Ehuneko bitik gertu, baina oraindik hortik gora. Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko presidenteak euroguneko inflaziorako egindako aurreikuspena betetzen ari da Hego Euskal Herrian ere. Irailean %1,7raino jaitsi ondoren, berriro koska bat egin du gora urrian, eta %2,2an kokatu da. Igoera horren arrazoi nagusia da argindarra eta gasa garestitu egin direla urrian, eta iaz, berriz, merkatu egin zirela.
Urriko datuarekin dagoeneko nahiko garbi dago zenbat igoko diren pentsioak datorren urtarrilaren 1ean: %2,8. Azaroko datua falta dela, hori da Espainiako azken urteko inflazioaren batezbestekoa, eta, azken aldaketekin, batezbesteko hori erabiltzen da pentsioak eguneratzeko. Azken bi urteetan ere batez besteko inflazioa handiagoa izan da urte amaierakoa baino.
Elikagaiak dira oraindik ere inflazioaren motor nagusia, %2,7 garestitu baitira azken urtean. Azken hiru urteetako igoerarik txikiena da. Iraileko datua baino hamarren bat gutxiago da, nahiz eta urrian oinarrizko elikagai batzuk (fruta, barazkiak, ogia...) berriro hasi ziren BEZ zerga ordaintzen, %2.
Urtarrilaren 1ean dira itzultzekoak bere ohiko mailara, %4ra, eta tasa hori ordainduko du aurrerantzean oliba olioak ere. Elikagai hori garestitu da gehien azken urtean, uzta txarrek ekoizpena asko murriztu baitute, Andaluzia ekoizle nagusian batez ere. 2023-2024ko aldiko uzta aurreko biak baino hobea izan denez —eta BEZ zergarik ez duenez ordaindu—, maiatzaz geroztik haren prezioa pixka bat jaitsi da, baina uzta berria dendetara iristean gehiago merkatzea espero da.
%0,7Prezioen igoera, urrian. Urrian bertan prezioek %0,7 egin dute gora Hego Euskal Herrian. Horretan zerikusia izan du oinarrizko BEZa %2ra igotzeak eta argindarra eta gasa garestitzeak, baina baita udako merkealdiaren bukaerak ere. Udazken-neguetarako jantziz bete dira dendak, eta, batez beste, irailean baino %10 garestiago izan dira jantziak eta oinetakoak Hegoaldeko dendetan.
Duela urtebete, 2023ko urrian, %9ko inflazioa zuten elikagaiek baina orduz gero urratsez jaisten ari da maila normalago batera, eta jada badira iaz baino merkeago dauden produktuak, hala nola, azukrea (-%8), kontserbako frutak eta fruitu lehorrak (-%4,6) eta fruta freskoak (-%3,9).
Kontrara, oraindik asko garestitzen ari dira hainbat produktu: %10 ardikia, %7,6 kafeak, kakaoak eta infusioak, eta %6,7 patatak.
Erregaiak, merkeago
Erregaiak dira iaz baino merkeago dauden produktuetako bat (-%8,8), eta ez dirudi tentsio geopolitikoek asko eragiten ari zaizkionik. Horrela, aurtengo azaroan Euskal Herri osoan gasolioaren batez besteko prezioa 1,443 eurorena da, iaz baino hiru zentimo gutxiago, alegia. Are gehiago merkatu da gasolina, zazpi zentimo, %1,53 euroraino.
Energiaren beste alorrean, argiztapenean eta berokuntzan, gauzak beste tankera batekoak dira. Iaz asko ari ziren merkatzen argindarra eta gasa, eguraldi epelaren ondorioz batetik, baina baita Europako Batasuna gai izan zelako Errusiako gasaren zati bat beste leku batzuetakoarekin ordezkatzeko. Baina iazko merkatzerik ez dago gertatzen ari; are gehiago, apirilaz geroztik gora egin du inflazioan haren eragina neurtzen duen berokuntza, argiztapena eta ura atalak: %6,1.
Euriborra, %2,5-etik behera
Herritarren patriketan eta enpresen kontuetan eragina duen beste faktore bat maileguak dira. Alde horretatik, berri onak daude, maileguak merkatzen ari baitira. Tasa aldakorrekoak kalkulatzeko gehien erabiltzen den indizeak, Euriborrak, sendo dirau beheranzko bidean, eta gaur %2.495ean kokatu da, mailarik txikienean 2022ko urriaz geroztik. Azaroko batezbestekoa %2,571 da, iazko azarokoa baino puntu eta erdi apalagoa. Horrek esan nahi du beren mailegua azaroko datuarekin eguneratu behar dutenek ehundik gora euro aurreztuko dituztela hilero edo urtero, bankuarekin duten zorraren arabera. Europako Banku Zentraleko kontseilua lau aste barru elkartuko da, eta interes tasa ofizialak beste puntu laurden jaistea espero da, %3raino.