Gutxika bada ere, inflazioa behera egiten ari da eurogunean, eta horrekin bidea errazten ari zaio Europako Banku Zentralari interes tasak jaisteko. Eurostatek jakinarazi duenez, abendutik urtarrilera hamarren bat jaitsi da inflazioa, %2,8raino, eta beste hainbat azpiko inflazioa, %3,3raino.
Atal gehienetan moteldu da prezioen garestitzea, baina batez ere industriaren produktuetan: %2,5etik %2ra. Elikagaietan, bi joera ikusten dira: janari prozesatuaren, tabakoaren eta alkoholaren inflazioa %5,9tik %5,3ra igaro da, baina janari ez-prozesatuarena %6,8tik %7ra igo da.
Energia 2023ko urtarrilean baino merkeago dago (-%,6,3), baina egia da merkatzea aurreko urteetakoa baino txikiagoa dela, besteak beste urtea hastearekin batera bertan behera geratu direlako energiaren gaineko zerga jaitsiera batzuk. Espainian, esaterako, argindarraren BEZa %5etik %10era igaro da, eta hori dela-eta gora egin du inflazioak.
Baina bada EBZ bereziki kezkatuko duen datu bat: zerbitzuen inflazioa egonkor dago %4ean. Christine Lagarde Banku Zentraleko presidenteak soldaten igoerarekin lotu zuen zerbitzuen inflazioa bere azken agerraldian, eta azaldu zuen interes tasak jaitsi aurretik ikusi nahi zutela urteko lehen hilabeteetan eguneratu behar diren lan hitzarmenetan zer gertatzen zen.
Soldatei buruzko datu ugari apirilaren amaieran heltzekoak direnez, ekaineko bilera arte mugimendurik ez zela izango iradoki izan dute Lagardek eta EBZko beste zenbait buruk, baina, azken bileraren ondoren, Lagardek aitortu zuen inflazioa uste baino gehiago jaisten ari dela. Komentario horren ondorioz, finantza merkatuek ulertu zuen apirilean bertan lehen jaitsiera izan zitekeela. Horren ondorioetako bat izan da Euriborrak berriro beheranzko bidea hartu duela: gaur %3,505ean geratu da, iazko otsailetik izandako tasarik txikienean.
Langabezia, behera
Euroguneko ekonomia ez aurrera ez atzera egon arren, lan merkatuak ez du hazkunde ekonomikorik behar izan bere zenbakiak hobetzeko. Eustatek 2023ko abenduko datuak eman ditu gaur, eta horietan ikusten da euroguneko langabezia tasa %6,4an dagoela oraindik, inoizko tasarik apalenean. Haren arabera, 10.909.000 lagun daude lanik gabe euroa erabiltzen duten hogei estatuetan, azaroan baino 15.000 gutxiago, eta 2022ko abenduan baino 369.000 gutxiago.
Espainiak du, alde handiz gainera, langabezia tasarik handiena, %11,7koa. Garai batean Greziak kendu zion ohore hori, baina herrialde hartan hiru puntu egin du behera azken urtean, eta orain %9,2 daude lanik gabe.
Frantzian, biztanle aktiboen %7,3 daude lanik gabe, eta Italian, berriz, %7,2. Alemanian, ekonomia uzkurtu den arren, ia ez da aldaketarik izan langabezia tasan: %3tik %3,1era handitu da azken urtean.