Ohartarazia zuen Christine Lagardek inflazioa igo egingo zela 2023. urteko azken hilabetean, eta hala gertatu da. Azaroan %2,4koa zen prezioen igoera euroaren eremua osatzen duten hogei herrialdeetan, eta abenduan %2,9ra igaro da. Pixka bat gehiago igotzea espero zuten Bloomberg-ek galdekatutako adituek, %3raino.
Herrialde bakar batek pisu handia izan du igoera horretan: Alemanian, %2,3tik %3,8ra handitu da inflazioa. Alemaniako igoera, neurri handi batean, koiunturala da. Izan ere, 2022ko abenduan Berlingo gobernuak bere gain hartu zuen herritarren abenduko gas faktura, eta 2023an ez du halakorik egin.
Frantzian ere igo egin da inflazioa, baina gutxiago: %3,5etik %3,7ra.
Guztira, bederatzi herrialdetan egin du gora, hamarretan behera, eta batean ez da aldaketarik izan –Espainian, %3,3–.
Eurogunean ere abenduko igoera aldi baterakoa izatea espero dute analistek, eta, berehala ez bada, berriro beheranzko bidea hartzea hilabeteek aurrera egin ahala. Hori bai, iaz baino motelago egingo du, eta nekez bukatuko du urtea EBZ Europako Banku Zentralak gogoko duen mailan: %2.
Horren arrazoietako bat zera da, energiaren prezio garestiak piztu zuela inflazioa ekonomiaren beste eremuetan, baina horren eraginak apaldu egin behar duela, energiaren prezioak ez baitu gora egin azken urtean, behera baizik. Energia garesti egoteak elikagaien ekoizpenari eragin zion batez ere, eta atal horretan prezioen igoera indarra galtzen ari da etengabe. Eurogunean elikagaien, alkoholaren eta tabakoaren inflazioa %6,9tik %6,1era jaitsi da azarotik abendura. Handia da oraindik ere, baina kontuan hartu behar da 2022ko abenduan elikagaiak %13,8 garestitzen ari zirela.
Industria ekoizpenaren inflazioak behera egin du (%2,9tik %2,5era), eta zerbitzuetan ez da aldaketarik izan (%4).
Interes tasak jaitsiko dira, baina noiz?
Abenduko inflazioaren datuak indartu egingo du EBZren jarrera zuhurra. Aurreko hamar bileretan interes tasak igotzen aritu ondoren, eten bat egin zuen urrikoan, eta iradoki zuen aldi batean ez zituela ukituko. Antzeko mezua zabaldu zuen abenduko bileran, hoztu egin nahi izan baitzuen tasak jaisteari buruzko eztabaida, batetik, argudiatuta neguan pixka bat igoko zirela egutegi efektuarengatik —asko jaitsi ziren iazko urte hasieran—; eta, bestetik, inflazioa jaisteko behin-behineko neurri gehiago bertan behera geratuko baitira. Espainiako Gobernuak, esaterako, argindarraren gaineko BEZa eta zerga berezia igo ditu urtarrilean, eta Alemanian %7tik %19ra itzuli da ostalaritzako BEZa.
Gainera, Lagardek azaldu zuen adi erreparatzen ari zitzaizkiola soldaten bilakaerari, beldur baitira asko igoz gero kontsumoa piztu eta prezioek berriro goranzko joera hartuko ote duten. Oraingoz ez du horretarako itxurarik. Eurostatek aurki baieztatuko du euroguneak atzeraldi txiki bat izan zuela urteko azken hiruhilekoan, eta 2024. urtearen hasieran ez da susperraldi handirik espero.
Horiek horrela, analista gehienen arabera, EBZk urteko bigarren hiruhilekora itxarongo du interes tasa ofizialak jaisten hasteko.
Baina diruaren prezioa apaltzeko asmo hori ikusten da jada bankuek eskaintzen dituzten interesetan. Euriborra %4tik %3,7ra jaitsi zen abenduan, eta %3,5era egin du behera urtarrilaren hasieran.