Beheranzko joera eten du inflazioak. Udan goia jo ondoren —%10,7ra iritsi zen uztailean—, 2022ko azken hilabeteetan nabarmen apaldu zen —%5,6, abenduan—, baina 2023ko lehen bi hilabeteetan berriro gorantz egin du Euskal Herri osoan.
INEk martxoaren 14an emango du Hego Euskal Herriko datua, baina Espainiarako gaur aurreratu duenak iradokitzen du behera ez, gora egin dutela prezioek otsailean. Espainian, bi hamarren igo da, %5,9tik %6,1era. Halaber hazi da azpiko inflazioa, energia eta elikagai freskoak aintzat hartzen ez dituena, %7,7raino, eta daturik handiena da euroa indarrean dagoenetik.
Espainiako estatistika erakundeak azaldu duenez, bi dira inflazioaren gorakada azaltzen duten arrazoi nagusiak: batetik, argindarra garestitu egin da otsailean, eta iazko otsailean merkatu egin zen; bestetik, elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak iazko otsailean baino gehiago garestitu dira.
Elikagaiak dira gaur egun produktu inflazionistenak: urtarrilean, esaterako, duela urtebete baino %15,4 garestiago zeuden.
Izan dira merkatu diren produktuak ere: horien artean, erregaiak.
Frantzian, %6,2ra
Ipar Euskal Herriko daturik ez du ematen Inseek, baina Frantziako datua erreferentzia gisa baliatuz gero, han ere emendatu da urte arteko inflazioa, %6tik %6,2ra. Azpiko inflazioa ere bi hamarren hazi da, %7,2ra.
Frantzian ere elikagaiak garestitu dira gehien azken urtean: %14,5, gaur jakinarazitako datu aurreratuaren arabera. Jauzi handia da urtarrilarekin alderatuta, orduan %13,3koa baitzen garestitzea, eta elikagai freskoen prezio igoerak eragin du hori.
Energia ere asko garestitu da azken urtean (+%14), baina atal horretan beheranzko joera bat ikusten da, urtarrilean %16,3koa baitzen garestitzea.
Maila apalagoan bada ere, garestitzen ari dira manufakturak (+%4,6) eta zerbitzuak ere (+%2,9).
Martxoaren 15ean emango ditu datu xeheagoak Inseek.