Salto handi bat gora egin zuen inflazioak 2024. urtearen amaieran. Irailean %1,7ra jaitsi ondoren, udazkeneko hilabeteetan berriro handitu zen, eta abenduan %3,4raino igaro zen: hala, erakutsi zuen prezio igoera handien garaia ez dela oraindik guztiz amaitu.
Inflazioaren hazkundeari nola edo hala eutsi ahal izan diote soldatek: abenduan, %3,54ko soldata igoera zuten Nafarroan egindako itunek, eta %3,34ko igoera, berriz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean daudenek.
INE Espainiako Estatistika Institutuak azaldu duenez, erregaiek zeresan handia izan dute inflazioaren gorakadan. Ez dira, berez, asko garestitu —are gehiago, urtarriletik urtarrilera, jaitsi egin da haien prezioa—, baina kontua da 2023 amaieran asko merkatu zirela eta iaz ez zela halakorik gertatu.
Egutegi efektua deritzo horri, eta gertatu egingo zela ohartarazi zuen udazkenean Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko presidenteak. Haren ustez, urteak aurrera egin ahala apaldu egingo da inflazioa, aurreko urteetako gorakada handiak indarra galdu duelako eta euroguneak, oro har, oso hazkunde apala izango duelako.
Batezbestekoa %3ra jaitsi da
2024. urte osoari begiratuz gero, behera egin du inflazioak. Halakorik ez da ikusi urte amaierako datuan —%3,1 izan zen 2023ko abenduan, eta %3,4 iazkoan—, baina bai, ordea, batez besteko inflazioan. 2022an jo zuen goia, %8,2 igota, eta %3,6ra jaitsi zen 2023an, eta %3ra 2024an.
Prezioen igoera indarra galtzen ari dela erakusten du azpiko inflazioak ere. Azarotik abendura gora egin du —%2,7tik %3,1era—, baina aurreko urte bukaeretakoa baino txikiagoa izan da. Azpiko inflazioak ez ditu kontuan hartzen elikagaien eta erregaien prezioak, haien bilakaera gorabeheratsua izan ohi delako, eta balio izaten du presio inflazionistak gainontzeko sektoreetan nola errotuta dauden erakusteko.
%19,8
Zenbat igo diren prezioak 2020az geroztik. COVID-19aren pandemiak eta hark eragin zuen krisiak prezioen jaitsiera txiki bat eragin zuten 2020an (-%0,2, batez beste). Inflazio zenbaki positiboetara itzuli zen 2021eko urtarrilean, eta abiadura handia hartu zuen berehala. 2020ko abenduaz geroztik, %19,8 handitu da Hegoaldean.
Banku zentralek asko begiratzen diote azpiko inflazioari, baina herritar xeheenen pertzepzioan garrantzi handiagoa dute beren eguneroko erosketetan ikusten dituzten osagaiek eta, haien artean, elikagaiek. Bada, 2024a argi-ilunen urtea izan da janariaren salneurriaren arloan. Iluntzat jo daiteke elikagaiak %3,3 garestitu izana iaz Hego Euskal Herrian, eta hortik gora erosketa saskiko funtsezko osagaiak: %9,5 kafea eta kakaoa, %8,1 behi haragia, %6,6 arrain freskoa, %5,1 edari alkoholdunak...
Prezio igoera handiak dira horiek, baina aurreko urteetakoak baino nabarmen apalagoak. Kontuan hartu behar da 2022ko maiatzetik 2023ko uztailera arte bi zifrako igoerak ikusten zirela elikagaietan, eta igoera hori %15,8ra iritsi zela 2023ko otsailean eta martxoan.
Garestitze horren protagonista nagusia oliba olioa izan zen, energia garestiak piztutako inflazioari batu zitzaiolako uzta txarrek produktu horren eskasia eragin izana. Litroko botilak, lauzpabost eurokoak, 10-11 euro balio zuen bat-batean, baina uda amaitu zenetik, uzta berri eta handiagoa iritsi ahala, merkatzera egin du, eta oraintxe, marka zurietan, zazpi eurotik behera dago birjina estra botila.
Merkatze hori hasia da islatzen INEk emandako datuetan. Azken urtean merkatu diren produktuen artean daude olioak eta koipeak (-%1,4), baina kontuan hartu behar da oliba olioa ez ezik hor sartzen direla sukalderako beste olioak ere, eta haietako batzuk —ekilore olioa, esaterako— garestitu egin dira azken asteetan.
Fruta freskoak (-%1,7) eta txerrikia ere (-%0,4) 2023 amaieran baino merkeago daude orain, baina gehien merkatu den produktua azukrea da, -%16,7.
Erregaiaren BEZa, %21era
2024an inflazioaren beherakada moteltzearen beste arrazoietako bat energiaren prezioak dira. 2022an jo zuten goia —gasak lehenik, eta, haren ondotik, argindarrak—, eta 2023an asko merkatu ziren, hiru faktore zirela eta: batetik, ikusi zen Errusiako hornidura gutxitzeak ez zuela gas eskasiarik eragin, Europak beste iturri batzuk lortu zituelako; bigarrenik, negu eta udazken epelek gasaren erabilera txikitu zuten; eta, azkenik, berriztagarri merkeagoen hedapena bizkortu zen.
Faktore horiek indarra galdu zuten 2024an, eta, horren ondorioz, garraiorako energia ez besteak batzen dituen arloak —berokuntza, argiztapena eta ura— %8,2 egin du gora abenduan. Gainera, kontuan hartu behar da energiari lotutako zergak krisi aurreko mailara itzultzen ari direla, garai garestiena amaitu ondoren. Bide horretatik, baliteke urtarrilean igoera handia izatea, argindarraren gaineko BEZa %21era itzuliko baita.
URTARRILEKO SARI BEREZIA LANGILE PUBLIKOENTZAT
Hego Euskal Herriko 200.000 langile publikoen soldatak eguneratu gabe daude oraindik, Espainiako aurrekontuak oraindik ez daudelako onartuta, eta han erabakitako eguneratzeak aplikatzen dituztelako bertako instituzioek ere. Baina litekeena da hurrengo soldatarekin batera lehen igoera bat izatea, %0,5ekoa. Izan ere, Espainian inflazioak 2022-2023-2024 epean hitzartutako eguneratzeak gaindituz gero, Madrilgo gobernuak eta CCOO eta UGT sindikatuek negoziatutako klausula bat indarrean sartuko da, eta %0,5 handituko dizkiete soldatak. Atzerako eragina duen neurri bat denez, 2024ko urtarriletik jasotako soldatei gehituko zaie %0,5 hori, baina baita 2025etik aurrera ordainduko direnei ere. Edonola ere, sindikatu abertzaleak presio egiten ari dira langile publikoen eguneratzea euskal erakundeen esku geratu dadin, eta ez Madrilen menpe, oraingo sistemarekin erosteko ahalmena galtzen ari direlako.