Inflazioak beherantz jarraitzen du, abuztuan %2,5era apalduta

Erregaiak merkeago daudenez eta jakien prezioak egonkorrago, urte arteko inflazioa lau hamarren jaitsi da Hego Euskal Herrian. Azpiko inflazioak, ordea, hamarren bat egin du gora, %2,9raino.

Erregaien prezioa apaldu egin da, %7 iazko abuztutik. ZIPI ARAGON / EFE
Erregaien prezioak apaldu egin da, %7 iazko abuztutik. ZIPI ARAGON / EFE
Irune Lasa.
2024ko irailaren 12a
11:05
Entzun

Abuztuak kontsumo prezioak gehiago epeltzeko balio izan du Hego Euskal Herrian, eta inflazioari lau hamarreneko koska kentzeko. Urte arteko tasa %2,9tik %2,5eraino apaldu da uztailetik abuztura, besteak beste erregaiak merkatu egin direlako aurreko urteko abuztuarekin alderatuta, eta elikagaien garestitzea leuntzen ari delako, batez ere olioena. Aldiz, azpiko inflazioak gora egin du, baina soilik hamarren bat, %2,8tik %2,9ra. 

KPI kontsumo prezioen indizea hirugarren hilabetez jarraian jaitsi da, eta gero eta gertuago dago %2 ideal horretatik. Atzean utzi ditu, beraz, energia shock-aren eta elikagaien gorakada itzelaren garairik okerrenak. 

Energian, batez ere, erregaien prezioek egin dute beherantz. Datu hori garrantzitsua da, normalean udako hilabeteetan gasolinak eta gasolioak garestitu egiten baitira turismoa eta bidaiak direla eta. Ez da horrelakorik izan oraingoan: hilabeteko tartean, uztailetik abuztura, %2,2 jaitsi dira erregaien prezioak, eta iazko urtearekin alderatuta, berriz, %7.

Funtsean, erregaietan igartzen hasia da nazioarteko merkatuetan petrolioa merkatzen ari dela. Brent upela 70 dolarren inguruan dago, aspaldiko merkeen. Gainera, ez dago joera aldatuko den zantzurik, LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak berak ere mugitu behar izan baitu, eta produkzio igoerak geroratu ditu, munduko petrolio eskaria uste baino txikiagoa izango dela aurreikusita. 

Olioaren eragina

Elikagaien garestitzeak ere moteltzen jarraitzen du, pixkanaka bada ere. Produktu horiei dagokien urte arteko tasa lau hamarren jaitsi da, %3,9tik %3,4ra. Oraindik ere erritmo bizia da, baina urrun dago 2022aren bukaerako eta 2023aren hasierako hazkunde tasetatik (%15).

Beherakadaren arrazoien artean, aipatzekoa da olioen prezioa. Olio eta koipeen salneurriak %0,5 beheratu dira uztailetik abuztura. Aurreko urteko abuztuarekin alderatuta, olioen garestitzea handia da oraindik ere, %23,4. Kontsolamendua izan daiteke gogoratzea martxoan olioak %56,4 garestiago salerosi zirela iazko hilabete berean baino. 

Fruta freskoen prezioa ere nabarmen apaldu da. Uztailetik abuztura %6,5 jaitsi da, eta beherantz jarraitzen du, martxoan %18,2ko tasara iritsi eta gero. Joerari eutsi eta aurrerantzean ere merkatuko al dira jakiak? Oraingoz antzematen da merkatua baretzen ari dela, baina ikusi beharko da eguraldia lagungarri den ala ez. 

Argindarra da garestitu diren gaietako bat. Horrek eragin du 2,1 puntu igotzea etxeetako energia gastuak, eta tasa %5,4raino altxatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.