Prezioak hilabetez hilabete ari dira garestitzen 2021 amaieratik hona, elikagaienak bereziki. Otsailean, %15,8koa zen Hego Euskal Herrian elikagaien KPI kontsumorako prezioen indizea, inflazio orokorra baino ia hamar puntu gehiago. Egoera horretan, kontsumitzaileen ohiturak aldatu egin direla adierazi du Jose Ramon Fernandez de Barrenak, Uvesco (BM eta Super Amara supermerkatuen jabea) katearen zuzendari nagusiak. Hala ere, egoera horretan, 2022an %5,3 handitu ziren taldearen salmentak, eta 986 milioi euro fakturatu zituen. Irabazi marjinak %0,4 jaitsi direla gehitu dute.
Fernandez de Barrenaren arabera, iaz kontsumitzaileek supermerkatuekiko fideltasuna galdu zuten, eta erosketa dibertsifikatu zuten: «Prezioen igoera handi horren ondorioz, kontsumitzaileen portaera aldatzen ari da. Fideltasun txikiagoa dute, eta gehiagotan joaten dira supermerkatuetara, eta erosketa saskia gutxiago betetzen dute».
Ikusi gehiago:Europako PAI Partners inbertsio funtsak Uvesco taldearen kapitalaren gehiengoa eskuratu zuen 2021ean.
«Kontsumitzaileen erosketa saskia merkatzeko», 23 milioi euro inbertitu zituzten iaz deskontu kupoietan eta antzeko promozioetan, eta 2023an %20 gehiago inbertitzea aurreikusten dute. Frantziako supermerkatu kateek produktu apalagoen sorta bat eskainiko zutela iragarri zuten hilabete hasieran, eta, halako neurriak hartuko dituzten ala ez galdetzean, Fernandez de Barrenak adierazi du azken prezioak merkatzeko aldaketak «balore katearen puntu guztietan» egin behar direla, administrazioaren laguntzaz.
Nielsen aholkularitza taldeak egindako ikerketa baten arabera, Uvescok dendak dituen lurraldeetan (Hego Euskal Herria, Errioxa, eta Kantabria, Madril kontuan hartu gabe) %8,5 igo dira supermerkatuetako prezioak, baina Uvesco taldearen supermerkatuetan %7 igo dira prezioak.
Ia 6.000 langile
Enpleguari dagokionez, 2021ean eta gaur egun antzeko langile kopurua du taldeak; izan ere, 2021. urtearen balantzean 5.927 enplegatu zituztela adierazi zuten, eta 2022an «ia 6.000» langile izan direla adierazi dute.
Zazpi denda propio ireki zituzten iaz: Irunen bat (Gipuzkoa), Sopelan bat (Bizkaia), Kantabrian bat eta Madrilen lau, eta bost frankizia beren denda propioen sarera batu zituzten. Beste lau frankizia ireki zituzten. Aurten hedatzen jarraituko dutela iragarri dute, eta beste bederatzi denda propio irekitzea aurreikusten dute (Araban bat, Nafarroan bat, Gipuzkoan bi eta Madrilen lau).