterik ez zen hazi 2005eko azken hiruhilekoan. %1,4 urte osoan.Hazkundea «hauskorra» dela azpimarratu zuen Unice Europako patronalak. Tricheti erabakiak «zuhur» hartzeko eskatu zioten, eta ez soilik inflazioari erreparatzeko. Patronalaren iragarpenen arabera, prezioak kontrolpean egongo dira datozen bi urteotan.

Merkataritza Ganberak eta Italia, kezkatuta

Europako Merkataritza Ganberen Elkartea ere (Eurochambres) kezkatuta mintzatu zen. «Enpresek egonkortasuna eta konfiantza behar dute inbertsioak egin eta lanpostuak sortzeko. Diruaren prezioaren inguruko zalantzak ez dira lagungarriak». Edonola ere, biek aitortu zuten EBZren diru politika egokia dela.

«Interes tasen igoerak susperraldiari oxigenoa» kentzen diola gaitzetsi zuen Adolfo Urso Italiako Industria ministrordeak. «Akatsa» da interes tasak igotzea, Europan ez baitago «benetako arriskurik inflazioarekin». Europa indartsu dagoela eta interes tasak igotzeak esportazioak «moteltzen» dituela ohartarazi zuen. Italiako Barne Produktu Gordina bere horretan gelditu zen iaz (%0).Merkatuei «oharra» igorri zaiela uste du Michael Schubert Commerzbankeko adituak. Hainbat herrialdetan higiezinen burbuila sortzeko arriskua dagoela eta, era berean, interes tasak oraindik oso apalak direla nabarmendu zuen.

Datua





%1,5

Euroguneko Barne Produktu Gordina aurten %1,5 eta 2,5 artean haztea espero du EBZk. Abenduan egindako aurreikuspenak 0,1 puntu hobetu ditu. Inflazioa berriz %1,6 eta %2,8 artean izango dela aurreikusi du, abenduko iragarpenak kaskartuz.

GOMENDIOAK



 

 

Berriro negoziatu eta interes tasa altuagoei ere erreparatu





Hilero-hilero ordaindu behar diren kuotekin itota dagoenari, bankura joan eta hipoteka berriro negoziatzeko gomendatu dio Ausbanc elkarteak. Kuota apaltzeko aukera izango du ziurrenik, hipoteka luzatzearen truke. Era berean, diru sarrerei eta zorpetze mailari adi erreparatzeko eskatu du. Ez zenbatu soilik orain ordaindu behar diren kuotak, interes tasak puntu bat edo bi igota zein kuota ordaindu behar diren adi kalkulatzeko aholkatu du. Euriborra interes tasa aldakorra da, baina interes tasa finkoak aukera hobea direla ukatu du Ausbanceko Aitor Beldarrainek. Bere ustez, kutxek eta bankuek ez dute oraindik interes tasa finkoen eskaintza onik egiten. Hipoteka ia guztiekeuriborra dute erreferentzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.