Kontsumo produktuen prezioen igoera azkar moteltzen ari da Euskal Herrian, eta ezarritako helburuaren azpitik dago jada — %2tik behera —. Oraindik iraileko behin betiko daturik ez dagoen arren, ostiral honetan Espainiako eta Frantziako estatistika institutuek —INE eta INSEE— euren datuak jakinarazi dituzte, eta datu horiek ez dira Hego eta Ipar Euskal Herrikoen oso desberdinak izaten.
Espainian prezioak, oro har, iazko irailean baino %1,5 garestiago daude, eta zortzi hamarren apaldu dira, abuztuko %2,3tik — urriaren erdialdean emango du behin betiko datua INEk eta, horrekin batera, Hego Euskal Herrikoa (abuztuan, %2,5) —. Inflazioak laugarren hilabetez jarraian egin du behera Espainian, eta duela hiru urte eta erditik izandako mailarik apalenean kokatu da.
Jaitsiera bat aurreikusten zen irailerako, iaz hilabete berean igo egin baitzen, baina espero zen baino handiagoa izan da. INEren arabera, erregaien eta, neurri txikiagoan, elikagaien eta elektrizitatearen prezioen merkatzeak eragin du batez ere jaitsiera hori. Azpiko inflazioa ere —elikagai freskoak eta energia alde batera uzten duena— apaldu egin da, hiru hamarren, eta %2,4an kokatu da.
Frantziako joera antzekoa da. Inflazioa %1,2ra jaitsi da. Abuztuan baino sei hamarren gutxiago da hori, eta 1990ean hasten den serie historikoan hileko jaitsierarik handiena da, INSEEk nabarmendu duenez. 2021eko uztailetik izandako inflaziorik baxuena da, gainera.
Kasu honetan ere energia merkatzearen ondorio izan da. %3,3 merkatu dira —iazko irailean igo egin ziren—. Jakien prezioek gora jarraitzen dute, baina igoera hori nabarmen moteldu da azken bi hilabeteetan; %0,5 igo dira abuztuan eta irailean.
Frankfurtera begira
Espainiako eta Frantziako datuek joera bat erakusten dute: Europako Batasunean gero eta gertuago dago %2ko gogoko maila sendotzeko prozesua. Beste herrialde batzuei gehiago kostatzen ari zaie, baina bide horretan doaz.
Hori berretsiko balitz, ondorio bat izango luke: EBZ Europako Banku Zentralak beste urrats bat egingo luke interes tasak gehiago jaisteko uztailean abiatutako prozesuan. Puntu laurden apaldu du irail honetan bere erreferentziazko tasa —%3,75etik %3,50era—, eta urrian egingo du hurrengo bilera. Hala ere, oraindik goizegi izan daiteke horretarako. Azkenengo bileran, Christine Lagarde EBZko presidenteak iradoki zuen irailean %2tik behera kokatuko dela, baina jaitsiera koiunturala izango dela, eta urteko azken hiru hilabeteetan berriro pixka bat igotzea espero dutela.
%32
Hipotekak. EBZren zuhurtziaren aldean, merkatuak bestela jokatzen ari dira. Euriborrak, hipoteken interesak kalkulatzeko gehien erabiltzen den indizeak, beherakada handia izan du Europako Banku Zentralak interes tasak murrizteko bidea hasi zuenetik. Euriborrak %3,65eko tasarekin bukatu zuen ekaina, eta irailean batez beste %2,95ean dago. Horrek etxebizitzen salerosketa bultzatu du: aurtengo uztailean iazkoan baino 1.711 hipoteka gehiago sinatu dira Hego Euskal Herrian: %32,5eko igoera.