Inflazioak gorantz jarraitzen du Hego Euskal Herrian

Kontsumo prezioen indizeak bost hamarren egin du gora maiatzean, %3,8raino. Elikagaiak, argindarra eta erregaiak izan dira gehien garestitu diren alorrak.

Elikagaien prezioaren gorakada inflazioa bultzatzen ari da. ISMAEL HERRERO / EFE
Elikagaien prezioaren gorakada inflazioa bultzatzen ari da. ISMAEL HERRERO / EFE
Irune Lasa.
2024ko ekainaren 13a
11:10
Entzun

Erosketa saskia berriz ere garestitu egin da maiatzean Hego Euskal Herrian. Inflazioak bost hamarren egin du gora, apirileko %3,3tik %3,8ra. Horrekin, maiatzekoa da prezioen hazkunde erritmo handieneko hilabetea azkenekoen artean, abendu-urtarrileko beheranzko etenaren ostean. 

Elikagaien salneurriak, argindarraren prezioak, erregaiek eta turismoari eta ostalaritzari lotutako zerbitzuen alorrak bultzatu dute gehienbat inflazioa.

Elikagaietan, maiatzeko %5,5eko datua urrun dago iazko urte hasieran ikusitako %10-15 arteko igoeretatik, baina, hala ere, pisu handia du inflazioa %3tik gora eramateko orduan. Aurreko hilabeteetan, pixkanaka bada ere, elikagaien garestitze erritmoa apalduz joan zen martxora arte (%4,6), baina badirudi joera aldatu egin dela atzera. 

Elikagaien artean, olioak gero eta garestiago saltzen dira oraindik ere; %51,4ko hazkundea izan dute iaztik. Eta fruitu freskoen prezioak hiru puntu apaldu badira ere, haien urte arteko hazkundea esanguratsua da oraindik, %14. 

Elikagaiei dagokionez, hain zuzen, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak atzo iragarri zuen oinarrizko janarien gaineko BEZaren murrizketa ez dela bukatuko ekainaren 30ean. «Elikagaien prezioen bilakaera handia da oraindik ere, eta, beraz, ahalegin hori egin behar dugu, diru kutxa publikoentzat ahalegin handia baita», azaldu zuen Sanchezek elkarrizketa batean.

Argindarra

Argindarraren prezioak ere bultzatu du gora inflazioa Hego Euskal Herrian, eta etxebizitzaren gastuak iazkoetatik %8,3ra eraman ditu. Baina datu horien atzean pisu handia dute iaz argindarraren salneurrian izandako beherakadek, eta ez dute islatzen Iberiar merkatuan megawatt orduak maiatz honetan izandakoa 30 euroko prezio historikoki txikia. 

Aldiz, erregaiak garestitu egin dira bigarren hilabetez jarraian, hainbat hilabeteetako beherakadak hautsita; apirilean haien urte arteko tasa %1,8 handitu zen, eta maiatzean garestitzea bizkortu egin da, %3,8raino. LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundearen produkzio murrizketak eta Israelen eta Iranen arteko tentsioen areagotzea aipatzen dituzte analistek erregaiak garestitu izana esplikatzeko. 

Ostalaritza

Hotelen eta jatetxeen prezioek ere izan dute eraginik inflazioaren hazkundean. Oraindik ere, haien hazkunde tasa %5etik gora dago. Nafarroan ez dira horrenbeste garestitu alor horretako salneurriak. Baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan igoerak izan dira. Pentsa daiteke, halaber, datozen hilabeteetan ostatu eta hoteletako salneurriek gorantz egingo dutela turismoa igo ahala, behin uda iristear dela.

Bestalde, kontsumo prezioen indizeko tasa nagusiarekin bezala, gora egin du azpiko inflazioak, zeinak ez dituen kontuan hartzen preziorik aldakorreneko gaiak, hau da, erregaiak eta elikagai freskoak. Maiatzean, azpiko inflazioak %3,2ra jauzi egin du, apirileko %2,9tik. Apirileko datua izan zen, hain zuzen, azken urteko txikiena.

Bez murriztua argindarrarentzat?

Argindarraren gaineko balio erantsiaren zerga orain %21ekoa da Espainiako merkatuan, hots, energia krisiaren aurretik zegoen tasa bera. Baina megawatt orduaren hilabeteko batez besteko prezioak 45 euroak gainditzen baditu BEZa %10era itzuliko da, energia krisiaren eraginak apaltzeko ezarri zen behin-behineko mailara.  Adituek uste dute uztailean gerta daitekeela aldaketa, megawatt ordua 50 eurotik gora dagoelako ekainean eta geroko merkatuetan ere joera bera antzematen delako.

45 euroren baldintza hori Espainiako Gobernuak ezarri zuen abenduan, krisiaren aurkako neurrien azken berrikuspenean. BEZaren murrizketak, iristekotan, eragin handiena tarifa arautuko bezeroentzat izango luke, haiek baitira prezioen gorakada nozitu dezaketenak; merkatu librekoek, aldiz, prezio finkoko kontratuak dituzte.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.