Inflazioak behera egin du abuztuan ere

Erregaiak eta elikagaiak merkatu egin dira, eta, horri esker, Espainian %2,2ra apaldu da prezioen igoera.

Gasolindegi bat, Donostian, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Gasolindegi bat, Donostian, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iker Aranburu.
2024ko abuztuaren 29a
10:40
Entzun

Udan inflazioak urrats handiak egin ditu %2ko helburu ofizialera gerturatzeko. Uztailean, sei hamarren jaitsi zen Hego Euskal Herrian, %3,5etik %2,9ra, eta abuztuan beste koska bat egin du behera. Ehuneko zehatza irailaren 12an plazaratuko da, baina Espainiakoaren oso antzekoa da, eta hura %2,2ra jaitsi dela kaleratu du gaur INEk.

Espainiako estatistika erakundearen arabera, sei hamarren egin du behera uztailetik abuztura, eta 2023ko ekainaz geroztik izandako maila apalenean dago. Erregaiak izan dira jaitsiera horren bultzatzaile nagusiak, iazko abuztuan garestitu egin baitziren, eta aurten, aldiz, merkatu.

Inflazioa jaitsarazi duen bigarren faktorea elikagaiak izan dira. Datu zehatzik ez du eman INEk, baina azaldu du aurten iaz baino gehiago merkatu direla.

Elikagai freskoak eta erregaiak dira, hain zuzen ere, erosketa saskiko produktu gorabeheratsuenak, eta horiek kontuan hartu gabeko indizeari ere asko erreparatzen diote ekonomistek, azpiko inflazioa izenekoari, horrek erakusten baitu nolako bilakaera duten prezioek ekonomiaren atal guztietan. Azpiko inflazioa ere jaitsi da Espainian, baina motelago: hamarren bat, %2,7raino.

Eurostatek bihar kaleratuko ditu lehen datuak euroguneko abuztuko inflazioari buruz. Uztailean %2,6 izan zen, baina, jaitsiko balitz, argudio gehiago emango lizkieke interes tasak orain jaitsi nahi dituztenei. Europako Banku Zentraleko buruzagitza irailaren 12an bilduko da, eta espero da beste puntu laurden jaistea interes tasak, %4raino. Espektatiba horrek %3,17ra jaitsarazi du Euriborra azken hilean, eta, hala, hurrengo hilabeteetan eguneratu behar diren hipoteken kuotak nabarmen merkatu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.